Ane Labaka eta Nerea Ibarzabal Txakur Gorria sortzaileen kolektiboko kideek idatzitako zazpi istoriok osatzen dute “Tripontzia: burujabetzara bidean” istorio sorta digitala eta Unai Gaztelumendi diseinatzaile eta ilustratzaileak egin ditu marrazkiak. Istorio bakoitzak protagonista bat du ardatz eta erabaki txiki batek lotzen du burujabetzaren aspekturik egunerokoenarekin. Guztiaren testigu da sortu berri den pertsonaia: hontza. Gaur goizean Donostiako Koldo Mitxelenan aurkeztu dute Tripontzia Amalur Alvarez Gure Eskuren bozeramaileak, eta produktua ondu duten hiru artistek. Datozen egunetan jarriko da abian salmenta.
Honela, ‘Erabaki txiki batekin hasten da dena’ kanpaina abiatu du Gure Eskuk: “Burujabetzaren norabidea eguneroko erabaki txikietan hartzen dugula irudikatu nahi du lanak; eta, beraz, burujabetzaren bidean aurrera egiteko, pausorik txikiena ere beharrezkoa dela”, adierazi du Alvarezek. Honela, komiki digitalaren sustapenarekin batera, 94.000 euro zozketatuko ditu guztira, komiki digitalerako kodea erosiko duten guztien artean.
Txartelen aurreko aldean kokatzen da komiki digitala eskuratzeko kodea; eta, aldiz, atzealdean zozketan parte hartzeko zenbakia eta seriea.
Zenbaki eta serie irabazleak 60.000 euro jasoko ditu eta zenbaki bereko gainerako serieek 2.000na euro. Bigarren zenbaki irabazleko zortzi serieetako bakoitzak 1.500€ jasoko ditu, eta hirugarren zenbaki sarituko serie bakoitzak 1.000€.
Txartel horiek herrietako saltokietan eta tabernetan eskuratu ahalko dira, datozen egunetatik aurrera, eta baita Gure Eskuren kidegoaren eskutik ere.
Zozketa urtarrilaren 20an egingo da Beasaingo notariotzan, saldutako txartelen artean, ausazko informatika programa batekin; eta Gure Eskuk egunean bertan iragarriko ditu zenbaki irabazleak gureesku.eus eta tripontzia.eus webguneen bidez; baita bere sare sozialetan ere.
Komiki digitalaren kontra-azaleko testua:
Iraultza handiaren zain ibiltzen gara. Geuk ezagutzen dugun mundua kolpetik irauliko duten erabaki handien zain. Baina aldaketa handiak ez dira sekula horrela gertatzen. Aldaketa handiak, sakonekoak, eta atzerabueltarik gabekoak, herritar askoren erabakien ondorio izaten dira: erabaki txikiek egiten baitituzte aldaketa handiak posible.
Gure hontza tripontzia halako zazpi erabaki txikiren lekuko izango da. Burujabetzara bidean ahaldunduta doazen zazpi herritar zelatatuko ditu. Eta euren istorioak guri erakutsi. Baina bilduma honi zortzigarren istorioa falta zaio: zurea. Tripontzia erosita, erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamika herritarra indartzen ari den horrena. Zuk ere hartu duzu erabaki txiki bat, eta egin duzu urrats handi bat edozeri buruz erabakitzea posible egiteko bidean. Irakurle, bidelagun, egin dezagun posible!