Parte hartzea Euskal Herrian: bada ohiturarik?

Euskal Herrian parte hartze sozio-politikorako tradizio handia dago. Gutako asko da (edo izan da) bere auzoko elkarte, asanblada edota mugimenduren bateko kide. Hala ere, Euskal Herrian bada parte hartzerako ohitura hori ez duenik ere, eta modu batean edo bestean komunitate parte-hartzaile hori bizi ez duena. Baina jendarte beraren parte gara guztiok.

Egungo tendentzia global indibidualizatzaileek eragin handia izan dute komunitate eraikuntza zein ikuspegi kolektiboen kontzientziazioan. Hori horrela, Gipuzkoako esperientzia hau aitzindaria da.[…] Izaera horretako Euskal Herriko herritarren batzar bat ez da erronka makala. Bidean egiten ari garen lanak ekarriko ditu horretarako fruituak.

Urteak dira instituzioetatik (udalgintzan batez ere) herritarrak inplikatzeko parte-hartze dinamikak egiten direla. Azken urteotan zabaldu egin da kultura hori marko politikoan eta horrela, parte hartze soziopolitikoko prozesu ugari abiatu dira, batik bat herritarren parte hartze eredu berriak sustatu asmoz. Testuinguru horretan sortu da Gipuzkoako Herritarren Batzarra.

Telesforo Monzon Euskal Herrigintza Laborategitik Arantzazulabi egin genion proposamena Gipuzkoako Aldundiko Etorkizuna Eraikiz programara elkarrekin aurkezteko. Hasieratik argi genuen rol komanditarioa (batzarra deituko zuen erakundea) erakunde publiko batek hartu behar zuela. Horregatik jo genuen Aldundira. Hala egin genuen eta proiektua diruz babestua izateko hautatu zuten. Erakunde gehiagok ere parte hartu dute diseinu edota prozesuaren egikaritzean bertan; hala nola, Aztiker, Artaziak eta Deliberativa.

Gure ikuspegitik, herritar batzarra osatuko zuten herritarrei planteatu beharreko galdera definitu eta adostea izan zen bidean aurkitu genuen zailtasunetako bat. Klima aldaketa landu beharra zegoela argi genuen denok, baina horrelako prozesuetan dilema bat egotea ezinbestekoa da, eta modu batera edo bestera, klima aldaketaren eta landa eremuaren ildoak gurutzatu genituen. Gipuzkoan lehen sektoreak duen pisua kontuan hartuta, horren bueltan lan egiten dutenen zailtasunak ezagutu behar genituen. Gainera, klima larrialdiak eraginda landa eremua bereziki kolpatua dela kontuan izan behar genuen.

Hori horrela, Gipuzkoako Herritarren Batzarra osatu duten 32 kideei galdera bat egin zitzaien: “Nola bermatu dezakegu Gipuzkoako nekazaritza jarduera klima larrialdiari aurre egiteko?”. 32 herritarrak zozketaz hautatu genituen. Lehenik, ausaz aukeratutako Gipuzkoako 15.000 etxetara gutuneko bidalketa egin zen. Gutun horretan proiektuan bat egiteko izen-emate deialdia zabaldu genuen. Izena eman zutenen artean, bigarren zozketa bat egin zen irizpide hauek kontuan hartuta: zer adin zuten, zer sexutakoak ziren, zer ikasketa maila, non bizi ziren, ea tokiko produktuak erosteko ohitura zuten, klima larrialdiaren inguruan kontzientziarik zuten… Horrela, Gipuzkoako jendartearen ezaugarri soziodemografiko ahalik eta antzekoenak zituen 32 pertsonako taldea osatu genuen.

Hortik abiatuta, Gipuzkoako Foru Aldundiarentzako gomendio sorta bat prestatzea zen 32 herritar horien zeregina. 2022Ko azarotik 2023ko urtarrila bitarte lau asteburutan elkartu ziren herritarren batzarreko kideak. Lehen bi saioetan hizpide zuten gaiko aditu zein arituengandik jaso zuten informazioa: sektoreko arlo ezberdinetako langileak, abeltzainak, sagardogileak ikerlariak, Foru Aldundiko teknikariak. Modu honetara, herritarrek ikuspegi informatu bat garatu zuten eta hurrengo fasean sartzeko prest zeuden. Hain zuzen ere, hirugarren eta laugarren asteburuetan deliberaziorako tartea izan zuten. Norberak etxetik zekarren jakintza, aurreko bi asteburuetan jasotakoarekin uztartuta, Gipuzkoako Foru Aldundiari egin beharreko gomendioen gainean lanean hasi ziren.

Dinamika gidatu batzuen bitartez egin zuten bidea. Lau asteburutako lanak bere emaitza izan zuen (9 gomendio) eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan 2023ko urtarrilaren 14an izan zen aurkezpena. Prozesuaren hastapenetik Gipuzkoako Foru Aldundiak konpromisoa hartu zuten batzarrak egindako
gomendioei erantzun bat emango ziela. Erantzun hori, gainera, modu jarraituan egiten ari da. Batzarrak gomendioak aurkeztu zituenetik 6,12 eta 18 hilabeteetara adierazten ari da Aldundiak negoziazio saioen bitartez, gomendio horien gainean hartutako konpromisoak zein mailatan betetzen ari den.

Telesforo Monzon Euskal Herrigintza Laborategitik horrelako prozesuak begi onez ikusten ditugu, oso garrantzitsua da politikagintza herritarrengana gerturatzea, harreman hori estutzea. Herritarren Batzarra osatu duten herritarren gaineratu dute entzunak izan direla prozesuan zehar, eta pozgarria dela euren ekarpenak kontuan hartzen direla ikustea. Askotan esaten da jendeak politikarekiko atxikimendu falta duela edo jendeak politika kontuetan parte hartzeko gogorik ez duela, eta egongo da jendarteko sektore bat horrela pentsatzen duena, baina horrelako prozesuek erakutsi dute politika egiteko modu berri bat ere badagoela.

Aurretik aipatu moduan, Euskal Herrian parte hartze sozio-politikorako ohitura errotuta dago gure kulturan, baina egungo tendentzia global indibidualizatzaileek eragin handia izan dute komunitate eraikuntza zein ikuspegi kolektiboen kontzientziazioan. Hori horrela, Gipuzkoako esperientzia hau aitzindaria da. Europa mailan herritarren batzar ugari daude martxan. Askotariko gaiak dituzte hizpide eta antolaketari dagokionez, batzuek modu egonkorrean biltzeko formula ere asmatu dute. Izaera horretako Euskal Herriko herritarren batzar bat ez da erronka makala. Bidean egiten ari garen lanak ekarriko ditu horretarako fruituak.

Irudiak: Berria, Gure Esku

TM eLab Olaso Dorrea Fundazioaren ekimen bat da, zeinak bere ondarea euskal herrigintzaren mesedetan jartzen duen, euskal soberanismoari bultzada berri bat eman asmoz.
Gure Esku
Pribatutasunaren ikuspegi orokorra

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu ahalik eta erabiltzaile-esperientziarik onena eskaintzeko. Cookieen informazioa zure nabigatzailean gordetzen da, eta hainbat funtzio betetzen ditu: gure webgunera itzultzen zarenean zu ezagutzea eta gure taldeari web orriaren zein atal iruditzen zaizkizun interesgarrienak eta erabilgarrienak ulertzen laguntzea.