Uztailaren 3an eta 5ean “Euskal Herria mundura” ekimenak Lapurdi eta Zuberoako kaleak hartuko ditu.

 

Gaur, Gure Eskuk eta Ipar Euskal Herriko hainbat pertsona erreferentek Baionako Atalante zinemaren aurrean agerraldia egin dute. Bertan, Josu Etxaburuk, Gure Eskuko bozeramaileak, eta Sandra Pochelu pilotari zein euskal selekzioen aldeko ekintzaileak “Euskal Herria mundura” ekimenak Lapurdin eta Zuberoan hartuko duen forma aurkeztu digute.

2023ko Frantziako Tourra Euskal Herritik abiatuko da: lehen hiru etapak bere osotasunean gure lurraldeetan hasi eta amaituko dira (uztailaren 1ean Bilbo-Bilbo, uztailaren 2an Gasteiz-Donostia eta uztailaren 3an Zornotza-Baiona) eta bosgarren etapa Zuberoako herri batzuetatik igaroko da. Gure Eskuk, Martxoaren 25ean Bilbon aurkeztu bezala, Tourrak duen nazioarteko oihartzuna probestuko dugu Euskal Herria 7 lurraldeko herri bat dela eta erabakitzeko eskubidea duela aldarrikatzeko.

Gure Eskuren proposamena Euskal Herri osora zabalduko da, Bidasoaren bi aldeetan herri bera dagoela erakutsiko duen ikurrin uholdea sortuz. Eta “Basque decide – Euskal Herriak erabaki!” leloaren bidez gure herriaren erabakitzeko eskubidea aldarrikatuko dugu.  Halaber, agerraldian iragarri dugu bai Tourraren antolatzaileei bai bertako instituzioei exijitzen diegu lasterketa Ipar Euskal Herritik iragango delarik, euskararen presentzia duina bermatzea komunikazioan eta antolatuko diren ekitaldietan.

Ekimenaren baitan parte hartzeko modu desberdinak egongo dira. “1000 ikurrin baietz” proposamenari jarraituz, bakoitzak https://izenaeman.gureesku.eus/ orriaren bidez izena emango du nahi duen egun eta lekuan eta ikurrina non hartu eta non utzi azalduko zaio. Lehen bi etapatan bezala, Tourra Ipar Euskal Herritik igaroko den egunetan ere; hots uztailaren 3an zein 5ean, animaziorako hitzordu publikoak antolatuko dira bai Baionan bai Lapurdi zein Zuberoako hainbat herritan. Halaber, hirugarren egunean Tourrak Bidasoa zeharkatuko du eta bertan ekimen berezia egingo dugu, bi aldeetan euskaldunak bizi garela eta aldarrikapen ugari dituen herria garela erakusteko.

Gainera, jakin badakigunez, inoiz egin den ikurrinik erraldoiena ere sortuko dugu. Ekainaren 11 arte ekarpenak egin ahal izango dira, bai  https://www.itsulapikoa.eus/es/proyectos/euskal-herritik-mundura-inoiz-egin-den-ikurrin-handiena-gure-esku orriaren bidez, bai 644079065 zenbakira idatziz, bai herrietan egongo diren orrietan izena emanez. Ekarpena egiten duen orok bere burua bertan ordezkatuta ikusiko du; izan ere, ikurrinaren gorri eta berdea euren izenekin osatuko baitugu. Ikurrinaren zurian “Basques decide – Euskal Herriak erabaki” leloa jarriko dugu.

Etxaburuk eta Pocheluk agerraldia amaitu dute azalduz instituzioekin, eragileekin, elkarteekin eta k herritarrak kalera atera daitezen animatuz, zazpi lurraldetako herria, etorkizuna erabaki nahi duena, garela lau haizetara zabaltzeko eta elkarri eskua bide horretan jarraituko duela gogorarazteko.

 

 

Agerraldiko partehartzaileak: Sandra Pochelu (pilotaria, euskal selekzioen aldeko ekintzailea), Josu Etxaburu (Gure Eskuko bozeramailea), Mathilde Hary (EH Baiko bozeramailea), Françoise Gallois (Uztaritzeko axuanta), Mattin Laaksonen (Ur kirolak Triatloi klubeko presidentea), Mikel Amilibia (Arrangoitzeko hautetsia, Tourreko karabanako speakerra), Annie, Poveda (Hendaiako kantonamenduko departamenduko kontseilaria), Irantzu Idoate (bertsolaria), Dominika Daguerre (militante abertzalea), Mathias Libier (bodyboardlaria), Peio Minhondo (irakaslea), Pantxika Urruti (pastoraleko errejenta), Argitxu Dufau (LABen Ipar Euskal Herriko koordinatzailea) eta Lukas Iriart (kazetaria).

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu, erabiltzaileei ahalik eta zerbitzurik onena eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie-ak onartzeko baimena emango duzu eta cookie-en politika onartuko duzu. Sakatu esteka, informazio gehiagorako ACEPTAR
Aviso de cookies