Milaka lagunek salatu dute demokraziaren aurkako epaiketa, Donostian

Eguerdiko 12:00etan abiatu da manifestazioa Donostiako Katalunia Plazatik Konponbidea, demokrazia, askatasuna goiburupean.

Aste honetan Konponbide politikoaren alde deituriko manifestuaren sinatzaileetako batzuk eta ekitaldian parte hartu duten hizlariek osatu dute manifestazioaren burua. Ekitaldian, bestalde, Kataluniako herriekin senidetutako herrietako alkateek, Eider Rodriguez idazleak, Irantzu Perello Erabakizaleak elkarteko abokatuak, Carles Puigdemont presidentearen arreba Montsek eta Gure Esku Dagoren bozeramaile Angel Oiarbidek. Irati Odriozola abeslariarekin batera, Agure Zaharra kantatuz amaitu dute.

“Ez zuen inoiz hasi beharko, baina hasi da”, adierazi du Angel Oiabidek, bere hitzartzean: “Epaiketa historiko bat hasi da. Lehenik eta behin, besarkada bat akusatuen aulkian zaudeten guztientzat, eta, bereziki, bidegabeki preso zaudetenontzat eta zuen senideentzat. Une zail hauetan, Jordi Cuixart, Jordi Sanchez, Oriol Junqueras, Joaquim Forn, Josep Rull, Dolors Bassa, Jordi Turull, Raül Romeva eta Carme Forcadell, jaso ezazue besarkada bero bat, jaso ezazue euskal herritarron elkartasunaren kemena. Ez zaudete bakarrik. No esteu sols”.

Gure Esku Dagoko bozeramailearen hitzetan, epaiketaren lehen egunetan argi ikusi da Espainiako sistema politiko eta judiziala daudela benetan akusatuen aulkian, defentsa Estatua ari dira akusatzen, eta Fiskaltza eta Vox saiatzen ari direla Estatuaren defentsa egiten.

“Lurraldearen zatiezintasuna, oinarrizko eskubideen gainetik jartzen duen erregimen baten aurrean, bestelako zoru baten gainean eraiki behar dugu euskal herritarrok gure etorkizuna, denon artean, auzolanean, eta zoru hori osatzea da datozen hilabeteetako benetako erronka”, esan du Oiarbidek.

Erabakitzeko eskubidea mundu justuago bat eraikitzeko oinarria dela azpimarratu du GEDeko bozeramaileak, bozkatzea konponbiderako giltza dela, Eskozian, Quebecen, Ipar Irlandan, Katalunian edo hemen: “Badakigu batzuek oztopoz bete nahi dutela erabakiaren bidea, baina ziur gaude, elkarlanaren bidez, herrien arteko elkarlanaren bidez, eta euskaldunon arteko elkarlanaren bidez, traba guzti horiek gainditu ahal izango ditugula”.

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu, erabiltzaileei ahalik eta zerbitzurik onena eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie-ak onartzeko baimena emango duzu eta cookie-en politika onartuko duzu. Sakatu esteka, informazio gehiagorako ACEPTAR
Aviso de cookies