50 bat herritan antolatuko dituzte asteburuan ‘Hemen erabaki, herritarrok erabaki’ mobilizazioak

Bihar goizean izango dira Lezo eta Bilbokoak eta igandean gainerakoak · Nafarroako hainbat herritan hilaren 21ean antolatuko dute ekimena · Josu Etxaburu bozeramailea Bilboko ekimenean izango da bihar

Gure Esku burujabetza eta erabakitzeko eskubidea sustatuko dituen elkarlanerako espazio berri bat artikulatzen aritu da azken urtean zehar gizarteko alor askotako eragileekin, eta harreman horiei esker, Hamaika Gara ekimena abiatu zuen martxoaren 11n. Erreferendumaren aldeko sinadura bilketa bat ardatz hartuta, epe luzeko ibilbide bati ekin zioten hamaika eragilek [zerrenda osoa]. Bistan denez, egitasmoa aurkeztu eta egun gutxira, osasun krisiak den-dena baldintzatu zuen, eta jakina, ekimena ere bai: sinadura bilketa aldi batez sustatzeari utzi, eta aurreikusitako kale mobilizazioak udazkenera atzeratzea erabaki zuten sustatzaileek.

Fase berri honetan, herritarrok eta gure aldarrikapenek plaza publikoa berreskuratzeko garaia dela uste du dinamikak: “premiazkoa da bizi dugun eta datorren krisiari Euskal Herritik eta guztion artean erantzun behar diogula adieraztea, eta tokiko erabaki burujabeak aldarrikatzea”. Horregatik, Hamaika Gara ekimenean bat egindako eragileek herri erantzun bat emateko deia egin dute iganderako, ‘Hemen erabaki, herritarrok erabaki’ lelopean.

Ekimen bateratu honen bidez, herri eta hirietako “plazak berreskuratu eta aldarriz bete” asmo dituzte asteburuan. Orotara, 50 bat herritan antolatuko dituzte aldarrien mosaikoak, oro har, igandean goizeko 11:00etatik eguerdiko 14:00etara bitartean —Bilboren kasuan, bihar izango da, 12:00etan Eliptika plazan; eta, Lezoren kasuan ere, bihar, 11:00etatik 12:00etara—. Era berean, Nafarroako hainbat herritan hilaren 21ean antolatuko dute ekimena.

Asteburuko deialdiei begira, parte hartzeko hiru urratsak azaldu dituzte antolatzaileek:  bakoitzak bere aldarria kartoi zati batean idatzi, sareetan zabaldu eta etxetik plazara eramatea, lurrean utziz. Egoerara egokitutako formatu honekin eta hartuko diren beharrezko neurri guztiekin, parte-hartzaile guztien osasuna eta segurtasuna zorroztasunez bermatuko direla ziurtatu dute.

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu, erabiltzaileei ahalik eta zerbitzurik onena eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie-ak onartzeko baimena emango duzu eta cookie-en politika onartuko duzu. Sakatu esteka, informazio gehiagorako ACEPTAR
Aviso de cookies