“Erabakitzeko eskubidea gauzatzeko modua jaso behar du estatus berriak”

Amalur Alvarez eta Josu Etxaburu bozeramaileek adierazpenak egin dituzte hedabideen aurrean, Gure Eskuren ikuspegia partekatzeko estatus berriaren inguruko lanketaz. 

Atzo (asteazkena) elkartu zen Autogobernu Ponentziaren lan taldea estatus berriaren lanketaren fase berriari ekiteko. Hiru testu aurkeztu dituzte bost alderdiek izendatutako adituek: EAJ, Podemos eta PSE-EE hirukoak bat, eta EH Bilduk eta PPk bana. EAEko estatutu politiko berriaren testu artikulatua egiteko talde parlamentarioek izendatutako adituek agerraldi bat egingo dute urtarrilean Eusko Legebiltzarrean, azalpenak emateko. Eztabaidarako oinarriak jarri ditu batzorde teknikoak, eta pilota alderdien teilatuan dago.

Orain arte egindako bideari dagokionean, formulazio ezberdinekin bada ere, hiru sentsibilitate politiko desberdinek ordezkatzen dituzten adituek sostengatutako testuetan dago erabakitzeko eskubidea. Uste dugu albiste ona dela testu juridiko baten proposamenean jasoa egotea erabakitzeko eskubidearen formulazioa. Era berean, positiboki baloratzen dugu talde politiko guztien parte hartzea presente egotea prozesu osoan zehar.

Aldiz, ez dugu ulertzen akordiorik lortu ez izana Autogobernu Lantaldean adostutako oinarri eta printzipioei eutsiz. Lehen Eusko Legebiltzarreko bi indar nagusien arteko akordio bat zegoen tokian, orain hiru formulazio ezberdin daude eta akordiorik ez. Hori horrela, oraingoz, ez dago erabakitzeko eskubidearen inguruko formulazio bateraturik, eta horrek esan nahi du une honetan gaitasun falta bat dagoela gizarteak eskatzen duenari erantzuteko: formula eraginkor bat gure etorkizun politikoaz erabakitzeko.

Bi zutabe nagusiren baitan ardazten dugu momentu garrantzitsu hau. Batetik, epe luzeko begirada; duela 40 urte onartu zen estatutua berritzeko aukera honek perspektiba luzea behar du. Gure iritziz, etorkizuneko estatus politikoa ezin da eraiki Franco hil ondorengo abaguneak baldintzatutako oinarrien gainean. Estatus politiko berriak zimendu berriak behar ditu. Aurrera begiratu behar da, eta etorkizunari begirako proposamenak egin behar dira, iraganaren gatibu izan gabe. Bestetik, alderdiek ezin diete bizkarra eman herritarren gehiengoaren nahiari, ezta beraien boz-emaileei ere. Herritarren ordezkariek gizarteari entzunda jardun behar dute eta, beraz, erabakitzeko eskubidearen alde dagoen adostasun zabala lege bihurtzea dagokie.

Bestalde, Eskoziako eta Kataluniako egoerak kontuan hartu behar ditugu. Eskozian autodeterminazio erreferendum bat egin dute eta bigarren bat egitea aurreikusten dute. Herri bat bere buruaren jabe izateko bide bat jorratzen ari dira. Katalunian, 100 urteko espetxe zigorrak jasan dituzte autodeterminazio erreferendum bat egiteagatik. Baina argi dago auzi politikoa dagoela eta konponbide politikoa behar duela.

Beraz, une historiko honetan, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan adostu beharreko proposamenak gai guztietaz era eraginkor batez erabakitzeko ahalmena jaso beharko luke, eta horren baitan, estatus juridiko-politikoa erreferendum bidez erabakitzeko aukera. Erabakitzeko eskubidea arautzeko aukera historiko hau galtzea akats larria litzateke.

Ulertzen dugu alderdi politikoek lehia logika ezin dutela baztertu. Logikoa da haien artean desberdintasunak piztea, are gehiago hauteskunde giroa nagusitzen ari den honetan. Gu, ordea, ez gaude lehia horretan. Herritarrok argi dugu: libreki erabaki nahi dugu, eta herri gisa erreferendum bidez erabaki ahal dezagun, legezko bideak jar daitezen nahi dugu. Prest gaude alderdi eta erakundeei laguntzeko beraien arteko liskarrak gainditzen, adostasunak errotzen, eta urrats eraginkorrak egiten.

Estatus berriaren oinarriak adostu baino egun batzuk lehenago, 175.000 laguneko giza-katea osatu genuen Donostiatik Gasteizera: gauzak ez dira kasualitatez gertatzen. Herritarron papera ezinbestekoa da bide honetan. Guk gure bidea egiten eta bide politikoan eta instituzionalean ere eragiten segitu behar dugu. Aurrerago adostasunak lortzea posible izango baldin bada, herritarron bultzadari eta laguntzari esker izango baita. Herritarren erabakitzeko gaitasuna modu librean gauzatzeko bide eraginkorrak izan arte lan egingo dugu.

Herritarrok abian dugu herri gisa erabakitzeko erreferendumaren aldeko herri ekimena. Hasiak gara herriz herri eta auzoz auzo mobilizazio eta ahalduntze aldia prestatzen. Egitasmoak ardatz izango duen sinadura bilketarekin milaka atxikimendu jasoko ditugu euskal demokraziaren eta erabakitzeko gaitasunaren alde. Gu, herritarrok, bidea egiteko prest gauden moduan, gure artean eskua luzatuz eta elkartuz, ordezkari politikoei ere eskatzen diegu herri ikuspegiarekin eta arduraz jokatzeko. Argi dugu hori izan behar dela bidea.

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu, erabiltzaileei ahalik eta zerbitzurik onena eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie-ak onartzeko baimena emango duzu eta cookie-en politika onartuko duzu. Sakatu esteka, informazio gehiagorako ACEPTAR
Aviso de cookies