Elkartasunetik elkarlanera, Pirinioetako Bidean

Elkartasunetik elkarlanera. Sintoniatik sinkroniara. ANC, Omnium Cultural, FEEC, Artistes de la República eta Gure Eskuk indarrak batu ditugu 2022ko uztailaren 2an Pirinioetako Bidea egiteko. Gailurra zain dugu eta elkarrekin iritsiko gara! Ondorengoa, antolatzaileok aurkezpen ekitaldietan adierazitakoa:

Gaur Pirinioetako Bidea 2022 ekimena aurkeztera gatoz, mobilizazio berezi bat, arrazoi askorengatik. Lehenik, Euskal Herriko eta Kataluniako entitate sozialek elkarlanean antolatutako lehen mobilizazio herritarra delako. Mobilizazio ikusgarria izango da, aldarrikapena eta natura uztartuko dituena, baita zailtasuna eta edertasuna ere. Gure proposamena ezberdina eta bakarra da: mobilizazioa izateaz gain, dimentsio handiko ekintza artistiko bat izango da ere, paisaia, argiaren magia eta kultura bateratuz. Erronka kolektibo handi bat izango da mobilizazio hau, jakinik antolakuntza eta sinkronizazio ahalegin handia eskatuko duela. Zein da gure erronka? Pirinioetako ehunka gailur argiztatzea, aldi berean. Gure helburua 400 gailur baino gehiago argiztatzea da, Pirinio osoan, Higer lurmuturretik Creuseraino.

Gaur Aiako Harria eta Pedraforca argiztatzen ari garen bezala, datorren urtean, 2022ko uztailaren 2an, 400dik gora gailur argiztatuko dugu, Pirinioetako luzerako 430 kilometroetan, mutur batetik bestera zeharkatuko duen argi lerro bat sortuz, Mediterraneoa eta Atlantikoa elkar lotuz. Giza kate argitsua sortuko dugu, askatasun nahiak eta burujabetza osoko asmoak dituzten herritarrak elkartuz eta batuz. Parte hartzea ardatz duen mobilizazioa da, baina mendien zailtasun teknikoen arabera neurriratuta izango da. Maila ezberdinetako erronkak izango dira: batzuk, mendizale talde eskarmentatuentzat soilik, eta, beste batzuk, ordea, mendizale mota guztientzat. Ingurumenarekiko begirunea funtsezkoa izango da proiektu honetan. Horregatik, parte hartzeko orduan, izena emateko sistema bat egongo da, masifikazioa saiheste aldera. Milaka une magiko izango dituen mobilizazioa osatuko dugu, esperientzia ahaztezina, gure oroimenean luze iraungo duen mugarria.

Autodeterminazio eskubidearen alde

Gure herriek libre eta burujabeak izateko nahia dute, eta aske izateko eta etorkizunaren jabe izateko borrokak aspaldikoak dira, eta bizirik diraute. Balioak eta helburuak partekatzen ditugu, baita oztopo eta zailtasunak, gainditu nahi ditugunak, elkarlan, inteligentzia kolektibo eta esfortzuaren bidez. Pirinioak ere partekatzen ditugu, eta, gainera, guretzat lotune dira, eta ez muga. Beste aldean, Espainiako Estatuak indarkeria, kartzela eta errepresioaren bidez erantzuten dio oinarrizko eskubideak eta bozkatzeko eskubidea erabiltzeari. Horren bidez gure helburu bidezko eta demokratikoei uko egin diezaiegun bilatzen du, baita gure askatasun nahiari, eta, guztiontzat etorkizun hobeago baten alde borrokatzeari ere. Baina errepresioak legitimatu besterik ez du egiten, kausa justu gisa, autodeterminazio eskubidea erabili eta estatu independente bat lortzeko borroka. Ez, ez dute lortuko guk amore ematea, jendearen indarra alde dugulako, jendea prest dagoelako ibiltzen jarraitzeko eta oztopoak gainditzeko, gailurrera iritsi arte.

Jose Antonio Agirre eta Lluis Companys lehendakariak elkarrekin erbestera abiatu zirenean –La Jonqueratik gertu, Pirinioak zeharkatuz–, mezu argi bat utzi ziguten ondorengo belaunaldiei: gure borrokak partekatuak dira, beraz, parteka dezagun ere askatasunerainoko bidea. Beraz, mobilizazio eusko-katalan bateratu honen bidez, burujabetzako bidean elkarlanean aritu eta indarrak batzeko konpromiso herritarra nabarmendu nahi dugu. Europako beste herri batzuekin ere partekatzen dugu burujabetzarako gogoa. Herri eskoziarrarekin, irlandarrarekin, galestarrarekin, galegoarekin, korsikarrarekin edo bretoiarekin. Herri bakoitzak bere errealitatea izanik ere, bakoitzaren asmoak gauzagarriak behar lukete izan. Trabarik gabe. Mugarik gabe. Lurralde bateko herritarren gehiengoak estatu berri bat sortzea hautatuz gero, posible izan behar du herri borondate demokratiko hori bururaino eramatea. Demokrazia eta askatasun kontu bat da. Erabakitzea askatasuna erabiltzea da. Eta boto bidez adierazitako gehiengoaren borondatea gauzatzea, demokrazia besterik ez da.

Pirinioetako Bidea ekimenaren bidez, nazioarteko komunitatearen arreta piztu nahi dugu herrien autodeterminazio eskubidearen aldeko kausa justuari begira, harresiak bota eta irtenbide demokratikoak irekitzen lagundu gaitzan. Pirinioetatik mundu osora, datorren udan haren gailurrak argiztatuko duten milaka argiek honako mezua zabalduko dute: ez dugu indarrez ezarritako mugarik nahi, aski da errepresioarekin, herri borondateari oztopo antidemokratiko gehiagorik ez, eta, azken batean, Europako herriak izan daitezen izan nahi dutena. Pirinioetako Bidea proiektu honetan engaiatuta gauden entitateak aurrera egiteko konpromiso sendoa dugu: Kataluniako herritarrek mobilizatzen eta aktiboki borrokatzen jarraituko dute independentzia efektiboa egiteko, eta Euskal Herriko herritarrek autodeterminazio eskubidea osotasunez erabiltzeko. Itxaropen argiak piztera goaz. Pirinioetako bi aldeko ilusioak batzera goaz. Askatasunaren bidea argiztatuko dugu. Etorkizun hobeago batekin amets egingo dugu, bizitza hobeago batekin guzti-guztientzat. Aurrera egingo dugu determinazioz, gailurra zain daukagu, eta iritsiko gara.

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu, erabiltzaileei ahalik eta zerbitzurik onena eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie-ak onartzeko baimena emango duzu eta cookie-en politika onartuko duzu. Sakatu esteka, informazio gehiagorako ACEPTAR
Aviso de cookies