2022ko uztailaren 2an, katalan eta euskal herritarrok 300 gailurretik gora argiztatuko ditugu Pirinio osoan zehar. Farol bereziak eta linternak baliatuz, argi-lerro bat osatuko dugu Higer lurmuturretik Creusera, Atlantikotik Mediterraneora. Euskal Herria eta Katalunia batuz, gure herrien autodeterminazio eskubidea aldarrikatuko dugu.
Mobilizazio honek Katalunian eta Euskal Herrian egindako hainbat ekintza ditu aurrekari: ‘Llum i llibertat’ (2019), zeinetan Montserrateko 131 orratz argiztatu zituzten; ondorengo asteetan, ‘Argi dugu bidea’ lelopean, Euskal Herriko hainbat menditan -Aiako Harria, Txindoki eta Anboto, besteak beste-, elkartasunez egindako erreplikak; eta ‘Cims per la llibertat’ (2018).
Pirinioetako Bidea argiztatuz, nazioarteko komunitatearen arreta geureganatuko dugu herrion autodeterminazio eskubidearen alde. Mezu argi bat bidaliko dugu Pirinioetatik mundura: katalan eta euskal herritarrok libre eta burujabe izan nahi dugu, gure etorkizuna erabaki nahi dugu, eta herritarron borondatea entzun eta errespeta dadin eskatzen dugu. Ez gehiago, baina ezta gutxiago ere. Lurralde bateko herritarren gehiengoak estatu berri bat sortzea hautatuz gero, posible izan behar da herri borondate demokratiko hori bururaino eramatea. Demokrazia eta askatasun kontu bat da.
Erabakitzea askatasuna erabiltzea da. Erabakitzea ez da inoiz gatazka iturri; erabakia ukatzea, aldiz, bai. Espainia eta Frantziako estatuek gatazka demokratiko bat eragin dute gure herriei erabakitzeko askatasuna ukatuz eta gure aurkako errepresioa erabiliz. Arazoa ez dago, beraz, Katalunian edo Euskal Herrian; arazoa Estatuena da.
Jokaleku konplexua da nazioartekoa: Estatuak eta estaturik gabeko naziook ez gaude pareko baldintzetan, baina ez diogu horregatik partida jokatzeari uko egingo. Indarrak batu eta inteligentzia kolektiboa erabili beharko dugu nazioartean gure ahotsa eta kontakizuna entzun daitezen. Zentzu horretan, mobilizazioarekin batera dokumental bat egitea aurreikusten dugu.
Nazioarteko komunitateak ezin du beste aldera begira jarraitu. Europako Batasunak jarreraz aldatu eta bertako herritarron eskubideak bermatzeko lan egin behar du, baldin eta herritarrontzat baliagarri izan nahi badu, eta erakundearen beraren iraunkortasuna bermatu nahi badu.
Hain justu, egungo eta etorkizuneko gatazken aurrean Europa mailan oinarrizko prozedura-estandarrak ezartzeko ekimenak ikusten ari gara azken aldian. Eusko Ikaskuntzak eta Institut d’Estudis Catalansek subiranotasunaren lurralde-gatazkak konpontzeko jardunbide egokien kode bat prestatzeko oinarriak ondu dituzte nazioarteko erreferentziazko hainbat aditurekin elkarlanean. Zentzu berean, Europako indar subiranistek Self Determination Caucusa osatu dute Europako Batasunean argitasun lege bat bultzatu asmoz. Interesgarria da alor akademiko eta politikotik sustatutako ekimen hauek norabide berean lerrokatu izana, eta uste dugu hauen eragina biderkatu litekeela aktibazio sozialarekin.
1939an, Jose Antonio Agirre eta Lluis Companys lehendakariak elkarrekin erbestera abiatu zirenean –La Jonqueratik gertu, Pirinioak zeharkatuz–, mezu argi bat utzi ziguten ondorengo belaunaldiei: gure borrokak partekatuak dira. Parteka dezagun, beraz, askatasunerainoko bidea ere. Bi herrion arteko elkartasuna etengabekoa izan da; hemendik hara bidali dugu, eta handik hona jaso. Urrats bat gehiago egingo dugu orain: elkartasunetik elkarlanera.
Pirinioetako Bidea Euskal Herriko eta Kataluniako entitate sozialek elkarlanean antolatutako lehen mobilizazio herritarra da: ANC Assemblea Nacional Catalana, FEEC Federació d’Entitats Excursionistes de Catalunya eta Gure Esku gara antolatzaile, eta Omnium Cultural eta Artistes de la Republica, laguntzaile. Epe luzerako elkarlan baten abiapuntu gisa irudikatu dugu ekintza.
Katalan eta euskal herritarrok, baita galegoek ere, Espainiako estatuko jokalekua partekatzen dugu, eta gure arteko aliatzak indartu egiten gaitu. Nazioartekoaz esan bezala, Espainiakoa ere jokaleku konplexua da, baina adi egon beharra daukagu, aukera leihorik irekitzekotan, baliatzeko.
