Eskumenen higadura lagundu duten faktoreak eta estatus berria lantzerakoan zuzendu beharko liratakeenak:
- Eskumen banaketan argitasunik eza: Espainiako Konstituzioa onartu zenean, lurralde boterea banatzeko sistema irekia ezarri zen, erabat itxi gabea. Orduko akordioa ahalbideratzeko estrategia juridikoa izan zen hori, baina horrek ekarri du eskumen banaketaren arauak behar bezain argiak eta zehatzak ez izatea.
Anbiguotasun horrek interpretazio gatazka ugari sortu du. Konstituzio arloko adituek diote munduan Espainia dela gatazka konstituzional maila altuenetako bat duen estatua. Horrek erakusten du zer nolako barruko tentsioak dauden estatu ereduaren inguruan, oraindik behar bezala bideratu gabeak.
Gatazka horiek ebaztea Konstituzio Auzitegiari dagokio, azkenekoz. Bada, bere doktrinan garai ezberdinak egon diren arren, Konstituzio Auzitegiaren 31/2010 Epaian (Kataluniako 2006ko Estatutuari buruzkoa), Estatu zentralaren eta tesi zentralisten aldekoak nagusitu ziren. Ordutik, berme sistema estatuaren aldekoa da argi eta garbi. Are gehiago esan dezakegu, aldebakarrekoa dela, aldebikotasun eta oreka demokratiko berme nahikorik izan gabe. Batzuek diote, epai horretan mutazio konstituzionala egin zela eredu zentralistaren alde, zegokion erreformarik gabe egina, beraz, eredu horren zilegitasun demokratikoa ahula da.
Interpretazio zentralistago horretan, argi eta garbi adierazten da Estatuak edozein eremutan esku hartzeko aukera duela, konstituzionaltasun blokearen jatorrizko eskumen banaketa edozein dela ere.
Horrez gain, Epaiaz geroztik, Autonomia Estatutuaren balioa debaluatu egin da, hau da, 2010 arte autonomia estatutua konstituzionaltasun blokearen parte zen, eta eskumen gatazka ebazteko ez zen bakarrik Konstituzioaren VIII. Tituluari begiratu behar, baizik eta autonomia estatutuen bidez bereganatutako eskumenek balio lezakete estatuaren erabakitzeko ahalmena mugatzeko. Gaur egun, ordea, Konstituzioak du lehentasun osoa eta autonomia estatutua bigarren mailako lege bihurtu da.
Eta gainera, 31/2010 epaiaz geroztik desagertu egin da autonomia erkidegoen eskumen esklusiboen kategoria, eskumen partekatu edo betearazle bihurtu baitira gaur egun. Esklusiboak Estatuarenak dira.
Gatazkak bitariko harremanen bidez bideratzeko saiakera egin da urte hauetan guztietan, Itun ekonomikoan dagoen bezalaxe, eta horretarako erabili izan dira Konstituzio Auzitegiaren Lege Organikoaren 33.2 artikuluaren bidea (errekurtsoa eteteko bitariko batzordea) eta Nafarroako 2010eko LORAFNA erreforma Lankidetza Batzordea sortzen duena, baina interesgarria litzateke aztertzea bitariko batzorde horretan lortu dien erabakiek noraino lortu duten bermatzea autonomia erkidegoen erabakitzeko ahalmena, izan ere, askotan Konstituzio Auzitegiaren doktrina zentralistaren menpe hartutako erabakiak izaten dira, errekurtsoa saihesteko asmoz.