Jarrera erreakzionarioak: errealitatea eta alternatibak

Maider Galardi EHUko irakaslea, Jon Olano Berriako kazetaria eta Iñaki Soto Garako zuzendaria jarrera erreakzionariorei buruz solastatu ziren Naziometroaren neurketen harira.

Arkaitz Fullaondo soziologoak eztabaida abiarazi zuen Naziometroan neurtzen diren pertzepzioak aipatzen; batez ere, feminismoaren eta inmigrazioaren inguruan.

Jon Olanok Euskal Herriko hauteskundeetan eskuin muturrak izandako ordezkaritza aipatu zuen: parlamentari bana EAE zein Nafarroako parlamentuetan eta, gogorarazi zuenez, “orain urte eta erdiko hauteskundeetan, bigarren indarra izan zen eskuin muturra Ipar Euskal Herrian”. Halaber, sare sozialetan igarri den zarata zerbaiten seinale argia dela iritzi zion.

Maider Galardi Naziometraren datuak aipatuz hasi zen: “Ez da kasualitatea, esanguratsua da, jarrera erreakzionarioak feminismoaren eta migrazioaren gaietan agertzea”. Haren ustez, ez da pertzepzio kontua bakarrik: “Instituzioetatik ere mezu hori zabaltzen da; adibidez, Barne sailburuak, aurrerantzean, delitugileen jatorria publiko egingo duela iragarri berri duenean”.

“Ez da kasualitatea, esanguratsua da, jarrera erreakzionarioak feminismoaren eta migrazioaren gaietan agertzea”.

Maider Galardi (EHUko irakaslea)

Pertzepzioekin ez, baizik eta datuekin arazo bat dagoela esaten hasi zuen Iñaki Sotok bere txanda. “Arazo handiak dauzkagu berri onak emateko eta arazo handiak dauzkagu fatalismoan ez erortzeko”, esan zuen. Aitortu zuen, era berean, ezintasunetik hitz egiten zuela, argi jakin gabe zer egin. “Pertzepzio horiek aldatzea oso zaila da, erresistentzia bat jarri beharko luketenek ere ez badiete erresistentziarik jartzen pertzepzio horiei”, jarraitu zuen. Pertzepzioa aldatzeko etengabe egin beharreko ariketa dela argudiatu zuen: markoa aldatu behar dela, konfrontazioa bilatu behar dela, baina horretarako jendeari hitz egin behar zaiola.

Eztabaida publikoak eta politika publikoak zeintzuk izan behar diren erabaki behar dela azaldu zuen eta hor ere eragin, karga guztia aktore sozialen bizkarrean utzi gabe. Ernairen lana goratu zuen, zehazki, egin beharrekoaren eredutzat baitu.

Arkaitz Fullaondo eztabaidaren dinamizatzailearen galderari erantzuten, Jon Olanok jarrera erreakzionarioen kausei behako bat eman zien. Natibismoa, ideologia gisa, jo zuen arrazoietako bat antifeminismoaren eta immigrazioaren aurkako jarreren pizkundean; MAGA bezalako mugimenduetan, eta hori adierazten dela Naziometraren neurketan.  Naziometroak emandako datuak ekarri zituen gogora: emakumezkoen %25ei iruditzen zaie immigrazioa urrutiegi joan dela eta gizonezkoen artean, %50 dira iritzi berekoak; feminismoa urrutiegi joan dela irizten dioten emakumeak %19 dira; aldiz, gizonezkoetan, %32k dute iritzi hori. Genero arrakala ikusita, “gizon txuri, zis eta heteroaren krisia dago horren atzean”, esan zuen. Kezka hor kokatu behar dugu, bere ustez, eta ez sektore politiko espainolistan.

Maider Galardiren ustez, kontuz ibili behar dugu ondorioztatzearekin mugimendu feministak mantsoago joan beharko lukeela ez eragiteko ustezko erreakzio hori gazteen artean. Aldiz, ikusten du erreakzioaren kausa gizon zuri, zis eta klase ertainekoaren krisian dagoela, zeinak lotura estua baitu familia eredu jakin batekin, “non zuritasuna eta heteroaraua batzen diren”, bere ustez. “Hor sortzen dira erreakzioak, bai eskuin muturrean eragiten dutenak bai ezker erreakzionario baten ernamuina izan daitekena”, adierazi zuen.

