“Krisi honi herri bezala egin behar diogu aurre”

[Gure Eskuren adierazpena, Covid19-aren aurrean]

Besarkada telematiko estu bat eman nahi dizuegu Gure Eskuren komunitateko kide guztioi. Une zaila bizi dugu. Asko eta asko bakartuta gaude, fisikoki elkarrengandik urrun. Distantzia emozionala, behintzat, gutxitu nahiko genuke, ziur baikaude krisi honi elkarrekin, komunitate bezala, herri bezala egingo diogula aurre.

Aurretik ere bagenekien, baina orain ere agerian geratu da gutako bakoitzak besteen beharra duela, inor ez dela beregain, eta autosufizientzian oinarritutako gizarte ereduek ez dietela herritar guztion beharrei erantzuten. Elkar zaintzeko garaia da. Hartu dezagun ardura hori, behingoz, denon artean. Zaindu dezagun nork bere burua, eta ahal dugun heinean, komunitatea. Ezerk ez du horrek baino lehentasun handiagorik.

Zaintza krisiari aurre egiteko mahai tekniko zabal bat osatzeko proposamena egin du Euskal Herriko mugimendu feministak. Ekimen hori goraipatu eta babestu nahi dugu. Sinestuta gaude gizarte zibilaren parte hartzea ezinbestekoa izango dela egoerari aurre egiteko. Zalantzarik gabe, horrelako erronkei elkarrekin egin behar diegu aurre eragile, erakunde eta herritarrok.

Bestalde, aurreko astean, alor anitzetako eragileekin elkarlanean aurkeztu genuen ‘Hamaika Gara’ egitasmoa —erreferendumaren aldeko sinadura bilketa masiboa— eta bestelako jarduerak atzeratzera behartuta bagaude ere, digitalki sinatzeko aukera zabalik dago www.hamaikagara.eus atarian.

Txikitik handira. Behetik gora. Herritarron gaitasunean sinesten dugu. 

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu, erabiltzaileei ahalik eta zerbitzurik onena eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie-ak onartzeko baimena emango duzu eta cookie-en politika onartuko duzu. Sakatu esteka, informazio gehiagorako ACEPTAR
Aviso de cookies