Gure Eskuren ordezkaritza batek irailaren 11ko Diadan parte hartuko du

Preso politiko katalanei elkartasuna adierazi eta autodeterminazioaren aldeko jardunaren zilegitasuna aldarrikatuko du.

Datorren irailaren 11n, Gure Eskuren ordezkaritza batek parte hartuko du Kataluniako Diadan, azken urteotan egin duen bezala.

Aurten, oroitzapen berezia izango dute epaiaren zain dauden preso politiko katalanek. Gure Eskuk elkartasuna adierazi nahi die pairatzen ari diren bidegabekeriagatik. Nazio Batuen Erakundeko Atxiloaldi arbitrarioari buruzko lan taldeak eskatu bezala, aske egon beharko lirateke. Ez soilik espetxetik kanpo, baizik eta edozein kausa judizialetik libre. Gure Eskuren ustez, epai bidezko bakarra errugabetzea da.

Halaber, irailaren 11ko Diadan parte hartuz, milaka katalanek bizi duten egoera errepresiboa salatu nahi du Gure Eskuk. Bide politikoak nagusitzeko ordua da.

2017ko urriaren 1eko erreferendumaren harira oinarrizko eskubideak  (manifestazio eskubidea, adierazpen askatasuna, bozkatzeko eskubidea…) erabiltzeagatik etorri da olatu errepresibo hau. Gure Eskuk bat egiten du katalanekin oinarrizko eskubideen defentsan, eskubide horiek guztionak direlako.

Herri guztiek euren etorkizuna erabakitzeko eta independentziaren bidea jorratzeko eskubidea dute. Ibilbide horretan, Euskal Herria eta Herrialde Katalanak elkarren ondoan baino ezin dira egon.

Euskal herritarrok, beraz, baditugu arrazoi ugari irailaren 11ko Diada honetan katalanen ondoan egoteko. Elkartasuna adieraziz eta elkarlanerako prestasuna agertuz.

Gure Esku
Pribatutasunaren ikuspegi orokorra

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu ahalik eta erabiltzaile-esperientziarik onena eskaintzeko. Cookieen informazioa zure nabigatzailean gordetzen da, eta hainbat funtzio betetzen ditu: gure webgunera itzultzen zarenean zu ezagutzea eta gure taldeari web orriaren zein atal iruditzen zaizkizun interesgarrienak eta erabilgarrienak ulertzen laguntzea.