Hautetsontziotan gizartearen %100ak du lekua

Etapa berri bati hasiera emango dio GEDk martxoaren 31n Bilbon

2014az geroztik Euskal Herriaren etorkizun politikoaz galdeketak antolatu dituzten 208 herrietako ordezkariek iragarri dute hitzordua, Tolosako Topic aretoan gaur eguerdian egin duten agerraldian. Kontsultek eman dutenaren inguruko balorazio bateratua ere partekatu dute.

“Gure herrietan botoz bete ditugun hautetsontziak ekarri ditugu gaur azken lau urteotan galdeketak antolatu ditugun 208 herrietako ordezkariok; Irunetik, Laudiotik, Doneztebetik, Donostiatik, Portugaletetik… Gaur hutsik ikusten ditugun boto kutxa hauei milaka eta milaka herritarren ilusioa darie. Erabakitzeko beharra. Eta bost urteotan egindako bidean, pauso berriak emateko nahia”, azaldu dute Larraitz Zubeldiak eta Sugoi Etxarrik.

Euren hitzetan, hautetsontziek balio izan diete etorkizuna irudikatzeko, zer nahi duten eta nola erabaki nahi duten jabetzeko, urteetan aurpegira begiratu ez diotenari eskua emateko, elkarrekin ahalduntzeko, ikasteko, gaitasun tekniko, ekonomiko eta kolektiboak geureganatzeko, demokrazian sakontzeko eta eurengan sinesteko.

“Hautetsontziotan gizartearen %100ak du lekua. Gurea herri guztiarentzako proposamena baita; ez dugu behin ere inor alboan utzi. Orain arte 218.248 herritarrok hartu dugu parte galdeketetan, eta emaitza horretaz harro bagaude ere, oinarria zabaltzen jarraituko dugu; Euskal Herriko lurraldeetan erabakitzeko eskubidea gauzatu ahal izateko, erreferendum bidez, normaltasunez, libre eta demokratikoki, eta berme guztiekin. Orain arte 208 herri argiztatzeko gai izan gara, eta hemendik aurrera, Euskal Herri osoa argiztatzea dugu helburu”.

Erabakitzeko baldintzak sortzen ari direla adierazi dute: “Galdeketen bidez ereindako lurrak eman ditu bere fruituak, eta eman digu herritarroi konfiantza, indarra eta determinazioa bide berean jarraitzeko. Galdeketen bidez lortutako horretan sakontzeko garaia da orain. Lur bera, lur emankor hori bera ereiten jarraitzeko garaia da; oraindik ere, asko baitu emateko”.

Zubeldia eta Etxarrik iragarri dutenez, fase berria martxoaren 31n aurkeztuko dute, eguerdiko 12:00etan Bilboko Euskalduna Jauregiko auditorio nagusian: “Etorkizuna gure eskuetan sentitzen dugulako, prest gaude erabakira iritsi arte lanean jarraitzeko, lurra ereiten segitzeko. Bost urte ez baitira alferrik igaro. Honetarako jaio ginen. Egin dezagun bidea”.

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu, erabiltzaileei ahalik eta zerbitzurik onena eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie-ak onartzeko baimena emango duzu eta cookie-en politika onartuko duzu. Sakatu esteka, informazio gehiagorako ACEPTAR
Aviso de cookies