“Gure erabakitzeko gaitasuna gurea da, eragotzi dezakete, baina ezin digute kendu”

‘Erreferenduma ez da delitua’ goiburupean manifestazio jendetsua izan da gaur Donostian, Gure Eskuk deituta. Kataluniako buruzagi sozial eta politikoen aurkako epaia salatu eta oinarrizko eskubideen defentsan, kalera atera dira milaka euskal herritar.

Manifestazioaren buruan joan dira: Amalur Alvarez eta Josu Etxaburu Gure Eskuren bozeramaileak, Lluis Llach, Carlos Garaikoetxea lehendakaria, Gema Zabaleta, Anari Alberdi, Fermin Muguruza, Jule Goikoetxea, Xabier Euzkitze, Bel Pozueta, Fermí Rubiralta eta Irantzu Perello.

Kataluniako preso politikoek demokraziaren aurkako epaiketan egindako testigantzen zati bana irakurri dute, ekitaldiaren hasieran, bederatzi euskal herritarrek.

Eta Lluis Llach musikariak hartu du hitza mobilizazioaren amaiera ekitaldian. Mikel Laboa gogoan hasi du hitzartzea. Nabarmendu du auzi hau ez dela Kataluniako herriaren auzi bat, ezta independentismoarena ere: “Askatasunen eta demokraziaren auzia da. Sententzia honek suntsitu egin ditu lehendik genituen askatasun apurrak”. Jendearekin batera L’Estaca abestia kantatuz amaitu da ekitaldia.

Amalur Alvarez eta Josu Etxaburu bozeramaileek determinazioz hitz egin dute:

“Injustizia erraldoi baten aurrean gaude, benetako justiziarekin zerikusirik ez duen, eta ereduzko izan nahi zigor baten aurrean”.

“Aurrekaririk gabeko kriminalizazio baten aurrean gaude, non jopuntuan jarri diren gizartearen mobilizazioak, protesta masiboak, disidentzia politikoa, desobedientzia zibila, baita autodeterminazio eskubidea eta erabakitzeko eskubidea ere. Onartezina da, eta geldiarazi egin behar da kriminalizazio hau, geldiarazi inboluzio hau”.

“Katalunian zein Euskal Herrian, konponbide demokratiko bat behar dugu: herritarrek euren etorkizuna libre eta demokratikoki erabaki ahal izatea aintzat hartuko duen konponbidea”.

“Gure erabakitzeko gaitasuna gurea da, eragotzi dezakete, baina ezin digute kendu”.

“Herritarrok sortzeko eta amesteko dugun gaitasuna ere gakoa da garai konplexu hauetan. Jendearen ahalmenean sinisten dugu. Herritarron garaia da. Ahalduntzeko garaia”.

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu, erabiltzaileei ahalik eta zerbitzurik onena eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie-ak onartzeko baimena emango duzu eta cookie-en politika onartuko duzu. Sakatu esteka, informazio gehiagorako ACEPTAR
Aviso de cookies