Garai latza bizi dugu. Esan gabe doa. Pandemia garaian, gure gizartea ispiluaren aurrean jarri dugu: zaurgarriak gara, eta aldi berean, uste genuena baino errelisilientzia eta indar handiagoa dugu. Eutsi egin diogu, eta oraindik ere egoera konplikatuan gauden arren, uste dugu laister izango dela eutsi bakarrik ez, eta aurrera egiteko unea.
Gutako bakoitzaren ahalegina ezinbestekoa izaten ari da pandemiari aurre egiteko, eta pandemiaren ondoren nahi dugun herria eraikitzeko ere, gutako bakoitza ezinbestekoa izango da. Horretan ez dugu zalantzarik.
Osasun krisiaren kudeaketak hamaika gabezia utzi ditu agerian; horietako bat, guretzat oso nabarmena, gure herriaren burujabetza falta da. Ikusi dugu zer gertatzen den herritarrak zaintzeko tresnak falta zaizkizunean, beharrezko neurriak hartzeko eskumenik ez duzunean.
Adibide bat: txertoekin gertatzen ari den bidegabekeria. Inori zilegi iruditzen zaio industria farmazeutikoak txertoen patenteei eustea, mundu osoan ekoiztu eta hedatzea galaraziz? Eta zergatik onartzen dugu? Burujabetza galera ikaragarria da halako erabakiak eskukada bat enpresaren esku uztea.
Bigarren adibide bat, denon ahotan dagoena: zer gertatuko da Hego Euskal Herrian maiatzaren 9an Espainiako Gobernuak Alarma Egoera bertan behera uzten badu? Zein berme izango dute Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak salbuespenezko neurriak ezartzen jarraitu ahal izateko? Badirudi arduradun politikoak Madrilera begira daudela, beren balizko erabakiei babes juridikoa emango ote dieten zain. Eta beren aldarriekin bat egiten dugu, baina kezkagarria iruditzen zaigu egoera honetara iritsi izana.
Gasteiz eta Iruñeko gobernuek osasunaren gaineko eskumena izanda ere, osasun krisia kudeatzeko konpetentzia osoa ez izatea gure autogobernuaren mugen erakusle argia da. Premiazkoa iruditzen zaigu bertako legebiltzarrek iniziatiba handiagoa hartzea dagozkigun konpetentziak erabiltzeko legedia garatzeko garaian.
Bi adibide hauekin adierazi nahi dugu erabakimenaren auzia hil ala bizikoa izan daitekeela bizi dugun egoeran, eta ez dela gehiago atzeratu litekeen kontu bat. Krisi honi erantzuteko ere, erabakitzeko ahalmena behar dugu.
Argi dugu zailtasun sanitario eta sozio-ekonomikoei aurre egiteak lehentasun osoa duela, baina ez genioke horregatik arnas luzeagoko politika egiteari utzi beharko. Begirada altxatzen hasteko unea da, unean-uneko urjentziek zerikusi handia baitute etorkizuneko erronkekin.
Beste zenbait herrialdetan ulertu dute hori. Brexit-ak eta pandemiaren kudeaketak independentzia erreferendumak antolatzeko determinazioa indartu dute Eskozia, Irlanda eta Galesen, eta Edinburgoko parlamentuan, dagoeneko badute erreferendum berri baterako legearen zirriborroa.
Bada garaia Euskal Herrian ere erabakitzeko bidean urrats berriak emateko. Edozein gai edo auziri buruzko erabakiak hartzeko gai izan beharko genuke, baita gure lurraldearen etorkizun politikoa eta beste lurraldeekiko harremanak menpekotasunik gabe eta askatasunez hautatzeko ere.
Azken aldian, arduradun politiko bati baino gehiagori entzun diogu pandemiaren kudeaketak ez lituzkela beste zenbait gai impasse egoera batean utzi beharko, eta espero dugu hitz hutsetan ez geratzea. Izan ere, ez zaigu zentzuzkoa iruditzen Espainiako Kongresuan babes juridikoa eskatzea maiatzaren 9tik aurrera, Alarma Egoera bertan behera geratu ondoren, salbuespenezko neurriak hartu ahal izateko, eta bitartean, erabakitzeko eskubidearen gaian aurrerapausorik ez ematea. Ez dugu Estatuek baldintza lezaketen aterki juridiko huts bat nahi: erabakitzeko tresnak gure esku nahi ditugu.
