Naziometroak 5 urte

Duela bost urte, TMeLabetik (Telesforo Monzon euskal herrigintza laborategia) abian jarri genuen Naziometroa intuizio sendo batekin: euskal jendartearen bilakaera modu sistematikoan, zientifikoan eta gardenean neurtzeko beharra genuela. Garai batean iritziak eta jarrerak neurtzen ziren inkesta puntualen bidez; guk, ordea, jarraikortasuna eta ikuspegi estrategikoa eskaini nahi genion fenomeno konplexu bati: euskal herritarren burujabetza-narratiben eta jarreren bilakaerari.

Bost urteotan, Naziometroak bildu du gure jendartearen aniztasuna eta dinamismoa eta, era berean, ondorioztatu du euskal jendarteak gero eta borondate handiagoa duela bere etorkizun kolektiboaren inguruan modu propioan pentsatzeko. Inkesten datuek erakusten dute ez dela soilik posizio politikoen kontua. Izan ere, identitatearen, konfiantzaren, eta etorkizun partekatuaren inguruko sentsibilitate baten erakusgarri dira.

Horregatik diogu Naziometroa ez dela tresna estatistiko soil bat. Tresna estrategiko bat ere bada: ikuspegi partekatu bat eraikitzeko oinarri komun bat.

Euskal Burujabetzaren Barometroa da, baina baita ispilu kolektiboa ere —non ikusten dugun zer garen eta, batez ere, zer izan nahi dugun—. Eta bost urte hauetan bildu ditugun datuek hori bera erakusten digute, Euskal herritarrok zer izan nahi dugun.

Bost urteko ibilbidea jasotzen duen txostena gure webean dago eskuragarri:

https://telesforomonzonlab.eus/wp-content/uploads/2025/10/NAZIOMETROA-5-urte-liburua-BBET-1.pdf

“Euskal herritar multzo handienak uste du eskumen gehiago behar direla Euskal Herrian (%44), gaur egungoa egokia dela uste dutenen gainetik (%33)”.

Euskal herritartasuna eta onarpen irizpideak: inklusioaren eta esentzialismoaren arteko tentsioa

Euskal gizartean, herritartasuna ulertzeko moduak anitzak dira, baina joera nagusi bat argi ageri da: bizitoki eta jardun aktiboa (bizitzea eta lan egitea) da baldintza nagusi onartua, jatorri biologiko edo jaioterriaren aurretik. Hala ere, ikuspegi hori ez da homogeneoa, eta faktore ideologiko, nazional, geografiko eta demografikoen arabera aldaketa nabarmenak daude.

Aztertutako datuek bi irizpide nagusiren inguruko jarrerak islatzen dituzte:

  • Bizitokia eta lan-jarduera Euskal Herrian, herritartasunaren oinarri gisa.
  • Jaiotza-lekua baldintza gisa, jarrera esentzialistago eta baztertzaileago baten adierazle.

Galdera honen bidez, ikus daiteke nola gizarteak inklusioaren eta esklusioaren irizpideak eraikitzen dituen, eta zein faktore soziopolitiko, identitario eta demografikok baldintzatzen duten ikuspegi hori.

Beraz, inkesta honetako datuek erakusten dute “euskal herritartasuna” kontzeptua ez dela neutroa, eta ez dela modu unibokoan ulertzen. Bi joera nagusi bereiz daitezke, non lehenengoak bigarrenak baino nabarmen indar gehiago duen:

  • Ikuspegi irekia, non bizitzea eta komunitatean parte hartzea nahikotzat jotzen den herritartasuna esleitzeko.
  • Ikuspegi esentzialista, non jaiotza edo jatorria baldintza gisa ulertzen diren.

Hauek ez dira soilik ikuspegi moral edo kulturalen arteko ezberdintasunak, baizik eta identitate politiko eta sozial sakonen isla dira. Joera hauek politikoki, sozialki eta kulturalki segmentatutako gizarte baten adierazgarri dira.