Iñaki Sotok arazo bat ikusten du polarizazioa “funtzionala bihurtzen denean”. “Ez dakit polarizatuta gauden, baina funtzionalak dira batzuk besteentzat”. Eta adibideak jarri zituen: Bingen Zupiriak GKS EH Bildurekin batzen duenean, eta GKSk EH Bildu Bingen Zupiriarekin parekatzen duenean edota “beste sektore batek uste duenean Bingen Zupiria Atutxa dela”.

Sotoren ustez, “ensimismatuta gaude” eta horri begiratu behar zaiola aldeztu zuen eztabaida publikoak piztu nahi izanez gero. “Ez gara asmatzen ari”, eta gehitu zuenez, “estrategiak behar ditugu”.

Komunikabide eta sare sozialen eraginaz galdetu zien dinamizatzaileak. Jon Olanoren iritziz, sare sozialen eragina nabarmena da, “baina baita hedabide tradizionalena ere”. Indarra baitute gaiak, markoa eta agenda ezartzeko. “Pisu ezinbestekoa dute eta ardura ere bai”, erantsi zion.

Maider Galardiren aburuz, “ez dugu arreta sare sozialetan eta gazteengan bakarrik jarri behar”. Bestelako narratiba batzuk zabaldu behar direla aldeztu zuen eta ez dela ibili behar besteenari etengabe kontra egiten, azken buruan, beste horien errelatoari bizitza ematen.

Iñaki Sotok, aldiz, argi adierazi zuen komunikabide tradizionalak eragina galtzen ari direla. “Telebista hil-da-da-go”, esan eta honako hau gehitu zuen: “Audientzien holokaustoa dago”. Arazoa sare sozialekin daukagula adierazi zuen, eta “ez dugu alternatibarik, ez mekanismorik: ez dugu planteamendurik”, erantsi zuen.

Jon Olanok, Euskal Herrian jarrera erreakzionarioentzako lekurik ote dagoen galderari erantzunez, baietz esan zuen: “Euskal Herria ez da salbuespena, ez dago txertorik”. Han-hemen sumatu dituen keinu arrazista batzuen adibidea ipini zuen. Elkarren aitortza behar dugula esan zuen, elkarrekin antolatu eta jendeari heldulekuak eman: ideologikoak eta bestelakoak, emozioak barne.

Maider Galardik erreakzionarismoaren ezaugarriak zein diren zehaztu behar direla aldeztu zuen, ondoren identifikatu ahal izateko, eta Euskal Herriaren testuinguruan zein ezaugarri izango lituzkeen; “horrela gai izango ginateke euskal abertzaletasun erreakzionarioa identifikatzeko”, borobildu zuen. Iruditzen baitzaio abertzale erreakzionarioak daudela. Hala ere, baikortasunari eutsi nahi izan zion: “Euskal Herrian herri mugimenduak potentzialitate handia dauka diskurtso horri galga jartzeko eta olatu erreakzionariari aurre egiteko”. Euskal Herriko “genealogia” antifaxista aipatu zuen eta aitortza bat egin zion orain arte egindakoari; euskararen aldeko lana aipatu zuen, adibidez. Halaber, erreakzionarismoari galga jartzeko, politika instituzionalean kontsentsuak lantzea proposatu zuen, orain arte baino sendotasun handiagoaz.

Iñaki Sotok ere baikortasunari eutsi nahi izan zion: “Alternatibak sortzeko herritartasunaren eskema baten arabera asmatu ahal izango dugu”. Estrategia bat behar dugula amaitu zuen: “Asmatu behar dugu nola”. Alternantziarako aliantzak osatzea zaila dagoen arren.

Eztabaida adostasunean amaitu zen: kezka konpartituak badira, eta esperantzari leihoak zabaltzeko borondatea ere bai.

Irudiak: infoactuaidadccinf.ucm.es (Pedro Pascual), Gemini AI

TM eLab Olaso Dorrea Fundazioaren ekimen bat da, zeinak bere ondarea euskal herrigintzaren mesedetan jartzen duen, euskal soberanismoari bultzada berri bat eman asmoz.
Gure Esku
Pribatutasunaren ikuspegi orokorra

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu ahalik eta erabiltzaile-esperientziarik onena eskaintzeko. Cookieen informazioa zure nabigatzailean gordetzen da, eta hainbat funtzio betetzen ditu: gure webgunera itzultzen zarenean zu ezagutzea eta gure taldeari web orriaren zein atal iruditzen zaizkizun interesgarrienak eta erabilgarrienak ulertzen laguntzea.