Erabakitzeko eskubidea eta burujabetza erdigunean jartzeko garaia da, lema hartzeko garaia da!

Euskal herritarrok etorkizun politikoa erreferendum bidez erabakitzeko eskubidea gauzatu arte, burujabetza esparruak irabaztea ahalbidetuz eta euskal lurralde guztietako herritarron arteko lankidetzan sakonduz, ilusioz lan egiteko konpromisoa berretsi du Gure Eskuk 10. urteurrenaren atarian.

Gaur Ficoban (Irun) Gure Eskuren Itsasargia Nazioarteko Konferentzia ospatu da. Goizean bi mahai-inguru egon dira; “Lurralde gatazken konponbidea Europako eremuan” eta  “herritarron aktibazioa olatu subiranista berrian” izenburukoak. Jon Olanok moderatutako lehen mahai-inguruan, Euskal Herriko, Kataluniako eta Galiziako kazetariak izan ditugu; hots, Iñaki Soto (Gara), Ferran Casas (Nacio Digital) eta Maria Obelleiro (Nós Diario). Bigarrena Zelai Nikolasek moderatu du eta Patricia Mac Bride irlandarra (Ireland´s Future), Elena Jimenez katalana (Omnium Cultural) Maggie Lenon eskoziarra (Women for Independence) eta Josu Etxaburu euskalduna (Gure Esku) izan ditugu mahaiaren bueltan.

Bi mahai-inguruen artean agerraldi politikoa egin du Gure Eskuk. Josu Etxaburu bozeramaileak eta Irantzu Perello abokatuak Itsasargia eztabaida prozesuan adostutako proposamen politikoa plazaratu dute. Hemen duzue testua osorik irakurtzeko aukera:

 

GURE ESKUREN 10. URTEURRENEKO ADIERAZPENA

Duela 10 urte sortu zen Gure Esku. Lehen agerraldia Ficoban egin genuen aldarrikapen bat eta erronka bat plazaratzeko. “Herri bat gara, erabakitzeko eskubidea dugu, herritarron garaia da” izan zen gure aldarrikapena, eta, orduan plazaratu genuen erronka, Durango eta Iruñea lotuko zituen giza-kate bat osatzea.  Helburu argi batekin abiatu zen Gure Esku: euskal herritarron erabakitzeko eskubidea erabiliz, gure etorkizun politikoa erabakitzea.

Subiranotasuna aldarrikatzen ez gara lehenak Euskal Herrian, ezta hurrik ere. Garai historiko ezberdinetan, burujabe izateko ahaleginak hainbat protagonista izan ditu. Euskal Herriaren autodeterminazio eskubidearen aldarrikapena eta autogobernuaren defentsa eta garapena ardatz izan dira azken hamarkadetako herrigintzan, eragile ezberdinen eskutik. Gure aitortza herri burujabe baten alde egindako lan guzti horri.

Gure ustez, gure etorkizun politikoa erabakitzea ez da soilik Gure Eskuren helburua; euskal herritarron gehiengoarena ere bada.  Euskal herritarron gehiengoak erabaki nahi du zein izango den bere etorkizuna. Are gehiago, etorkizuna erabaki ahal izatearen helburua guztiz demokratikoa da: Euskal Herriko herritar ororentzat da baliagarria. Den-denak barne biltzen ditu: den-denek dute erabakitzeko hitza, berdintasunez, edozein dela pentsaera edo jatorria.

Helburu horren alde aritu da lanean Gure Esku azken hamar urteotan, baina, jakina, ez gara bakarrik aritu. Norabide horretan, denon artean, urrats sendoak egin ditugulakoan gaude.

Nahi bezain urrun iritsi ez bagara ere, balio handia ematen diegu elkarrekin egindako urratsei, eta harro gaude Gure Eskuk egindako ekarpenaz. Gogoan ditugu Durango-Iruñea giza kate erraldoia (2014), Zurriolako mosaiko ikusgarria (2014), aldi berean lau estadiotan eta zezen plaza batean bildutako jendetza (2015),  Donostia-Bilbo-Gasteiz bigarren giza kate erraldoia (2018), 208 herritan egindako galdeketak (2014-2019), Kataluniako herriarekin elkartasunez eta demokraziaren eta bozkatzeko eskubidearen alde egindako hamaika mobilizazioak, hainbat eragilerekin elkarlanean sustatutako Hamaika Gara erreferendumaren aldeko egitasmoa (2020-2021), Pirinioetako 300 gailurren argiztapena… Hauek eta hainbat gauza gehiago egin ditugu, elkarrekin, adostasunak ehunduz  eta ilusioarekin.

