Duela 80 urte Lluis Companys Kataluniako presidente zenak eta Jose Antonio Agirre lehendakariak elkarrekin exiliora egin zuten bidea oroitu dute Quim Torra Kataluniako Generalitateko presidenteak, Juan Jose Ibarretxe lehendakariak eta Kataluniako zein Euskal Herriko hainbat eragile sozialek: Òmnium Cultural, ANC eta Gure Esku Dagok, besteak beste.
Argullana herrian elkartu dira denak eta bertatik abiatu dute martxa Coll de Lli muinora. 1939an Agirre eta Companysek ez ezik, milaka lagunek ere, tropa frankistetatik ihes egiteko Pirinioetan barrena Frantziara exilioan oinez egindako bidearen tramu bat egin dute.
Elkarlanaren bidetik lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi du Gure Esku Dagok: “Demokrazian sakondu eta batzen gaituen helburua lortu behar dugu: gure herrien askatasuna”.
Gaurkoa egun aproposa da Agirre lehendakariak 1941eko abenduaren 24an bere egunkarian idatzitako pasarte bat gogora ekartzeko: “Autodeterminazio eskubidearen bidez lortu ahalko dira gure arima nazionala errespetatuko duten irtenbide guztiak. Mentalitate inglesak ulertzen du hizkuntza hau, espainola beste gauza bat da. Zenbat dagoen oraindik borrokatzeko. Guztiei agindu bera eman diet: batasuna, irmotasuna, eta poliki badoa ere, zuhurtzia. Horrela gainditu ditugu zailtasun guztiak eta horrela egingo diegu aurre”.