Ireland´s Future herritar eztabaida abian da

Urriaren 1ean Dublin hiriko 3Arena aretoan uharteko lau probintzietatik etorritako  bost milatik gora irlandar bildu ziren Ireland´s Future herri ekimenari erantzunez.  “Together we can” deialdiak Irlanda Batuaren inguruko herri elkarrizketari bultzada nabarmena ematea zuen helburu, bai eta lortu ere.

Ireland ‘s Future Irlandaren etorkizunari buruzko eztabaida defendatu eta sustatzeko sortu zen, uhartean akordio konstituzional berriak egiteko aukerak eta hauen bideragarritasuna barne.

Ostiral Santuko Akordioaren balioetan oinarritzen da  Ireland´s Future, eta giza eskubideak, berdintasuna eta elkarrenganako errespetua sustatzen ditu irlandar uhartea partekatzen duten iritzi eta tradizio guztien artean.

Brexit-ak erabat aldatu du uharte horretako dinamika sozial eta politikoa. Irlandako uhartean konstituzio-akordio berri baten ikuspegia gero eta handiagoa da.

Ireland´s Futuren ustez, konstituzio-akordio berriek brexit-aren inpaktu negatiboenak arintzeko ahalmena dute, eta aipatutako giza eskubideen, berdintasunaren eta elkarrekiko errespetuaren sustapenari eta babesari ekiteko ahalmena dute gainera.

Ez da alderdi politiko bat eta ez daude inongo alderdi politikotan afiliatuta.  Ireland´s Future irlandaren etorkizunari buruzko eztabaida sustatzeko interesa duten uste politiko guztietako pertsonen parte-hartzera irekia dago.

Erakunde honen iritzian, akordio konstituzional berrietarako edozein urrats egiteko, hausnarketa, gogoeta eta plangintza sakona egin behar da. Beraien ustez, aldaketa posible horietarako beharrezko plangintzak zabala, inklusiboa, eta zehatza izan behar du. Konstituzioaren aldaketa Irlanda uharteko herritarren adostasunean oinarritu behar da, Ostiral Santuko Akordioan jasotzen den bezala.

Ireland´s Future-ek irlandar uhartearen berbatzea du azken helburu gisa, eta horretarako herritar eztabaida sustatu nahi du , Ostiral Santuko Akordioaren printzipioetan oinarrituta. Argi dute horretarako gizarteko sektore guztiak bilduko dituen eztabaida inklusiboa behar dela hortik etorkizuneko ezein akordio konstituzional lortu asmoz. Ezein akordiok eskubideetan oinarritua behar luke eta uharte tradizio eta identitate guztien askatasun zibil eta erlijiosoak bermatu beharko lituzke, errespetu eta berdintasunean oinarrituta.

Helburu zehatzei dagokionez Ireland´s Futurek honakoak ditu:

-Irlandar gobernuarekin harremandu eta horren bidez Irlanda osoko Herritar Batzarra osatu, aldaketa konstituzionalen inguruan eztabaidatuko duen foro artikulatu gisa.

– Gizarteko sektore eta iritzi politiko guztiekin elkarrizketetan sartu.

-Ezein aldaketa konstituzionalak azkenenean uharteko bi zatietan erreferendum bat beharko duenaren ideia sustatu.

-irlandar batasunaren eztabaidarako garrantzitsuak diren gaien inguruan eztabaida sustatu, ahal nola eredu ekonomikoa, giza eskubideak, eskubide politiko eta kulturalak etab.

-Horri begira, beharrezko eztabaida, foro, kanpina eta elkarrizketak sustatu bai eta nazioarteko esperientzia ekarri.

Esan bezala ireland´s Future tradizio politiko eta  erlijioso desberdinetako kidek osatzen dute, eta Ipar zein Hego Irlandatik datoz.

Elkarrizketan parte diren Ipar Irlandako protestante komunitateko ordezkari batzuk izan ziren, bai eta orain arte unionistak izan diren lagun batzuk ere.

Azken bi urteetan abiatutako ekimen desberdinen bidez gero eta sustengu gehiago joan dira osatzen eztabaida nazional honen inguruan eta Urriaren 1ean 3Arena aretoan bost mila herritarren aurrean, Hego Irlandako alderdi guztiak bildu izanak, gehi Ipar Irlandako SF et SDLP, prozesua hartzen ari den indarraren adierazle dira. Bertan izan zen ere Irlandar Errepublikako Lehen Ministroa hitza hartzen bai eta gizarte mugimendu eta sindikatuetako ordezkariak, hala nola diasporako ordezkariak.

Horretaz gain elkarrizketan parte diren Ipar Irlandako protestante komunitateko ordezkari batzuk izan ziren, bai eta orain arte unionistak izan diren lagun batzuk ere. Ordezkaritza diplomatikoa ere nabarmena izan zen, Irlandaren batasunaren eztabaida lortzen ari den nazioarteko interes eta oihartzunaren adierazpen gisa.

Lehen pausuak beraz emanak dira. Irlandako Senatuak ere batzorde bat sortu berria du eta hurrengo hilabeteetan, Irlandaren batasunaz gogoetatzeko Herritar Batzarra sortzeko eskaerak gero eta indar gehiago hartuko du. Irlandan badute herritar batzarren inguruko esperientzia, abortuaren eta kimaren inguruan izan badituzte, eta eskaera ez da beraz arrotz irlandar politikan.

Egia da Brexitaren ondorioek, eraldaketa demografikoek eta Hego Irlandako krisi ekonomikoak, besteak beste, eragina izan dutela ematen ari den batasunaren inguruko eztabaida honek lortu duen garrantzian, baina era berean lana eta antolaketaren garrantziaz jabearazten gaitu ere berriro ere, Ireland´s Futuren lana ez baitzen atzo hasi, badira jada bi urte martxan jarri zela.

Irlanda banatu eta 100 urtera, herritarrek uhartea berriz batzearen inguruko eztabaida abian jarri dute, modu inklusibo eta errespetuzkoan egin ere. Britainiar Inperioak egindako okerrak zuzentzeko gai izango ote dira? Haiena da hitza.

Irudiak: Ireland’s Future, Urko Aiartza

TM eLab Olaso Dorrea Fundazioaren ekimen bat da, zeinak bere ondarea euskal herrigintzaren mesedetan jartzen duen, euskal soberanismoari bultzada berri bat eman asmoz.

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu, erabiltzaileei ahalik eta zerbitzurik onena eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie-ak onartzeko baimena emango duzu eta cookie-en politika onartuko duzu. Sakatu esteka, informazio gehiagorako ACEPTAR
Aviso de cookies