Etapa berrirako “helburu argi bat” finkatu du Gure Eskuk, gaur eguerdian Bilboko Euskalduna Jauregian egin duen ekitaldian: “Gure etorkizuna erreferendum bidez erabakitzea posible egitea”. Amalur Alvarez eta Josu Etxaburu bozeramaile berriek azaldu dituzte dinamikak datozen hilabeteetarako mahai-gaineratu dituen erronkak.
“Erreferendum bidez erabakitzea lortzeko herri ekimen bat sustatuko dugu. Herritarrok erabakiko dugula, eta erabakitzen duguna errespetatuko dela bermatuko duen herri ekimena eraikitzera goaz” —azaldu dute bozeramaileek— “ziur gaude gehiengo sozial zabal batek pentsatzen duela komunitate baten etorkizun politikoa hura osatzen duten herritarren esku egon behar dela”.
Zentzu horretan, Alvarez eta Etxaburuk adierazi dute Gure Eskuk sustatuko duen egitasmoa “erronka kolektiboa” izan beharko dela. Honenbestez, “alor guztietako eragileekin” partekatuko dute, eta herriz-herri, “mota guztietako herritarren konplizitatea eta konpromisoa” lortzen saiatuko dira.
Gure Eskuk azaldu duenez, “denen artean” emango diote forma ekimenari, “denon topaleku” izan dadin. Edonola ere, dinamikak aurreratu du Euskal Herri osoko herri ekimen bat izan nahi duela, euskal lurralde guztietan zabalduko dena, alegia. Lurraldeen arabera, hori bai, ekimenak nortasun eta garapen propioak izango ditu.
Ekimen “parte hartzailea, dinamikoa, masiboa eta bizia” izango da. Eta herritar guztiei irekia, “erabakitzeko eskubidea herritarron %100ari dagokigulako”. Herritar guztiei gonbita egin diete: “Elkarrekin bizi gara, elkarrekin erabakiko dugu, edozein dela bakoitzaren sorterria edo ama hizkuntza. Elkarrekin erabakiz, libreago izango baikara”.
“Harresiak” gainditzeko prest
Bidean “hesiak eta harresiak” ez direla faltako aitortu dute Alvarez eta Etxaburuk, baina harresiak gainditzeko determinazioa erakutsi dute: “Harresiak harresi, ez gaude prest amore emateko oztopoen aurrean, ez gaude prest geldirik egoteko gure oinarrizko eskubideak murrizten saiatzen direnen aurrean, ez autogobernua kamustu nahi dutenen aurrean, ezta Espainiaren lurralde batasun sakratua askatasun demokratikoen gainetik jartzen ari direnen aurrean ere. Harresiak gainditzeko gogoz eta kementsu gaude”. Korronte “autoritario eta demofobikoen aurrean”, herritarren ahalduntzea eta burujabetza aldarrikatu dute, eta adierazi dute hori dela beste borroka eta aldarrikapen askorengana gerturatzen dituena.
Hain justu, elkarrekin era guztietako oztopoak gainditzen dituzten parkourlari eta herritarrak agertzen diren spot bat erakutsi dute ekitaldian.
Zentzu horretan, oztopoz betetako bidea egiten ari diren katalanei ere keinua egin diete: “Autodeterminazio eskubidea antolatuz, mobilizatuz eta bozkatuz irabazten da”. Euren bidea bururaino eramateko gai izango direla sinestuta, eskerrak eman dizkiete “bidea irekitzeagatik”. Òmnium Culturaleko presidente Jordi Cuixarti esker bereziak eman dizkiote, Soto de Real espetxetik ekitaldian irakurtzeko bidalitako gutunagatik. Bestalde, eskoziarrei ere egin diete aipamena, eta “erreferendum baten ostean autodeterminazio eskubidea bereganatuta, bigarren ariketa bat egiteko gai” izango direla adierazi dute.
Bazkideak, dinamikaren ardatz
Etapa berriko erronkei aurre egiteko, “herritarren konpromisoa” ezinbestekoa izango dela azpimarratu dute, eta bazkide egiteko dei egin diete oraindik ez diren herritarrei: “Gero eta gehiago izan, urrunago iritsiko gara”.
Mugimenduak bazkideen sostengu ekonomikoa beharko du erronka berriei erantzun ahal izateko, baina orain arte bezala, hori baino askoz gehiago emango diote bazkideek mugimenduari: “Bazkidea da komunitate honekin konprometitzen den norbait, bere denbora eta dedikazioarekin dinamika elikatzen duena, eta proiektuaren iparrorratza markatuko duena: nora goazen erabakiko duena”.
Zentzu horretan, ‘Plaza’ deituriko plataforma digital bat jarri dute martxan, bazkideek Gure Eskuren gertuko informazioa jasotzea eta erabakietan gero eta gehiago parte hartzea ahalbidetze aldera.
Egindako bidearekin pozik
Erabakitzeko eskubidearen bidean, azken ia sei urteak emankorrak izan dira, bozeramaileen hitzetan: “Urteotan, milaka eta milaka esku tiraka aritu dira, eta denon artean, aurrerapauso nabarmenak eman ditugu”. Bide beretik segituta, “jauzi bat” egiteko aukera ikusten dutela azaldu dute.
Era berean, Zelai Nikolas eta Angel Oiarbide bozeramaile ohiei aitortza berezia egin nahi izan diete ekitaldian, euren “ilusioa, eskuzabaltasuna eta kemenagatik”.
Ekitaldia, topagune
Gizarteko erreferentziazko pertsonek parte hartu dute ekitaldian: Pilar Kaltzada eta Nerea Alias aritu dira aurkezle lanetan, Xabier Euzkitze, Jon Maia eta Ane Labakak errezitaldi bana eskaini dute (azken honek, Irati Irizar biolin-joleak lagunduta), eta Òmnium Culturaleko presidente Jordi Cuixartek espetxetik bidalitako idatzi bat ere entzun ahal izan dute bertaratutakoek, Kike Amonarrizen ahotan. Irati Odriozola abeslariak eta Xabier Euzkitzek gidatuta, abesten amaitu dute ekitaldia parte hartzaile guztiek. Era berean, ikus-entzuleen artean izan dira hainbat eragile sozial, sindikal eta politikoetako ordezkariak eta beste hainbat pertsona esanguratsu.