Gure autogobernuaren gertuko abaguneaz mintzatzeko, atzera jo beharra dago, ikuspegi historikoa aintzat hartzea ezinbestekoa da. Izan ere, gure buruaren jabe izatea ez da azken orduko ameskeria –ensoñación, batzuen hitzetan–, eta mendeetan zehar, indar erlatibo desberdinarekin, bizirik mantendu da gure herrian burujabetzaren, subiranotasunaren errebindikazioa.
Nortasun politiko berezitua duen herria gara, nazioa gara, eta errealitate sozial, kultural eta politiko hori ez dago aitortza juridikoaren baitan edo menpe. Aitortza juridikorik eza, edo aitortza partzialak –orain hala moduz bizi dugunak–, ez du ezbaian jartzen gure nazio izaera. Alabaina, izaera politiko ukaezinetik, erabateko aitortza juridikora jauzia dago, eta jauzi hori da une honetan jokoan dagoena, gure herriak XXI mende nahasi honetan eta harago iraungo badu.
Modernitatean, eta hego EHri dagokionean, 1839n ezarri zitzaigun –ez dezagun ahaztu galdutako gerra baten ostean–, formula juridiko ezaguna… “se confirman los fueros de las Provincias Vascongadas y Navarra sin perjuicio de la unidad constitucional de la monarquía”… Eta formula horren bueltan ibili gara azken 200 urteotan, gure autogobernu historikoa berretsi nahian, konfirmatu nahian, eta are zabaltzeko ahaleginetan, jatorrizko burujabetza eskuratze aldera… Estatuaren batasuneranzko joera etengabeari aurre eginez. Oso tarte laburretan eten da joera zentralizatzaile porrokatu hori, hain zuzen ere: I errepublika federalean, II errepublika integralean eta orain bizi dugu 78ko erregimenean.
Historian zehar, eragile politiko, sigla, buruzagi desberdinen eskutik, menpeko erakunde ahuletatik bide arautuak jarraituz, edo erakundeetatik kanpo, bide oldartsuei ekinez, finean, eskaera berbera izan da beti: naziotasunaren aitortza, euskal lurraldeen arteko harremanak guk geuk erabakitzeko aukera, buruz-buruko harremana estatuarekin eta inoiz bestelako estatus politiko batera –independentziara, esaterako–, jauzia egin nahiko bagenu, gure borondatea aitortua izan dadila. Eskaera berdina beti, emaitza erdipurdikoa maiz. Herri bat, nazio bat, dago hemen eta aldarrikapenak bizirik dirau, herri-eskubide osoak, erabatekoak oraindik eskuratu ez ditugun arren.
Historia gorabeheratsu honetan, aldiro-aldiro eragile kontrajarrien arteko indar-korrelazioak agindu du gure estatus politikoaren maila. Horrela izan zen frankismoaren amaieran, 78 Konstituzioa, 79ko estatutua edo 82 hobekuntza legea onartu zirenean. Ezin dugu ahaztu abagune historiko hartan euskal herriko gizarte mobilizatuaren, protestaren emaitza izan zela lortutakoa. Baina bizitzan bezala, politikan, egoerak ez dira inoiz egonkorrak, indar-korrelazioak ere aldakorrak direlako.
78ko errejimenak ezarritako marko juridiko-politikoaren ibilbidean hiru aldi historiko bereizi daitezke, hurrenez-hurren:
Nazio-aniztasunean oinarrituko harreman asimetrikoak, buruz-burukoak, aldebikoak burutzeko aukera teoriko mugatua eskaintzen zuen Konstituzioak, 2. artikuluan nazionalitateak eta erregioak bereizten zituen aldetik. Nazio historikoen errebindikazioari erantzun bat emateko ezarri zen eredu autonomikoa, erregioetan ez zegoen artean autogobernurako grina berezirik. Ondorioz, “xedapen-printzipioaren” edo “printzipio dispositiboaren” arabera Konstituzioak ez zuen ixten eredu autonomikoaren etorkizuneko garabidea eta autogobernuaren zabalkuntza teorikorako aukerak aurreikusiak zeuden: lehen xedapen gehigarrian jasotako eskubide historikoen eta Estatuaren eskumenen eskualdatzearen bidetik, esaterako. 1979-1982 tartean zedarritu ziren autonomia-estatutu esanguratsuenak –gure kasuan, hegoaldeko biak–, eta sasoi hartan estatutuen izaera itunduari eman zitzaion garrantzia. Era berean, Estatutuak “Konstituzionaltasunaren blokean” kokatu ziren eta, ondorioz, ez ziren lege organiko hutsak, nolabaiteko itunak ziren neurrian. Botere konstituziogilea eta estatutugileak bloke horren parte ziren eta ondorioz eskumenak banatzeko irizpideak ezin ziren konstituzioaren argira bakarrik erabaki, estatutuak ere aintzat hartu behar ziren banaketaren ulerkeran.
Ibarretxe Lehendakariaren ekimenez, 79ko estatutuaren erreforma gisa, Estatus berri bat proposatu zuen Eusko legebiltzarrak 2004ko abenduan, gehiengo osoz, eta estatutuaren 46. artikuluan aurreikusita dagoen bezala, Espainiako Gorteetan aurkeztu zen, Lehendakariaren ahotik. Otsailaren lehenean, Diputatuen Kongresuak atzera bota zuen. Ibarretxe lehendakariaren proposamenari emandako erantzun politikoak –rechazo de plano, esango genuke gazteleraz–, modu zuzen eta argian, erakutsi zuen estatutuen izaera itundua, praktikan hutsala zena, jada erabat erauzia zela. Legebiltzar autonomiko batek gehiengo osoz onartutako proposamena, eztabaidarik gabe errefusatu izanak, benetako mutazio konstituzionala suposatu zuen, oraingoz, mutazio politikoa. Urrats larria, kualitatiboa. Negoziaziorako mahaia zabaldu behar zen unean, egun berean itzuli baitzen Lehendakaria etxera.
Epai honek, zalantzarik gabe, sistema autonomiko osoari eragiten dio, eta sistema horren funtsezko elementuetako bat hankaz gora geratzen da. Xedapen-printzipioa Estatu zentralaren “esku” geratzen da. Konstituzio Auzitegiaren 31/2010 epaiaz geroztik, lurralde-antolamenduaren sistema funtsean aldatu da, eta 1978koa ez den beste zerbait bihurtu da, gutxienez orain arte ulertu eta garatu den bezala. Gauzak horrela, Auzitegi Konstituzionalak ez du bere interpretatzeko boterea mugatzen ez Estatutuaren itunak, ezta herritarren berrespenak ere. Enoch Alberti katedradunak, dioen moduan, Auzitegi Konstituzionalak, ordutik aurrera, ez du estatutua aintzat hartu behar eskumenen arteko mugak zehazteko, hitz jokoa eginez, estatutuek galdu egin dute haien estatusa, geratzen zitzaien estatus apurra. Lehendik ere ahula zena.