Europako beste herri batzuekin ere partekatzen dugu burujabetzarako gogoa: herri eskoziarrarekin, irlandarrarekin, galestarrarekin, korsikarrarekin edo bretoiarekin, besteak beste. Herri bakoitzak bere errealitatea izanik ere, bakoitzaren asmoak gauzagarriak behar lukete izan. Trabarik gabe. Mugarik gabe.
Herri batek burujabetzarako bidean aurrera egiten duenean, gainerakoei ere urratzen die bidea; honenbestez, arreta handiz jarraitu behar dugu herri hauetan gertatzen dena ere. 2014an, eskoziarrak autodeterminazio erreferenduma egitear zeudenean -eta katalanak azaroaren 9ko kontsulta egitera zihoazenean-, euskal herritarrok mosaiko erraldoi bat egin genuen Zurriolako hondartzan. Zortzi urte ez dira, ordea, alferrik igaro, eta gure buruari galdetu beharko genioke non egon nahi dugun Europan hurrengo autodeterminazio erreferenduma(k) egiten direnean: beste mosaiko bat egingo dugu, ‘turista subiranista’ izango gara ala guk ere hautesontziak jarriko ditugu?
Uztailaren 2an, euskal herritarrok 100 gailurretik gora argiztatuko ditugu, baina argi esan behar dugu gure gailurra ez dagoela Pirinioetan, gure gailur edo helburua ‘zortzimilako’ bat da: herri gogoa berpiztu nahi dugu, burujabetzarako prozesu bat abiatzeko.
Honenbestez, 100 gailur argiztatzea baino askoz garrantzitsuagoa izango da guretzat 200 herri aktibatzea. Mobilizazioak erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamika Euskal Herri luze-zabalean indartzeko balio beharko du: jende berria batzeko, taldeetan erreleboak emateko eta sarea indartzeko.
300 gailurretik gora argiztatuko ditugu Pirinio osoan zehar, eta euskal herritarroi 115 gailur egokitu zaizkigu, Jaizkibeletik Benasqueraino (Huesca). Gailur ‘berdeak’ eta ‘gorriak’ bereiztu ditugu. Gailur berdeak igoera/jeitsieraren iraupena, ibilbidea, desnibela edo sarbideak bezalako ezaugarriak aintzat hartuz, ez dute aparteko zailtasunik, eta jende gehienarentzat izan daitezke irisgarriak, honenbestez, izen-ematea irekia izango da. Gailur hauetan bilduko da jende gehien, baina aforo muga izango dute, masifikazioa saihestu eta ingurumena zaintze aldera. Gailur gorriak, berriz, aurreko ezaugarri berberak aintzat hartuz, mendizale trebatuentzat soilik dira egokiak, eta honenbestez, izen-ematea mugatua izango da. Gailur hauek aforo txikiagoa izango dute, eta espedizio-taldeak osatuko ditugu.
Giza-kateetan egin izan dugun bezala, herrietatik autobusak antolatuko ditugu eta ahalik eta jende gehien eramango dugu mendietara. Edonola ere, arrazoi bat edo beste tarteko mendira joan gabe ere ekimen berezi honen parte izan nahi duen jendeari horretarako aukera ematen saiatuko gara. Azken batean, herri osoak izan beharko luke bere tokia erronka kolektibo eta parte-hartzaile honetan. Aukera ikusten badugu gailurre(ta)ra jendea bidaltzeaz gain, herrian ekintza sinboliko bat egiteko, egin dezagun! Oinarrizko bi elementurekin jokatzea proposatzen dugu: bata, ilunabarrean, gailurrak argiztatzearekin batera, herriko toki jakin bat argiztatzea, eta bestea, horrekin batera, euskaldun askok ia ereserkitzat dugun ‘Txoria txori’ abestea.
Izen ematea martxoan jarriko dugu martxan, www.pirinioetakobidea.eus webgunearen bidez. 10 euro ordaindu beharko da: 5 euro antolakuntza gastuei aurre egiteko, eta beste 5 istripu zein erreskateetarako asegurua estaltzeko. Federatuta dauden parte hartzaileek dagoeneko badute asegurua, eta beraz, antolakuntzara bideratuko diren 5 euroak baino ez dituzte ordaindu beharko.
Herri bakoitzak gailur bat edo gehiago izango ditu izendatuta. Honenbestez, izena emateko garaian, nongoak garen jarriz gero, gailur jakin bat(zu)etara bideratuko gaitu izena emateko aplikazioak. Azken batean, proposamena herrikideak elkarrekin, autobus berean joatea da. Edonola ere, bestelako gailur bat hautatzeko aukera ere egongo da. Gailur gorrien kasuan, mendizale trebatuek -norbanako zein talde- dagoeneko izena eman dezakete, pirinioetakobidea@gureeskudago.eus helbidera idatziz.