Galdakaon banatu dute Tripontziaren sari nagusia

Izar eta Estel liburuaren salmenta sustapenarekin batera, 52.000 zozketatu ditu Gure Eskuk. Gaur goizeko 09:30ean egin da zozketa, Beasainen (Gipuzkoa), notarioaren aurrean, eta baditugu zenbaki saridunak.

Zenbaki irabazlea Galdakaon (Bizkaia) saldu da: 21443. 30.000€-ko sari nagusia zenbaki horren ‘Behe Nafarroa’ serieak irabazi du. 2.000€-ko sariak eramango dituzte zenbakiaren gainerako serieak dauzkatenek: Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa, Lapurdi eta Zuberoa. Bigarren zenbaki sariduna Arrasaten saldu da, 14148, eta 1.000€ jasoko ditu zenbaki horren serie bakoitzak.

Urtero bezala, kultur sorkuntzari lotuta etorri da Tripontzia: boletoekin batera, erosleek ‘Izar eta Estel’ 6 eta 12 urte bitarteko irakurleentzako liburua jaso dute bertsio digitalean, eta aurtengoan, gainera, euskarri fisikoan ere eskuratzeko aukera izan dute. Gure Eskuk apustu berri bat egin du gabonetako zozketarekin batera banatzen duen kultur produktua euskarri fisikoan ere plazaratuz. Tripontziaren kanpainak iraun duen bitartean, liburua taldekideen bidez saldu da, eta izan duen harrera ona ikusita, edizio berri bat atera du dinamika herritarrak. Datozen hilabeteetan, kideen bidez ez ezik, internet bidez ere erosi ahalko da, Gure Eskuren dendan (www.denda.gureesku.eus).

Ane Labaka eta Nerea Ibarzabal dira liburuaren idazleak, Unai Gaztelumendi, ilustratzailea, eta Irati Majuelo, itzultzailea. Azken honek euskaratik katalanera itzulpena egin du, liburua alde batetik ala bestetik irekita, euskaraz ala katalanez irakurri baitaiteke Izar eta Estelen istorioa.

Gailurra zain dugu

‘Gailurra zain dugu’ izan da aurtengo Tripontziaren kanpainaren leloa, Gure Eskuk Pirinioetako Bidea mobilizazioaren antolakuntza finantzatzera bideratuko baitu irabazien gehiengoa. 2022ko uztailaren 2an, katalan eta euskal herritarrok 300 gailurretik gora argiztatuko ditugu Pirinio osoan zehar. Farol bereziak eta linternak baliatuz, argi-lerro bat osatuko dugu gure herrien autodeterminazio eskubidea aldarrikatzeko.

Mobilizazio ikusgarri honen bidez, nazioarteko komunitateari mezu argi bat bidaliko zaio: Euskal Herrian eta Katalunian gure etorkizuna libre erabaki nahi dugu, oztopo eta mugarik gabe. Gure herrien gehiengoak bere nahia demokratikoki adierazi eta emaitza errespeta dadin nahi dugu. Euskal Herriko eta Kataluniako gizarte erakundeok elkarrekin antolatutako lehen mobilizazioa izango da; ANC Assemblea Nacional Catalana, Omnium Cultural, FEEC Federació d’Entitats Excursionistes de Catalunya eta Gure Eskuren arteko elkarlanaren emaitza izango da.

Gizartea aktibatzeko aukeratzat ikusten du Gure Eskuk Pirinioetako Bidea. Euskal Herrian burujabetzarako prozesu bat abiatzeko lanean dabil herri dinamika, eta horretarako, herritarrok masiboki berraktibatzea ezinbestekoa da. Horrekin batera, erakunde publikoetan eragiteko bokazioari eusten dio, eta datozen hilabeteetan, erabakitzeko eskubidea lege bilakatzeko bidean urratsak egin daitezen lan egingo du. Zentzu horretan aurrera egiteko borondatea eta konpromisoa adierazten ari da gizartea, Gure Eskuk azken aldian sustatutako bi ekimen horren adierazle: ‘Hamaika Gara’ erreferendumaren aldeko sinadura bilketa, eta erreferentziazko 100 lagunek pasa den abenduaren 18an aurkeztutako Arantzazuko Adierazpena. Ordezkari publikoek ere konpromisoak hartzeko unea da.

Pirinioetako Bidearen aurkezpena

Urtarrilaren 29an egingo du Gure Eskuk Pirinioetako Bidearen Euskal Herriko aurkezpena, EHUren Bizkaia Aretoan (Bilbo). 10:30ean, Gure Eskuko kideei eta mobilizazioa buru-belarri aritzeko asmoa duen orori bideratutako antolakuntza mailako batzar bat egingo da, eta 12:00etan, herritar guztiei eta komunikabideei irekia izango den aurkezpena. Aforoa mugatua izango da, eta beraz, bertaratu nahi dutenek izena eman beharko dute (https://izenematea.gureesku.eus/eu/pirinioetakobidea).

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu, erabiltzaileei ahalik eta zerbitzurik onena eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie-ak onartzeko baimena emango duzu eta cookie-en politika onartuko duzu. Sakatu esteka, informazio gehiagorako ACEPTAR
Aviso de cookies