“Euskal Herrian ere eskubideen defentsa ezinbestekoa da”

Gure Eskuk deituta, Arantzazutik Urbiarako bidea (Gipuzkoa) egin dute 200 lagun inguruk, Kataluniako preso politikoekin elkartasunez eta oinarrizko eskubideen defentsan. Eguerdian, lazo hori itxurako mosaikoa osatu dute Urbiako zelaigunean [argazkia atxikita]. Gure Eskuren bozeramaile Amalur Alvarez eta Josu Etxaburuk ondorengo mezua irakurri dute.

URBIAKO MEZUA

Kataluniako buruzagi sozial eta politikoen aurkako epaiketa amaitu den honetan, gure ezinegona adierazteko elkartu gara, beste behin ere. Oinarrizko eskubideen defentsan egin dugu Arantzazutik Urbiarako bidea. Giro onean eta baketsuan protesta eginez, eta haserrea elkarrekin bideratuz, indartsuago sentitzen gara, eta indar hau da aurrera egiteko bultzada ematen diguna.

Kataluniako prozesuaren aurkako epaiketa hasi aurretik bagenekien ez zela epaiketa justua izango, epaiketa politiko zelako. Bagenituen arrazoiak hori pentsatzeko eta motibo horiek biderkatu egin ditu hilabeteotan Espainiako estatuak.

Urriaren 1eko erreferenduma zigortzea, demokraziaren aurka egitea da. Manifestazio eskubidea, biltzeko eskubidea, informazio eskubidea, adierazpen askatasuna edota desobedientzia zibila kriminalizatzea oinarrizko eskubideak urratzea da. Ez dezatela inor nahastu. Finean, herritarren borondatea erreferendum bidez adierazi izana, hau da, autodeterminazio eskubidea gauzatzea ari dira jazartzen, modu erabat bidegabe eta neurrigabean.

Argi dugu amaiera justu bat izango badu epaiketa politiko honek, akusatu guztien askatasuna eta erabateko absoluzioa ekarri behar dituela. Ez bada hori gertatzen, zigor-epaia batek eragingo duen haserrea demokraziaren aldeko pultsu masibo eta geldiezina bilakatuko da, baita Euskal Herrian ere. Epaiketa honek eta beste hainbat eta hainbat auzi eta kasuk erakutsi digute gure oinarrizko eskubideak jokoan daudela. Botere faktikoak ezkutatzen saiatzen dira baina guk oso presente dugu Altsasuko gazteek 958 egun daramatzatela preso, tabernako liskar batengatik; irailean makrosumario bat abiatuko dela 47 emakume eta gizonen aurka oinarrizko eskubideen jazarpena oinarri duena; eta abar luzea.

Euskal Herrian ere eskubideen defentsa ezinbestekoa da. Guk ez baditugu defendatzen, ez ditu inork defendatuko.

Aste honetan entzun diogu Marcel Mauri Omnium Culturaleko lehendakariordeari: estatuan bozkatzea delitua bada, bozkatzen jarraitu beharko dugula, erakusteko oinarrizko eskubidea dela. Horregatik, berriro egingo dutela diote katalanek. Berriro bozkatuko dutela. Eta ez izan zalantzarik, orduan ere alboan izango gaituzue. Era berean, guk diogu, hemen ere bozkatuko dugula. Posible egingo dugula erreferendum bidez erabakitzea. Eta badakigu momentu horretan ere gurekin egongo zaretela. Horregatik, gaur Katalunia babestea, gure eskubide eta askatasunak defendatzea ere bada.

Elkarrekin indartsuago egingo diegu aurre horma eta harresiei, mehatxuei, errepresioari. Bat eginda gaindituko ditugu denak. Eta aske izango gara.

Serem lliures.

Gure esku dago.

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu, erabiltzaileei ahalik eta zerbitzurik onena eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie-ak onartzeko baimena emango duzu eta cookie-en politika onartuko duzu. Sakatu esteka, informazio gehiagorako ACEPTAR
Aviso de cookies