Urriaren 27an, Bilbon, EHUren Bizkaia Aretoan, Telesforo Monzon Herrigintza Laborategiak “Naziometroak 5 urte” dituela ospatzeko antolatu zuen jardunaldian, Lurralde Kohesioaz solastatu ziren zenbait aditu.
Urriaren 27an, Bilbon, EHUren Bizkaia Aretoan, Telesforo Monzon Herrigintza Laborategiak “Naziometroak 5 urte” dituela ospatzeko antolatu zuen jardunaldian, Lurralde Kohesioaz solastatu ziren zenbait aditu.
Asier Blas EHUko irakasleak jarri zuen puntua esanez garai batean mugaz gaindiko harreman zuzen eta fisikoetan oinarritzen zela kohesioa, eta gaur egun, eta etorkizunean, zibermunduan harremanak lantzean ikusten zuela erronka. Ziberkohesioa, hain zuzen, lantzeko beharra.“Hizkuntza, horretan, zentrala da”, adierazi zuen.
Isabel Elizaldek, Peio Martikorena Fundazioko kideak, oztopoak identifikatzeko premia aipatu zuen. Euskal Herriaren pluraltasuna azpimarratu zuen eta azterketak eta datu bilketak Euskal Herria homogeneoa balitz bezala egiten direla seinalatu zuen. “Errealitate bakoitzera jaitsi behar gara, ahalegindu eta kohesioa landu”, esan zuen.
Beatriz Akizuk, Eusko Ikaskuntzakoak, dimentsio ezberdinak lantzeko beharra aitatu zuen: “Funtzionaltasuna eta pragmatismoa, errealitateetatik abiatuz, ez abstrakzioetatik, tresnak sortuz erronkei aurre egin ahal izateko eta proiektu eta identitate komun bat sortuz kohesioa sortzeko”. Eta gehitu zuen: “Gizarte zibiletik ezagutzak ondo jaso behar dira, ondo partekatu, ezagutza partekatu bat izateko eta mugimendu komunak sortzeko”.
“Ipar Euskal Herrian, zentralismoa, politiko eta instituzionala ez ezik, kulturala ere bada (…). Euskal esparruak hurbiltasuna eskaintzen du (…). Lortzen dugularik zentralitate hori kolokan jartzea jendea gure ikuskerara hurbiltzen da”.
Ximun Carrere (Garapen Kontseilua)
Ximun Carrereren ustez, Naziometroaren ezaugarririk onena erregulartasuna da, “ezin baitugu abiatu une zehatz bateko inkesta bakarrarekin”. Garapen Kontseiluko kidearen esanetan, Ipar Euskal Herrian zentralismoa, politikoa eta instituzionala ez ezik, kulturala ere bada, baina “zentrotik” oso urruti dagoenez, euskal esparruak hurbiltasuna eskaintzen du. “Gose hori bada”, esan zuen; “lortzen dugularik zentralitate hori kolokan jartzea jendea gure ikuskerara hurbiltzen da”.

Kohesioa lantzeko hiru maila deskribatu zituen. Lehenik, hartu-eman instituzionalak lantzea, Iparraldean “gakoa fiskalitatea da”, azpimarratu zuen. Gero, eragileen arteko hartu-emanen bidez sareak sortzen joatea. Adibide moduan jarri zuen enpresa batek Hego Euskal Herrira etorri nahi duenean proiektu bat aurkezteko eta subentzioak eta laguntzak lortzeko. “Hor hartu-eman anitz sortu eta lantzen dira”, erantsi zuen, “eta Hego Euskal Herriari begiratzen paratzen dira”. Azkenik, hartu-eman naturalak: ezkontzak, sendiak, jaiak, aisialdia, kirolak, edota kultura, besteak beste. “Hortik ere batzuek kontzientzia hartzen dute”, esan zuen, “euskal sentimendua elikatzen baitute”.
Julen Zabalok, dinamizatzaile lanetan, lurralde kohesioaren bidean nondik joan gaitezkeen galdetu zien hizlariei: gakoak eta erronkak. Asier Blasek zibermundua izan zuen hizpide beste behin; euskara giltzarritzat jo zuen; halaber, hezkuntza, eta, hari horretatik, Erasmusen antzeko programak antolatzea proposatu zuen Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleen artean trukeak egiteko. “Oso egingarria da, batez ere Hegoaldeko erakundeentzat”, azaldu zuen. Azpiegituren erronka ere aitatu zuen kohesioa trinkotzeko tresna gisa: interkonexioak, garraio publikoa, harremanak fisikoki ere ahalbidetzeko.
