Bertan izan da herri mugimenduaren bozeramaile Amalur Alvarez. Bideo baten bidez zabaldu ditu auzitegitik atera ondorengo adierazpenak.
Gaur Auzitegi Gorenean izan gara, 1elkartasuna adierazteko preso politiko katalanei. Auzipetu guztiei, eta, bereziki, bidegabeki espetxean daudenei gure babesa eta maitasuna transmititu nahi izan diegu; gurea, eta baita euskal gizartearen gehiengoarena ere.
Lehen egunetik jarraitu dugu epaiketa hau Gure Eskutik, eta uste dugu saio hauetan guztietan argi geratu dela auzi judizial honetan larriki urratzen ari direla oinarrizko eskubideak; manifestaziorako eskubidea, adierazpen askatasuna edo askatasun ideologikoa, besteak beste. Defentsarako eskubidea mugatzen ari direla ere salatu nahi dugu.
Urriaren 1eko erreferendumean parte hartu eta bozkatu zuten herritarren testigantzak entzuteko aukera izan dugu gaurko saioan. Argi adierazi dute denek erreferenduma ahalduntze ariketa kolektiboa eta baketsua izan zela.
Horregatik guztiagatik, eskatzen dugu auzi bidegabe hau bertan behera uztea eta preso politiko katalanak aske uztea.
Auzi politiko honetako akusazioek gezurrez betetako kontakizunak dituzte oinarri. Egoera horri aurre egiten ari diren auzipetuen jarrera eskuzabala eta ausarta eskertu nahi dugu, urriaren 1ean autodeterminazio eskubidea erreferendum bidez erabakitzeko egindako ariketa irmoki defendatzeagatik epaimahaiaren aurrean eta mahai gainean jartzeagatik desobedientzia zibilak gizartea eraldatzeko duen balioa.
Oinarrizko eskubideekin eta erabakitzeko eskubidearekin Kataluniako herritarrek duten konpromisoa gure konpromisoa ere bada, Gure Eskuren konpromisoa. Gainera, konbentzituta gaude demokraziaren eta gure etorkizuna libreki erabakitzearen bidea elkarrekin egin behar dugula, Euskal Herriko eta Kataluniako demokrata guztien artean. Horretan ari gara, gure herrien etorkizunaren jabe izan arte.