Gure Eskuk bere DNAn daraman ezaugarria da eskua jende guztiari luzatuz, baina inoren zain egon gabe, bidea urratzen segitzeko prest egotea, eta orain ere, horrela egingo dugu. Gure bizitzen jabe izan nahi dugu, eta horretarako, indartsu egiten gaituena berreskuratu nahi dugu: ekintza kolektiboa.
Badakigu ez dela garaia erraza ekintza kolektiboarentzat, baina orain, inoiz baino gehiago, bat egiteko unea da, elkar zaindu eta elkarrekin ekitekoa. Asteburu honetan, herriz-herri kalera aterako gara Hamaika Gara ekimenaren baitako erreferendumaren aldeko sinadura bilketa masiboa sustatzera, eta datozen hamaika asteetarako, apal hasi eta -egoera epidemiologikoa nabarmen okertu ezean- gorantz egingo duen mobilizazio dinamika bat aurreikusten dugu. Udatik bueltan emango diogu jarraipena, eta sinadura bilketa urte bukaerara arte luzatuko dugu.
Bi mugarri nagusi jarri ditugu egutegian: maiatzaren 22an, herri eta eskualde mailako ekintzak egingo ditugu; eta uztailaren 3an, mobilizazio bat egingo dugu Bilboko ibaiaren inguruan. Datozen asteetan, Hamaika Gara ekimenaren eragile sustatzaileekin batera emango dugu mobilizazio honi buruzko azalpen gehiago, baina gurekin bat egiten duen jendeari eskatzen diogu, oraingoz, data agendan gorde dezan. Esan gabe doa bizi dugun egoerara egokitutako mobilizazioa izango dela, eta uneak eskatzen dituen neurri guztiak hartuko ditugula denon osasuna zaintze aldera.
Bestalde, sinadura bilketari lotutako erronka bat botako dugu Hamaika Gara ekimenaren eragile sustatzaileok gaur bertan: #11SinadurenErronka. Izenak berak iradokitzen duen bezala, gutxienez hamaika sinadura lortzeko erronka jarriko diogu jendeari, izan ere, sinadura bilketa hau masibo izan dadin, ahalik eta jende gehien bilakatu beharko da, neurri handiago ala txikiagoan, sinadura biltzaile. Honenbestez, ez genuke nahi katea sinatzaileengan eteterik; erreferendumaren aldeko manifestua sinatzen duen pertsona oro beste jende batengana iristeko katebegi izan dadin nahiko genuke.
Hiru urrats egin beharko dira erronka batetzeko: lehenik, www.hamaikagara.eus webgunean sartu eta erreferendumaren aldeko manifestua sinatzea; bigarrenik, kanpainaren eskumuturreko bereizgarria eskuratzea, burujabetzarako bidean norbere atxikimendua eta konpromisoa adierazi eta ekimena finantzatzen laguntzeko; eta hirugarrenik, aipatu bezala, 11 lagunek, gutxienez, manifestua sinatu eta erronkarekin bat egin dezaten lortzea. Sare sozialen bidez ere bat egin ahalko da erronkarekin. Horretarako, eragile sustatzaileok zabalduko dugun bideoa publikatu eta 10-11 lagun etiketatu beharko dira, erronkari eusteko dei eginez.
Aipatutako eskumuturrekoa Hamaika Gararen webgunean zein herrietako kidegoaren bidez eskuratu daiteke. Eta asteburu honetan, kioskoetan erosi ahalko da, Berria egunkariarekin.
Iazko martxoaren 11n aurkeztu genuen Hamaika Gara ekimena, eta orduan azaldu genuen bezala, herritarron gehiengoak erabaki nahi duela ikusarazi eta gehiengo hori burujabetzarako prozesuan inplikatzea da gure helburua, sinestuta baikaude eragile eta herritarron indarrak batzea dela bide horretan urrats eraginkorrak egiteko bermea.
Ez dakigu krisi honetatik noiz irtengo garen, baina nola irtengo garen erabakitzea gure esku dagoela sinesten dugu, eta indarrak batzen ari gara egoera honetatik burujabeago irten gaitezen.