Proposamen zehatzen alorrean ere kin state politikak aipatu zituen. Alegia, EAEk politikak gauzatzea euskal eremu osoan, Ipar Euskal Herrian zein Nafarroan. “Gainbehera bat dago alor horretan eta aurrerapausoak egiteko ona izango litzateke hiru eremuetako instituzioen arteko harremanak egonkortzea”, adierazi zuen; “Irlandako logikan, nolabait”.
“Begira dezagun zein diren Ipar zein Hegoaldeko herritarren arazoak eta saia gaitezen soluziobideak ematen”, esan zuen; “soluzio pragmatikoak gertuko erakundeetatik”. Blasek logika hori oso bideragarria dela deritzo. Bi alor gehiago aipatu zituen: globalizazioaren dinamika (“Bilboko batek hegazkina hartuko du Milan edota Londresera joateko, baina Maule edo Biarritz ez ditu ezagutuko”) eta zibermundua (“eta hor hizkuntzak berebiziko garrantzia dauka”). Oso kezkatuta agertu zen bi alor horien etorkizuneko garapenarekin.

Isabel Elizaldek, instituzioetan topatzen diren oztopoak ez ezik, elkarlanari heltzerakoan agertzen direnak ere aipatu zituen. Lan egiteko molde ezberdinak daudela eta elkarrekin egin ahal egiteko konfiantza errotu beharra dagoela azpimarratu zuen. Ondo ezagutu elkar, elkarrekin lan egin ahal izateko. Beste oztopo bat da lurraldeen artean lanean aritzeko Nafarroan dagoen mesfidantza handia; adibidez, Euroeskualde batean parte hartzeko. “Beldurra dago”, esan zuen.
Oztopo horiek gauza zehatzak egiten gainditzen direla aldeztu zuen. Horren adibide gisa azaldu zuen Baserri Berri proiektua. Baserriak, euskal ondarea, galtzen ari dira; halaber, ofizio zaharrak. “Ondarea mantentzeko ofizioak mantendu behar dira”, adierazi zuen. Dantxarinean ofizioak ikasteko eskola bat muntatu dela azaldu zuen, zurgintzan baserrien egitura egiten ikasteko. Hiru administrazioak eta zenbait elkarte elkarlanean arituz lortu zen. Ikasleak zein irakasleak hiru eskualdetakoak izan dira eta hiru hizkuntzetan egin zuten, garrantzitsuena euskara izanik. Hiztegi bat egitea ere lortu dute. Agiriak emateko orduan, eskualde bakoitzak berea eman du. “Denok denondako”, gaineratu zuen Isabel Elizaldek; agiriek errekonozimendu berbera baitute. Lan molde ezberdinekiko errespetua, elkarrenganako konfiantza sustatzea eta proiektu zehatzen gainean lan egitea dira giltzarri berarentzat.
Beatriz Akizuren aburuz, oztopoei aurre egiteko mekanismoak asmatzea da erronka. Ez abstrakzioetan, baizik eta konkrezioetara joz. Beste solaskideekin bat egin zuen horretan. Gobernantza eredu berriak aipatu zituen, non gizarte zibila ondo txertatuta egongo den. “Oztopo nagusia ezezagutza da”, esan zuen. “Ezagutza falta dugu; Naziometroa bezalako tresnek laguntzen digute, errealitate ezberdinak aztertzeko”. Eta gehitu zuenez, “tokiko ezagutzak behar ditugu”. AFOMEF europear programa aitatu zuen tresna baliagarri gisa.
Ximun Carrerek azkenekoz hitza hartu eta ezagutzaren premia aldarrikatu zuen: “Datuak behar ditugu, tokiko ezagutza”. Elkarrekin lan eginez lortzen da elkar ezagutzea. Halaber, euskal hedabide sistema baten beharra azaldu zuen, ezagutzarako tresna gisa, “gai berak izan ditzagun hizpide, gure arteko komunikazioa sistematizatzeko eta informazioa eta esperientziak trukatu eta partekatzeko”. Hizkuntza ere aipatu zuen: “Hiru eskualdeetako biztanleek hiru hizkuntzak menderatu behar dituzte”, Carrereren aburuz. “Guk ezin ditugu hemen proiektu batzuk egin ez bada frantsesez egiten. Hori akats handi bat da”, borobildu zuen.
Eztabaida gogoeta partekatu batzuk utzita burutu zen. Julen Zabalo dinamizatzaileak laburtu moduan, ezagutzaren premia, elkar ezagutza eta tokiko errealitateen ezagutza; proiektu zehatzak; konfiantza lantzea; hizkuntza eta hezkuntza.
Irudiak: Gure Esku, TKNIKA
