Kataluniako prozesuaren aurkako epaiketaren amaierarekin bat eginez, “oinarrizko eskubide eta askatasunen aldeko borrokan konpromiso irmoa” adierazteko eta preso politikoei elkartasuna adierazteko baliatuko du hitzordua. Arantzazutik abiatu eta Urbia zelaigunean amaituko da.
Amaitu da Kataluniako buruzagi sozial eta politikoen aurkako makrosumarioa. Eta sententzia jakin aurretik, 485 eta 611 egun bitarte daramatzate jada espetxean Jordi Cuixart, Jordi Sanchez, Oriol Junqueras, Carme Forcadell, Joaquim Forn, Josep Rull, Dolors Bassa, Raül Romeva eta Jordi Turullek. Ezin dugu ahaztu ere erbestean jarraitzen dutela Carles Puigdemont, Marta Rovira, Anna Gabriel, Clara Ponsatí, Meritxel Serret, Lluis Puig eta Toni Comín-ek.
Espainiako estatuak preso politikoak eta erbesteratu politikoak dauzka, erreferendum bat antolatu izanagatik, Kataluniaren estatus politikoaren inguruko erabakia herritarren esku jartzeagatik, alegia. Ezbairik gabe, demokraziaren aurkako epaiketa honek oinarrizko eskubideen erabilpena eta demokrazia bera eseri ditu akusatuen aulkian eta, beraz, guztion oinarrizko eskubideak daude jokoan.
Oinarrizko eskubideak kriminalizatzen dituen prozesu bat onartezina da; jopuntuan dituena, besteak beste, manifestazio eskubidea, biltzeko eskubidea, informazio eskubidea eta adierazpen askatasuna. Finean, herritarren borondatea erreferendum bidez adierazi izana, hau da, autodeterminazio eskubidea gauzatzea ari dira jazartzen, modu erabat bidegabe eta neurrigabean. Argi dugu amaiera justu bat izango badu epaiketa politiko honek, akusatu guztien askatasuna eta erabateko absoluzioa ekarri behar dituela. Ez bada hori gertatzen, zigor-epaia batek eragingo duen haserrea demokraziaren aldeko pultso masibo eta geldiezina bilakatuko da, baita Euskal Herrian ere.
Oinarrizko eskubideak larriki urratu dituen makroepaiketa bat amaitu da, baina ezin dugu ahaztu badirela beste hainbat eta hainbat kasu askatasun zibilak urratzen ari direnak eta botere faktikoak ezkutatzen, kronifikatzen eta ahazten saiatzen direnak, egunero. Gaur gogora ekarri nahi dugu Altsasuko gazteek 948 egun daramatzatela preso, taberna bateko lixkar batengatik, eta datorren irailean beste makrosumario bat hasiko dela Euskal Herrian 47 emakume eta gizonen aurka, berriro ere oinarrizko eskubideen jazarpena oinarri —manifestazio eskubidea edota defentsarako eskubidea— eta presoen defentsarako eskubideak kriminalizatzea helburu duena; osasunerako eta osasun arreta jasotzeko eskubidea edota senideengandik hurbil egoteko eskubidea, besteak beste. Nahikoa da.
Gatazka politikoen aurrean, eskubideak kriminalizatu beharrean, bide politiko eta demokratikoak nagusitu behar dira. Espainiako estatuaren indarkeria, errepresioa, eta elkarrizketarako borondate ezaren horma eraisteko ahaleginetan jarraitu behar dugu, itxaropenez eta determinazioz, oinarrizko eskubideak defendatzen eta erabiltzen jarraituz. Guk ez badugu egiten, ez du inork egingo gugatik.
Kataluniako auziak konponbide politiko eta demokratiko bat behar du eta ezinbesteko erreferendum hori bera izan behar da euskal herritarrok gure auziari bide emateko erabiliko dugun tresna ere. Horregatik, Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidenteak Gasteizen egindako gonbita aintzat hartuz, “oinarrizko eskubide eta askatasunen aldeko borrokan” konpromiso irmoa hartua dugu, eta pauso bat bera ere ez dugu atzera egingo.
Horregatik, eta Kataluniako epaiketa krudel eta bidegabearen amaierarekin bat eginez, Eskubideen aldeko Mendi Martxa antolatu du Gure Eskuk datorren hilaren 29rako. Goizeko 10:00 Arantzazutik (Gipuzkoa) abiatuko da ibilaldia eta 12:00etan, Urbiako zelaigunean, ekitaldia eta mosaikoa egingo ditugu, preso politikoekin elkartasunez. Era berean, keinu gisa, jantzi edota konplementu horiak eramateko deia egiten dugu.