Gelditu, hausnartu eta erabakiak hartzeko garaia

Gure Eskuk solasaldi digitalen ziklo bat martxan jarriko du datorren ostegunean

Bizi dugun osasun krisiak salbuespenezko egoera batera eraman gaitu; gure gizartearen indargune nahiz ahuleziak muturrera eraman eta azalera ekarri ditu. Hamaika auzi zeuden mahai gainean krisi honen aurretik ere, baina ezin uka egoera honetan gai asko eta askok esanahi berezia hartu dutela.

Krisiak inflexio puntu izaten dira: aurreko ereduetan sakontzeko ala bide berriak hartzeko aukera. Norabide bat ala beste hartu herritarrok erabaki beharko genukeela sinestuta, Gure Eskuk Gelditu. Hausnartu. Erabaki. izenpetutako solasaldi digitalen ziklo bat martxan jarriko du apirilaren 23ean.

Internet bidezko solasaldi hauetan, bi edo hiru hizlari elkarren artean solastuko dira, ordu erdiz, eta dagokien gaiari buruz egiten duten egoeraren analisia eta euren ustez behar diren aldaketak eta hartu beharreko erabakiak partekatuko dituzte.

Printzipioz, bost saio izango dira:

Kultura: apustu egiteko garaia
Apirilaren 23an —19:00— *Euskaraz
Garbiñe Ubeda idazlea eta Euskal Idazleen Elkarteko lehendakaria, Gotzon Barandiaran idazlea eta kulturgilea, eta Hedoi Etxarte idazlea eta Katakrak liburu dendako kidea.

Espazio publikoaren itxiera
Apirilaren 28an —19:00— *Euskaraz
Mario Zubiaga politologoa, EHUko ikertzaile eta irakaslea, eta Gure Eskuren Zuzendaritza Kontseiluko kidea eta Xabier Barandiaran soziologoa, Deustuko Unibertsitateko irakasle eta GFAko estrategia arduraduna.

Gobernantza ereduaren krisia
Apirilaren 30ean —19:00— *Gaztelaniaz
Jaume Lopez Pompeu Fabra Unibertsitateko Zientzia Politikoetako irakaslea eta Zelai Nikolas legelaria eta Gure Eskuren Zuzendaritza Kontseiluko kidea.

Elikadura eta kontsumoa: teoriatik praktikara
Maiatzaren 5ean —19:00— *Euskaraz
Gotzone Sestorain Zabaleta baserritarra eta Etxalde sindikatuko eta Leitzeko kontsumo taldeko kidea, eta Mirene Begiristain Zubillaga ekonomilaria, EHUko ikertzaile eta irakaslea, eta EH Kolektiboko zein OlatuKoop kooperatiba sareko kidea.

Sistemaren krisia
Maiatzaren 7an  —19:00etan— *Gaztelaniaz
Amaia Perez Orozco ekonomialari eta aktibista feminista eta Jule Goikoetxea filosofo politikoa, ikertzailea, irakaslea eta aktibista feminista.

 

Elkarrizketak zuzenean ikusi ahalko dira, baita gerora ere, Gure Eskuren Youtube-ko kanalean. Edukia ahalik eta gehien zabaltze aldera, nahi izanez gero, zuen webguneetan ere partekatzeko gonbitea egiten dizuegu.

Bazkide komunitatearen babesa

Osasun krisiak azaleratutako indargune handienetako bat komunitatearen indarra da. Aurretik ere bagenekien, baina orain ere agerian geratu da gutako bakoitzak besteen beharra duela, inor ez dela independiente, eta autosufizientzian oinarritutako gizarte ereduek ez dietela herritar guztion beharrei erantzuten. Osasun krisia eragiten ari den ondorioei norberak bere kasa aurre egitea saiakera antzua izango litzateke; egoera zailenetan inoiz baino gehiago, komunitate bezala jokatu behar dugu, eta komunitatea indartzen duten sareak babestu.

Bizi dugun salbuespenezko egoeran, bazkideak dira Gure Eskuren sostengu ekonomiko bakarra. Horregatik, Gure Eskuk bazkidetza kanpaina berezi bat jarriko du laister martxan, komunitatearen babesa indartzeko asmoz.

Kaleko mobilizazioak, udazkenera

Etorkizun politikoaz eta gai guztiez erabakitzearen alde, eta erabakitzeko eskubidea arautzea helburu, erreferendumaren aldeko sinadura bilketa masiboa abiatu zuen martxoaren 11n Gure Eskuk, hainbat eragile sozialekin elkarlanean, Hamaika Gara egitasmoaren baitan.

Egun gutxira koronabirusak sortutako osasun krisia tarteko, ordea, hasiera batean 2020ko udaberrirako aurreikusitako kanpaina udazkenera arte luzatzeko erabakia hartu behar izan zuen. Kanpaina digital bat jarriko du martxan osasun krisia bere onera etortzen hasten denean, eta bitartean, sinatzeko aukerak zabalik jarraituko du hamaikagara.eus atarian.

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu, erabiltzaileei ahalik eta zerbitzurik onena eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie-ak onartzeko baimena emango duzu eta cookie-en politika onartuko duzu. Sakatu esteka, informazio gehiagorako ACEPTAR
Aviso de cookies