“Burujabe izateko eta mugarik gabe erabakitzeko gehiengoaren nahia” erakutsiko du “erreferendumaren aldeko herri ekimena” deituriko egitasmoak. Mota guztietako eragile eta herritarren arteko lanketa izango du oinarri eta “Euskal Herrian inoiz egin den sinadura bilketarik handiena” izatea du helburu.
Gure Eskuren bozeramaile Amalur Alvarez eta Josu Etxaburuk prentsa gosari bat egin dute Donostian, datorren urteko maiatza eta ekainera begira lantzen ari den erreferendumaren aldeko herri ekimena aurkezteko. Azalpen horiekin batera, testuinguru politikoaren inguruko hausnarketak ere plazaratu dituzte. Ondorengo lerroetan jaso ditugu gako nagusi batzuk.
“Etorkizunaren jabe izateko borondateari bide eman behar zaio. Hauteskundeetako emaitzek euskal herritarrok —katalanek bezala— gure burua gobernatzeko dugun borondatea berretsi baino ez dute egiten” (…) “Gure errealitateari ezin diogu uko egin. Espainiako egoerak –Espainiako Kongresuko eta Senatuko errealitateak– ezin du markatu gure bidearen iparra”.
“Gakoa da katalanek erabakitzen dutena errespetatzea, eta, erabakitakoa elkarrizketa politikoaren bidez aurrera eramatea”.
“Euskal Herrira begira lan egiteko garaia dela: gizartea kohesionatu, saretu, eta elkarlanean jarri nahi dugu, herri-ekimenaren ildotik. Inboluzio antidemokratikoaren aurrean, ezin dugu gure burua traizionatu: orain, inoiz baino gehiago, eutsi egin behar diogu gure aldarriari, eta demokraziaren, oinarrizko eskubideen eta erabakitzeko eskubidearen alde lanean jarraitu”.
“Sinetsita gaude, herritarron gehiengo zabal batek bat egiten duela bat burujabe izateko nahiarekin. Gehiengo sozialak uste duela komunitate bakoitzaren etorkizun politikoak haren herritarren esku egon behar duela. Ziur gaude. Kalean ikusten dugu. Gizarte zibilaren aldarrikapenetan entzuten dugu. Eta orain, gehiengo zabal hori saretu eta ikusarazi nahi dugu”.
“Erreferendum bidez erabakitzearen aldeko atxikimendu eta konpromiso pilaketa masibo bat egingo dugu. Horretan datza erreferendumaren aldeko herri ekimenak”.
“Egitasmoak sinadura bilketa bat izango du ardatz, gure etorkizuna erreferendum bidez erabaki nahi dugula adierazteko; eta, sinadura bilketaren bueltan, mobilizazio-aldi bat antolatuko dugu, printzipioz, hilabete iraungo duena, maiatza eta ekaina bitartean. Euskal Herri osoa, herriz herri, ekintzaz josiko dugu, eta horrekin batera, herritarren sinadurak bilduko ditugu, zenbat garen ikusarazteko”.
“Kopuru esanguratsu bat lortuko dugula konbentzituta gaude eta marka bat hautsi nahi dugu: Euskal Herrian egin den sinadura bilketarik handiena izatea”.
“Elkarlan esparru berri bat sortu nahi dugu, herri ekimena elkarlanean lantzeaz gain, erabakitzeko eskubidea gauzatzearen aldeko prozesua denon artean gorpuzteko, epe luzeko begirada batekin”.