Zuzendaritza Kontseiluko kide izango dira aurrerantzean. Lekukoa hartuko duten bozeramaile berriek martxoaren 31ko ekitaldian egingo dute lehen agerraldia.
2013ko ekainean Gure Esku Dago sortu zenetik izan dira Angel Oiarbide eta Zelai Nikolas herri dinamikaren aurpegi eta ahots. Ia sei urte eta gero, bozeramailetzaren lekukoa esku berrietara pasatuko dute, baina buru-belarri segiko dute lanean GEDn eta Zuzendaritza Kontseiluko kide izango dira aurrerantzean ere.
Martxoak 31n Bilboko Euskaldunan etapa berri bati ekingo dio GEDek. Orain arte egindako ibilbidea balioan jarri eta etorkizuneko erronkak mahai-gaineratuko ditu dinamikak. Hain justu, egun horretan ezagutuko ditugu bozeramaile berriak eta Zuzendaritza Kontseilua osatuko duten kideak, besteak beste. Bertan izango dira Angel Oiarbide eta Zelai Nikolas.
Ekitaldia baino lehen, martxoaren 20an, bi bozeramaileek “azken solasaldia” eskainiko dute Bilboko Kafe Antzokian. Sei urteen errepasoa egitearekin batera jorratuko dituzte testuinguru politikoaren inguruko irakurketa eta Gure Esku Dago euskal gizarteari egiten ari den ekarpena, solasaldi hurbil eta berezi batean.