Gure Esku: “Euskal gizartea ere mobilizatuko da eskubideen murrizketa dakarren epai baten aurrean”

Bilera erronda zabala egin du egunotan Gure Eskuk, Kataluniako egoera politikoaren inguruko hausnarketak lehen eskutik jasotzeko, prozesuaren aurkako sententziaren atarian. Elkarlanerako prestutasuna agertzeaz gain, bere konpromisoa adierazi du urratsak egiten jarraitzeko eskubide eta askatasunen eta autodeterminazioaren aldeko defentsan.

Amalur Alvarez bozeramailea buru aurtengo Diadako manifestazioan parte hartu du Gure Eskuren ordezkaritza batek. Irailaren 11n Quim Torra Generalitateko presidentearekin elkartu ondoren, egunotan bilerak egin ditu Roger Torrent Kataluniako Parlamenteko presidentearekin, ANCko lehendakari Elisenda Paluzierekin, Omnium Culturaleko Zuzendaritza Batzordeko delegaritza batekin eta JxCat, ERC, CUP eta En Comú Podem-en talde parlamentarioetako ordezkariekin.

Oinarrizko eskubide eta askatasunen defentsa aktiboa egiteko duen konpromisoa berretsi die Gure Eskuk eragile sozial eta politiko katalanei, lanean jarraituko duela nabarmenduz, Euskal Herriak zein Kataluniako herriak beraien etorkizuna erabakitzeko eskubidea egikaritu dezaten, libre eta demokratikoki. Era berean, Gure Esku prest agertu da zigor epaia etorriz gero euskal gizartearen erantzun zabala artikulatzeko.

Katalunia eta Euskal Herriko egoera politikoa aztertzeaz gain, epaiak izan ditzakeen ondorioen inguruan ere hausnartu dute bilera horietan. Momentuak izan dezakeen garrantziaz eta herritarrok eman beharreko erantzunaz. Eragile katalanek nabarmendu dute garrantzitsua izango dela euskal gizartearen aktibazioa. Zalantzarik gabe, epaiaren ondorioei erantzutea erronka demokratiko bat izango da Euskal Herritarrentzat. 

Izan ere, epaiak ez die eragingo soilik preso politiko katalanei. Krisi demokratiko larria piztu dezake, eta oinarrizko eskubideak kriminalizatzeaz gain, subiranotasun helburu edota asmoei giltzarrapoa jarriko die, zigorra badakar. Erabakitzeko eskubidearen joko arauak mugatuko ditu. Horregatik, ardura demokratikoaz jokatzeko unea izango da eta ardura hori eskatu nahi diegu gure ordezkari politikoei ere. Alderdikerien gainetik jokatu dezaten, zailtasun guztien gainetik, demokraziaren eremua birdefinituko duen epai honen aurrean.

Gure Eskuk uste du ezinbestekoa dela euskal herritarren ordezkariek ahaleginak areagotzea oinarrizko eskubideak, askatasunak eta burujabetza nahia elkarrekin defendatzeko. Elkarrekin, sentsibilitate politiko ezberdinetako ordezkarien artean, elkarrekin Kataluniako eta Euskal Herriko ordezkari politikoen artean, eta, elkarrekin ere, mugimendu eta erakunde sozialekin batera. Xede horretan murgilduta dago Gure Esku. Uste dugu gehiago egin daitekeela. Egin behar dugula. Momentuaren larritasunak hala eskatzen du.

Kataluniako eragileekin izandako bileretan, Gure Eskuk helarazi die kobentzituta dagoela euskal gizartea ere mobilizatuko dela eskubide eta askatasunak edo herrien erabakimena murrizten dituen epai baten aurrean. Euskal gizartea jakitun da proces-aren epaiak ekar dezakeela murrizketa larri bat eskubide indibidual eta kolektiboetan, eta ez du onartuko inolako atzerakada demokratikorik.

Euskal gizartea prest egon behar da epaiaren aurrean erreakzionatzeko, eta bide baketsuen bidez oinarrizko eskubideen defentsa irmoa egiteko. Honela, epaia ezagutu bezain laster jakinaraziko du Gure Eskuk zein izango den Euskal Herrian emango dugun erantzuna.

*Gaur Bilboko manifestazioan izango gara, astelehenetik aurrera bidegabeki epaituko dituzten 47 emakume-gizonekin elkartasunez, eta oinarrizko eskubideen defentsan.

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu, erabiltzaileei ahalik eta zerbitzurik onena eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie-ak onartzeko baimena emango duzu eta cookie-en politika onartuko duzu. Sakatu esteka, informazio gehiagorako ACEPTAR
Aviso de cookies