Gobernantza gaiak

Estatus politikoak aldatzeko orduan, gailentzen den modu nagusia erreferendumaren aukera da, %53 babesarekin. Tokiko legebiltzarrek %31ko babesa jasotzen dute eta estatuetako asanblada edo kongresuak %21. Antzera gertatzen da Ipar Euskal Herriko hautetsiak hautatzeko moduaren inguruan, %60a herritarrek bozka zuzenaren bidez hautatzearen alde ageri da, orain arteko sistema defendatzen dutenen gainetik (%37).

Euskal Herriko lurraldeen artean harreman gehiago izatea nahi da (%37), are %21ak erakunde bateratuak nahiko lituzke, bereziki osasun zerbitzuetan, baina baita hezkuntzan, eremu ekonomiko edota kulturaletan ere. Harreman horiek bereziki osasun zerbitzuetan izateari ematen zaio garrantzia oso handi bat (%67) . Gero Hezkuntzari (%60,3), harreman ekonomikoei (%60,9) eta kulturalei (%58,5). Euskararen sustapenerako aurreko horiei baino gutxiago, baina garrantzia handia ematen zaio (%49,5).

Euskal herritar multzo handienak uste du konpententzia gehiago behar direla Euskal Herrian (%44), egungoa egokia dela uste dutenen gainetik (%33). Eskumen gutxiago edo estatu erabat zentralizatua nahiago dutenak oso gutxiengoan daude.

Demokrazia, independentzia, Euskal Estatua

Galdeketen emaitzek sistematikoki erakusten dute Euskal Herrian gehiengo zabal batek uste duela, bertako instituzioetan adostasunik balego, Espainiako edo Frantziako Estatuek onartu egin beharko luketela erreferenduma.

  • Serie osoan zehar %52tik gorako babesa izan du, 2025ean areagotu egin dena: %62,7.
  • “Onartu egin behar luke” aukera %62,7koa da azken neurraldian (NM7), eta “Debekatu” aukeraren beherakada eman da %13,5ra.

Independentismoa ez da gehiengo sozial bat, baina kontrako jarrera ere ez. Independentziaren inguruko jarrerak, aldekoak eta kontrakoak, nahiko egonkorrak dira. Kontrako jarrera %42-43 bueltan mantendu da serie ia osoan zehar. Aldekotasuna, %22-25 artean.

Euskal Estatuari buruzko galderari dagokionean, euskal gizarteak ez du oraindik posizio kolektibo irmorik. Aldeko jarrera da gehiengo erlatiboa baina ez hegemonikoa (%38,5 azken neurketan, 3,3 puntu gora eginez), kontrako jarrera ahulagoa da ordea (%26,5, serie guztiko balio txikiena), eta zalantzaren zona zabal bat hazten ari da; abstentzioa %13,2tik %18,8ra eta ED/EE %13,7tik %16,1ra pasa da seriearen hasieratik. Bi hauek batera hartuta, ia %35ek ez dute posizio argirik adierazten 2025ean. Itxuraz, askorentzat estatu propioaren ideia ez dago nahikoa artikulatua edo barneratua, edo eszenatoki horren ondorioak ez dira argi ikusten.

Irudiak: TM, Gure Esku

TM eLab Olaso Dorrea Fundazioaren ekimen bat da, zeinak bere ondarea euskal herrigintzaren mesedetan jartzen duen, euskal soberanismoari bultzada berri bat eman asmoz.
Gure Esku
Pribatutasunaren ikuspegi orokorra

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu ahalik eta erabiltzaile-esperientziarik onena eskaintzeko. Cookieen informazioa zure nabigatzailean gordetzen da, eta hainbat funtzio betetzen ditu: gure webgunera itzultzen zarenean zu ezagutzea eta gure taldeari web orriaren zein atal iruditzen zaizkizun interesgarrienak eta erabilgarrienak ulertzen laguntzea.