Gure Eskuren ordezkaritza bat Torra presidentearekin elkartu da

Kataluniako prozesuaren aurkako sententziaren atarian, eskubide indibidual eta kolektiboen aldeko defentsa aktiboa egiteko konpromisoa transmititu dio Gure Eskuk.

Amalur Alvarez bozeramailea buru, Gure Eskuren ordezkaritza jaso du Generalitateko jauregian Quim Torra Kataluniako presidenteak gaur eguerdian.

Kataluniako eta Euskal Herriko egoera politikoak aztertu dituzte, laburki, bileran; bereziki, prozesuaren aurkako sententziak oinarrizko eskubide eta askatasunen eta gure herrien etorkizunarengan izan ditzakeen ondorioak.

ANCk gonbidatuta, Diadako manifestazioan parte hartuko du Gure Eskuk eta datozen egunetan bilerak egingo ditu Roger Torrent Kataluniako Parlamenteko presidentearekin, ANCko lehendakari Elisenda Paluzierekin eta Omnium Culturaleko Zuzendaritza Batzordeko ordezkaritza batekin.

Diadako presentziaren bidez, Gure Eskuk elkartasuna adierazi nahi die urriaren 1eko erreferendumaren harira auzipetuta dauden pertsona guztiei, eta, bereziki, bidegabeki espetxean daudenei, Auzitegi Gorenean izan berri den epaiketaren sententziaren zain.

Gaurko bileran, Gure Eskuren ordezkaritzak eskerrak eman dizkio Torra presidenteari Kataluniako herriarentzat gaurkoa bezain egun garrantzitsu batean harrera egiteko izandako adeitasunagatik. Era berean, babesa eta elkartasuna adierazi dizkio, Generalitateko jauregiko balkoitik lazo horiak ez kentzeagatik laster aurre egin behar dion epaiketarengatik.

Konpromiso bikoitz bat helarazi dio Gure Eskuk Generalitateko presidenteari. Batetik, euskal gizartea Kataluniak bizi duen errealitatearen inguruan informatzeko ahalegina egitea; eskubide eta askatasunen urraketen inguruan zein katalanen kezka eta xedeez.

Bestetik, oinarrizko eskubide eta askatasunen defentsa aktiboa egiteko duen konpromisoa berretsi dio, lanean jarraituko duela nabarmenduz, Euskal Herriak zein Kataluniako herriak beraien etorkizuna erabakitzeko eskubidea egikaritu dezaten, libre eta demokratikoki. Gure Esku prest agertu da zigor epaia etorriz gero euskal gizartearen erantzun zabala artikulatzeko.

Gure Eskuren ustetan, gure etorkizunaren jabe izan nahi dugun herriok behartuta gaude elkarrekin jardutera. Horregatik, ezinbestekoa da indarrak batzea oinarrizko eskubide eta askatasunen defentsan, eta elkar babestea eta laguntzea geure herrien burujabetzara bidean.

Kataluniako prozesuaren sententziaren atarian, Gure Eskuk uste du ezinbestekoa dela euskal herritarren ordezkariek ahaleginak areagotzea oinarrizko eskubideak, askatasunak eta burujabetza nahia elkarrekin defendatzeko. Elkarrekin, sentsibilitate politiko ezberdinetako ordezkarien artean, elkarrekin Kataluniako eta Euskal Herriko ordezkari politikoen artean, eta, elkarrekin ere, mugimendu eta erakunde sozialekin batera. Xede horretan murgilduta dago Gure Esku. Uste dugu gehiago egin daitekeela. Egin behar dugula. Momentuaren larritasunak hala eskatzen du.

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu, erabiltzaileei ahalik eta zerbitzurik onena eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie-ak onartzeko baimena emango duzu eta cookie-en politika onartuko duzu. Sakatu esteka, informazio gehiagorako ACEPTAR
Aviso de cookies