Gure Eskuk Telesforo Monzon eLab Euskal Herrigintza Laborategiarekin elkarlanean sustatutako ekimen baten berri eman nahi dizuegu. Periskopioa du izena, eta burujabetza prozesuei buruzko buletin berezitu bat da. Erabakitzeko eskubidearen alorreko albisteak, analisiak, iritziak, elkarrizketak, eta ikerketen emaitzak jasoko ditu, bi edo hiru hilabeteko maiztasunarekin. Eduki guztiak egongo dira euskeraz, eta gazteleraz, frantsesez eta inglesez ere irakurri ahal izango dira, testuen jatorrizko hizkuntzaren arabera.
Buletina jasotzeko bi bide egongo dira: Gure Eskun bazkidetzea ala Periskopioa buletinera harpidetzea. Gure Eskun bazkidetuz gero, Periskopioa ez ezik, erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamikari buruzko lehen eskuko informazioa jasoko du herritarrak, eta nola ez, bazkide gisa, erabaki estrategikoetan parte hartzeko aukera izango du. Bazkide kuotari dagokionez, norberak erabaki dezake ze kopuru ordaindu nahi duen, eta ordainketa inorentzat traba izan ez dadin, “0 kuota” hautatzerik ere badago. Periskopioa buletinera harpidetza doakoa izango da.
Europako eta munduko beste hainbat herrirekin partekatzen dugu burujabetzarako gogoa. Herri batek aurrera egiten duenean, gainerakoei ere urratzen die bidea; honenbestez, arreta handiz jarraitu nahi dugu beste herri batzuetan gertatzen dena. Gure uretatik harago gertatzen dena Euskal Herrira ekarri eta bertako dinamikekin sintoniak eta sinkroniak bilatu nahi ditugu.
Periskopioaren lehen alean, berariaz egindako bi analisi jaso ditugu: Duroyan Fertl-en “Brexit-aren ondoren: Irlanda, Eskozia eta EB” eta Robin McAlpine-n “Eskozian bildutako ikasgaiak”. Fertl Sinn Feineko eta Europako Ezker Uniario/Ezker Berde Nordikoko ahokulari ohia da. Gaur egun, Europako iparraldeko herrialdeen koordinatzailea da Rosa Luxenburgo fundazioan. McAlpine, berriz, Common Weal aditu taldeko zuzendaria izan da 2014tik 2021era. Jimmy Reid Fundazioko lehen zuzendaria izan zen eta kazetari ere jardun izan da. Analisi mamitsu horiez gain, TM eLab-eko kideek Irlanda eta Eskozian egindako bi inkestaren emaitzak jaso eta ondorio nagusiak aletu dituzte.