Hamar urteotan, erabakitzeko eskubidearen aldeko giro berri bat eragin dugu. Zoru amankomun bat osatzen eta elkarbizitza hobetzen lagundu dugu. Etorkizun politikoa erabakitzea bertako herritarroi dagokigula ezartzen duen printzipio demokratikoa errotu eta sendotu egin da gure gizartean.  Halaber, milaka herritar ahaldundu da azken urteotan erabakiaren bidean. Herri galdeketak eskola ezin hobeak izan dira egunen batean erreferendum bidez erabaki ahal izateko.  Urteotan, agerian gelditu da ere herri hau gai dela aktibatu eta mobilizatzeko erronka zailen aurrean.

Hamargarren urteurrenaren atarian, Gure Eskuko kideok gogoeta egin dugu, orain arte ibilitakoaz eta aurrera begirako bideaz. Itsasargia deitu diogu gure gogoeta prozesuari, bidea eta norabidea argitzeko beharra sentitu dugulako. Gaurko hitzordua baliatu nahi dugu gure gogoetak zuekin eta Euskal Herri osoarekin partekatzeko. Aurrera begira jarrita.

1) Etorkizuna aske erabakitzea gure herrian errotutako borondatea da. Baina ez da soilik printzipio kontu bat. Premiazko kontu bat ere bada. Egungo eta etorkizuneko erronka kolektiboei behar bezala erantzuteko, edota herritar guztien bizi baldintzak hobetzeko, premiazkoa da erabakitzeko ahalmena areagotzea.

Adibidez, etxebizitza eskubidea bermatzeko, pentsio duinak izateko, euskararen etorkizuna eta euskal hiztunen eskubideak bermatzeko, euskal kulturaren garapena eta zabalkundea ziurtatzeko, euskal herritarren gehiengoaren borondatea errespetatuko duen justizia sistema izateko eta beste hamaika funtsezko behar asetzeko… erabakitzeko ahalmen gehiago behar dugu.

Horregatik, zilegi delako eta premiazkoa delako, bada momentua etorkizunaren jabe izatearen aldeko apustua egiteko, bada momentua etorkizunaren kontrola gure eskuetan sentitzeko. Herritarrok hitza hartzeko garaia da. Herri gisa, etorkizunaren lema eskuratzeko garaia da.

Etorkizun politikoa erreferendum bidez erabaki nahi dugu, hori da gure iparra. Norabide hori bistatik galdu gabe, bidea jorratzen dugun bitartean, erabakitzeko ahalmena handitzea lortu behar dugu, eremuz eremu eta lurraldez lurralde.

Beraz, lurralde eremu bakoitzean, tokian tokiko berezitasunak oinarri hartuta, burujabeago izateko nahian egindako urratsak aintzat hartzen ditugu. Ziur gaude urrats gehiago etorriko direla, eta baliagarriak izango direla  denok aurrera egin dezagun.

2) Herri ikuspuntutik, burujabetza esparruak irabazi behar ditugu. Burujabetza esparru materialak gureganatzeak estatus politiko burujabea lortzen lagunduko dio gure herriari. Era berean, urrats burujabeak egitea eta arnasgune burujabeak eraikitzea gakoa izango da burujabetza osoa lortzeko.

3) Aldi berean, euskal lurralde guztietako herritarron arteko lankidetzan sakondu beharra nabarmendu nahi dugu. Elkarren ondoan bizi gara, lotura estuak ditugu eta arazoak eta erronkak partekatzen ditugu. Elkarren arteko lankidetza areagotu behar dugu: harreman gehiago, proiektu bateratu gehiago, baliabide gehiago. Lankidetza areagotzea, ziur gaude, onuragarria izango da Euskal Herriko lurralde guztietako herritarrontzat.

