Nafarroan igandean egingo dituzte erabakitzeko eskubidearen eta burujabetzaren aldeko mobilizazioak

‘Hemen erabaki, herritarrok erabaki’ goiburupean, aldarriz beteko dituzte bederatzi herritako plazak · Ehunka lagunek parte hartu zuten egitasmo beraren baitan hilaren 6 eta 7an, 50 herritan antolatutako ekimenetan · Udazkenean ekingo dio Hamaika Garak erreferendumaren aldeko sinadura bilketa masiboari

 

DEIALDIAK
Arbizu – Herriko plaza [11:00-14:00]
Bakaiku – Santio plaza [11:00-14:00]
Bera – Herriko plaza [11:00-14:00]
Doneztebe – Herriko plaza [11:00-14:00]
Etxarri-Aranatz – Herriko plaza [11:00-14:00]
Goizueta – Herriko plaza [11:00-14:00]
Lakuntza – Herriko plaza [11:00-14:00]
Lizarra – Santiago plaza [11:00-14:00]
Oteitza – El Raso plaza [13:00-14:00]

 

Gure Eskuk eta Hamaika Gara ekimenaren gainerako sustatzaileek [zerrenda osoa] deituta, ehunka lagun atera ziren kalera, orain bi aste. Plazak berreskuratu eta aldarriz bete zituzten, ‘Hemen erabaki, herritarrok’ erabaki goiburupean. Sustatzaileek nabarmendu zuten “premiazkoa” dela bizi dugun eta datorren krisiari “Euskal Herritik eta guztion artean erantzun behar diogula” adieraztea, eta “tokiko erabaki burujabeak” aldarrikatzea. Honela, hamaika aldarri plazaratzearekin batera, “herri erantzun baten beharra” azaleratu nahi izan zuten.

Era berean, Gure Esku herri dinamikak mobilizazio hauek harira, gaitzetsi du osasun krisiaren kudeaketan ez dituztela herritarrak aintzat hartu; batetik, “onartezina” dela alarma egoera birzentralizaziorako baliatu izana; bestetik, “ulertezina” zaiela, erakunde publikoek eragileekin lankidetza handiagorik ez sustatu izana; eta azkenik, dinamikak “kezkagarria” deritzola egoeraren larritasuna aintzat hartuz egon den akordio politiko falta.

Ekimen bateratu honi jarraipena emanez, “plazak berreskuratu eta aldarriz bete” asmo dituzte, beraz, datorren igandean Nafarroako bederatzi herritan —Arbizun, Bakaikun, Beran, Donezteben, Etxarri-Aranatzen, Goizuetan, Lakuntzan, Lizarran eta Oteitzan—, aldarrien mosaikoen bidez, adierazteko osasun krisiari eta krisi sozial eta ekonomikoari ezin zaiola herritarroi bizkar emanda erantzun; alegia, krisiei hemen eta guztion artean erantzun behar diegula, erabakitzeko eskubidean eta burujabetzan sakonduz.

Leku gehienetan, goizeko 11:00etatik eguerdiko 14:00etara bitartean izango dira mobilizazioak. Parte hartzeko, norberak bere aldarria kartoi zati batean idatzi eta etxetik plazara eraman beharko du, lurrean utziz. Egoerara egokitutako formatu honekin eta hartuko diren beharrezko neurri guztiekin, parte-hartzaile guztien osasuna eta segurtasuna zorroztasunez bermatuko direla ziurtatu dute antolatzaileek.

Hurrengo geltokia: sinadura bilketa

Gure Esku burujabetza eta erabakitzeko eskubidea sustatuko dituen elkarlanerako espazio berri bat artikulatzen aritu da azken urtean zehar gizarteko alor askotako eragileekin, eta harreman horiei esker, Hamaika Gara ekimena abiatu zuen martxoaren 11n. Erreferendumaren aldeko sinadura bilketa bat ardatz hartuta, epe luzeko ibilbide bati ekin zioten hamaika eragilek. Osasun krisiak baldintzatuta, sinadura bilketa aldi batez sustatzeari utzi eta jarduera egokitu egin du Hamaika Garak, eta aurreikusitako kanpaina zein kale mobilizazioak udazkenean abiatuko ditu.

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu, erabiltzaileei ahalik eta zerbitzurik onena eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie-ak onartzeko baimena emango duzu eta cookie-en politika onartuko duzu. Sakatu esteka, informazio gehiagorako ACEPTAR
Aviso de cookies