Pertenentzia

2023ko Naziometroaren aurkezpenean pertenentzia izan da gogoeta-gai nagusia. Hitzez-hitzezko adiera abiapuntu hartuta, pertenentziak komunitate jakin bateko kide izatea inplikatzen du norbanakoarentzat. Baina, gaur egun, de facto, norbanakoak hainbat eskala eta motatako komunitatetan izan dezake partaidetza, eta, ondorioz, definizio-ardatz askoren inguruan era daiteke kidetasun hori; hizkuntza, nazioa, estatua, antolakunde politikoa, generoa, klase soziala, pentsamoldea, kultura, tokiko bizi-egoitza, lurraldea, adina, sexu orientazioa eta beste irizpide asko egon daitezke komunitate eraikuntzaren oinarrian. Hartara, norbanakoen kidetzaren loturak eta partekaturiko identitateak askotarikoak izan daitezke; areago, lotura horiek geruza desberdinetan gainjartzen dira edo elkarren artean nahasten dira sarritan, bilbe konplexuak osaturik.

Norbanakoak hainbat eskala eta motatako komunitatetan izan dezake partaidetza, eta, ondorioz, definizio-ardatz askoren inguruan era daiteke kidetasun hori; hizkuntza, nazioa, estatua, antolakunde politikoa, generoa, klase soziala, pentsamoldea, kultura, tokiko bizi-egoitza, lurraldea, adina, sexu orientazioa eta beste irizpide asko egon daitezke

Ildo horretan, gaur egungo gazteek beren burua aktore politiko gisa ikusteko modua oso lotuta dago herritartasunaren alderdi kulturalarekin. Hain zuzen, kultura politikoak erakusten digu era askotako gazteen kolektiboek zelan ulertzen duten komunitate politikoari(ei) buruzko pertenentzia eta inplikazioa, eta zelan irudikatzen dituzten beren buruak komunitate −politiko− bateko kide gaitu eta eraginkor gisa ala kide ezgai gisa. Era berean, irudikapen horiek baldintzatu egiten dituzte herritar identitateak, mundu kolektiboarekiko betebeharrak eta eskubideak, parte-hartzeak hartzen dituen moldeak, partaidetza horrek izan ditzakeen eragozpenak eta esanahiak, baita gazte kolektiboek bereganatutako erreferentziazko komunitatearen nolakotasuna ere.

Jakina, gazteak marko sozial, politiko, ekonomiko eta kultural zehatzen eraginpean bizi dira, eta marko horietan sortzen −edo ukatzen−dituzte komunitate politikoari/politikoei buruzko balizko loturak eta konpromisoak. Alde horretatik, gaur egungo kultura indibidualizatuak ondorioak izan ditu belaunaldi gazteenen jarrera eta praktika politikoetan. Muturreko indibidualizazio neoliberalaren ondorioz, neurri batean, norbanakoengan jarri da bizitza antolatzeko erantzukizuna. Bestalde, kapitalismo globalaren testuinguruan, herritarren arazoak konpontzeko merkatu globalen menpeko sistema politikoek erakutsi duten eraginkortasun faltaren aurrean, instituzio politiko hegemonikoei buruzko konfiantza eza ainguratu da gazte jendearen pertzepzioetan.

Ondorioz, gazte sektore batzuk politika esparrutik erretiratuz joan dira. Beste batzuk, berriz, birpolitizatu egin dituzte eguneroko bizitzako espazioak, eta esanahi politikoa esleitu diete gune horietan gauzatzen diren jarduerei. Hartara, parte-hartze politikoaren kultura bera ere aldatu egin da. Izatez, gazteen parte-hartzea eredu indibidualizatuetan oinarritzen da, gero eta gehiago. Parte-hartzea noizbehinkakoagoa da, kausa bakarreko ardatzen inguruan eratzen da batik bat, eta sartu-irteera errazeko ekinaldiak eta mobilizazioak lehenesten dira bertan. Eredu hori, neurri batean behintzat, aldendu egin da ohiko organizazio politikoen bitartekaritzatik eta gizarte zibil instituzionalizatutako aktore konbentzionaletatik; horrez gain, desafio globalekiko sentiberatasuna eta konpromisoaren dimentsio subjektibo indartsua bateratzen ditu. Horrenbestez, praktika horien atzean interes komunitate jariakorragoak eta pertenentzia lotura aldakorragoak sortu dira belaunaldi gazteenen artean.

Izatez, gazteen parte-hartzea eredu indibidualizatuetan oinarritzen da, gero eta gehiago. Parte-hartzea noizbehinkakoagoa da, kausa bakarreko ardatzen inguruan eratzen da batik bat, eta sartu-irteera errazeko ekinaldiak eta mobilizazioak lehenesten dira bertan.

Nolanahi ere, Euskal Herrian badago oraindik ere herrigintzatik eta nation building ekimenetatik luzaroan ehundutako zoru komunitario aberatsa. Indibidualizazioaren garaian berebiziko garrantzia dauka zoru hori etengabe birsortzeak, erresistentzia-, botere gatazka- eta partaidetza-gune gisa. Bada, gazteak subjektu politiko moduan eraikitzeko aukera egokiak eskaintzen ditu tradizio komunitario horrek. Ikerketa batzuek erakutsi dutenez, gune komunitarioetan hazitako gazteek beraien ondorengo engaiamendu politikoan eragiten duten balioak eta gaitasunak eskuratzen dituzte. Trebetasun politiko horiek esparru politikoko askotariko eskaletako gune parte-hartzaileak uztartzeko tresnak eman diezazkiekete gazteei, hala eguneroko bizitzako eta tokiko partaidetza guneak nola esparru politiko instituzionaleko guneak. Aldi berean, erreminta politiko multzo horren jabetza erabakigarria izan liteke une orotan gazteek sortzen dituzten hurbileko komunitate ez-formalen eta komunitate politiko instituzionalizatuagoen edo antolatuagoen arteko pertenentzia loturak josteko. Politikagintza demokratikoa behetik gora elikaturiko prozesu moduan irudikatzen badugu, eguneroko bizitzan sustraiturik dauden interesak eta premiak izan behar dute erabakitze-gune instituzionaletako input-a. Zubigintza lan hori burutzea desafio handia da gaurko gizartean.

Irudiak: Berria, Gure Esku

Ane Larrinaga  Renteria

Soziologia Doktorea eta irakaslea EHU/UPV

Gure Esku
Pribatutasunaren ikuspegi orokorra

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu ahalik eta erabiltzaile-esperientziarik onena eskaintzeko. Cookieen informazioa zure nabigatzailean gordetzen da, eta hainbat funtzio betetzen ditu: gure webgunera itzultzen zarenean zu ezagutzea eta gure taldeari web orriaren zein atal iruditzen zaizkizun interesgarrienak eta erabilgarrienak ulertzen laguntzea.