Erreferendumaren aldeko sinadura bilketa abiatu du Gure Eskuk hainbat eragile sozialekin elkarlanean

“Argi dugu Hamaika Gara ekimena gure bidean mugarri izango dela” esanez eman diote hasiera gaur goizean Tabakaleran (Donostia) egin duten aurkezpen ekitaldiari Amalur Alvarez eta Josu Etxaburu Gure Eskuren bozeramaileek. Bertan izan dira egitasmoaren gainerako eragile sustatzaileetako ordezkariak ere. Azpimarratu dute Elkargunea deituriko elkarlanerako espazio berri horretan “ateak zabalik” dituztela herri ekimenarekin bat egin nahi duen eragile ororentzat.

Hauek dira, oraingoz, egitasmoa sustatuko duten eragileak, alfabetikoki: AEK, ANC Euskal Herria, Bilgune Feminista, Demokrazia Bai, Euskal Herrian Euskaraz, EHNE, Euskal Herria Kirola, Erabakizaleak, Ernai, ESK, Etxalde, Etxerat, Gaur Geroa, Gure Esku, Hiru, Ikastolen Elkartea, Kontseilua, LAB, Lumagorri, Nor, Olatu Koop, Oneka, Sare eta Steilas.

‘Hamaika Gara’ sinadura bilketa masibo bat izango da; etorkizun politikoaz eta gai guztiez erreferendum bidez erabakitzearen alde, erabakitzeko eskubidea arautzea helburu duena. Ez da sinadura bilketa soil bat izango, ordea; aldi berean, mota guztietako ekintza eta mobilizazioak iragarri dituzte 2020ko udaberrirako. Oraingoz, bi hitzordu aurreratu dituzte: maiatzaren 16an Durangon mobilizazio egun handia, eta ekainaren 13an ‘Hamaika Gara eguna’ herrietan. “Ekintza kolektibo masibo bat eramango dugu aurrera, herritarron konpromisoak pilatu eta urrats eraginkorrak egiteko”.

“Sinetsita gaude erakunde, eragile eta herritarron ardura dela demokrazian sakondu, eta gure etorkizuna erabakitzeko bidean aurrera egitea”. Horregatik, sinadura bilketak oinarri izango duen manifestuan, sinatzaileek burujabetzarako bidean euren borondatea eta konpromisoa adieraziko dute. Eta, era berean, tokian toki hala erabakita, eskaera zehatzak bideratuko zaizkie Eusko Legebiltzarrari eta Nafarroako Parlamentuari, Eskaera Eskubidearen bidez. Argi utzi dute, hori bai: “erantzuna bat ala bestea izan, herritarrok gure bidean aurrera egingo dugu. Arduraz jokatuko dugu”.

Sinadura bilketa nagusiki digitalki sustatuko dute. Jada zabalik da sinatzeko aukera hamaikagara.eus webgunean, eta laster aukera egongo da paperean ere egiteko, herrietako taldeen bidez. Digitalki zein paperean sinatu, emandako atxikimendua kalean adierazteko aukera egongo da dinamikaren elementu nagusia izango den eskumuturrekoaren bidez. Azaldu dute helburu bikoitza dutela eskumuturrekoek; batetik, kanpaina indartzea sinatzaileek konpromisoa kalean adieraziz eta, bestetik, ekimena finantzatzea. Herrietako taldeen bidez eta online dendan eskuratu ahalko dira datozen egunetatik aurrera.

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu, erabiltzaileei ahalik eta zerbitzurik onena eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie-ak onartzeko baimena emango duzu eta cookie-en politika onartuko duzu. Sakatu esteka, informazio gehiagorako ACEPTAR
Aviso de cookies