Hauxek dira Gure Eskuren gogoeta xumeak aurrera begira, Euskal Herriko herritarren esku uzten ditugunak.  Herri burujabea izateko, aipatutako hiru ardatzak nolabait uztartzea funtsezkoa iruditzen zaigu: erabakitzeko eskubidea erabiltzea, burujabetzak lantzea eta lurraldeen arteko lankidetzan sakontzea. Uztarketa hau eginkizun kolektibo bat da. Guztientzat dago zeregina, herritar izan edo eragile izan. Bakoitzak izan dezake bere egitekoa. Gure Eskuk, berea.

Gure Eskuren zeregin nagusia euskal herritarrok dugun erabakitzeko eskubidea gauzatzearen alde aritzea da. Helburu horren bila, lanean jarraitzeko konpromisoa agertu nahi dugu, gaur, Ficoban.

  • Mobilizazio berriak antolatzeko prest gaude, bai erabakitzeko eskubidearen aldekotasun zabala erakusteko, bai erabakitzeko ahalmena handitzeko beharra aldarrikatzeko, bai herritarrak aktibatzeko.
  • Erabakitzeko eskubidearen aldeko gehiengo sozio-politikoak eraginkor bihurtzen saiatuko gara, herriz herri eta lurraldez lurralde. Ildo beretik, estatus politiko berrien alde, eragile sozio-politiko-instituzionalen adostasuna eta konpromisoak sustatuko ditugu.
  • Etorkizun politikoa boto bidez erabakitzeko proposamenak eta aukerak landuko ditugu.
  • Herri nortasuna eta erabakitzeko nahia nazioartean zabalduko dugu. Baita beren buruaren jabe izateko borrokan ari diren beste herriekin elkarlana bultzatuko dugu ere.

Zeregin nagusi honekin batera, beste bi ardatzetan ere bere aletxoa jartzeko prest dago Gure Esku. Beti ere, begirunetik eta bateratasunetik. Horretarako, harremanak landuko ditugu eragile ezberdinekin, gogoetak partekatzeko eta elkarlanerako aukerak aztertzeko.

Batetik, garrantzitsua iruditzen zaigu burujabetza ekimenak indartu eta bultzatzea, elkarlanaren bidetik. Era berean, gabeziak, trabak, menpekotasunak, eta inposizioak agerian utzi eta indargabetzeko beharra ikusten dugu, denon arteko bultzadaz.

Ipar Euskal Herriko ikasleei azterketak euskaraz egiteko eskubidea ukatzen dietenean, hizkuntza eskubideak bermatzeko euskal herritarroi dagokigun erabakitzeko eskubidea ukatzen ari dira. Guztion afera da. Horregatik, gaur Baionan izango gara Azterketak euskaraz. Euskarari trabarik ez! leloa duen manifestazioan. Euskararen etorkizunaren lema gure eskuetan nahi dugulako.

Bestetik, lurraldeen arteko sinergiak eta lankidetza bizkortzearen beharra ikusten du Gure Eskuk. Lankidetzatik, elkarrekin, hobeto helduko diegu erronka partekatuei.  Gure ustez, lurraldeen arteko harremanak sendotzea eta lankidetza esparruak eraikitzea, erabakitzeko eskubidearen aplikazioa ere bada.

Duela hamar urteko aurkezpenean, hemen bertan, Ficoban, itsasoan aurrera egiteko oihal handiak behar direla esan genuen, haizeaz ongi baliatu ahal izateko. Eta gehitu genuen Gure Eskuk sare zabal, anitz eta sendoa ehundu nahi zuela, une hartan zebilen indarra aprobetxatzeko. Oihal handi horiek ehunduta daudelakoan gaude. Haize bolada handi bat hartzeko prest.

Itsasargiaren laguntzaz, norabidea argiturik daukagu. Portura iristeko itxaropena, inoiz baino osoago.  Erabakitzeko eskubidea eta burujabetza erdigunean jartzeko garaiak datoz. Elkarrekin egiteko bidaia da. Har dezagun bidea, har dezagun etorkizunaren lema! Elkarren eskutik lortuko dugu!

                                                                                                                                                            Irun 2023-04-22

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu, erabiltzaileei ahalik eta zerbitzurik onena eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie-ak onartzeko baimena emango duzu eta cookie-en politika onartuko duzu. Sakatu esteka, informazio gehiagorako ACEPTAR
Aviso de cookies