Gure Eskuk eztabaida herritar bat abiatu du, ‘Itsasargia’ proposamen politikoa oinarri

Itsasargia eztabaida herritarra da aurtengo Gure Eskuren dinamikaren ardatza. Eztabaida prozesuaren helburu nagusia Gure Eskuren datozen urteetarako norabidea adostea da. Burujabetzarako bidean jauzi bat egiteko asmoz, herri dinamikaren tesi eta lan-ildo nagusiak zein antolaketa eredua birpentsatzera doa.

Josu Etxaburu bozeramaileak eman du prozesuaren berri: “Datorren ekainaren 8an 10 urte beteko ditu herri dinamikak, eta une ezinhobea iruditu zaigu arnas luzeko hausnarketa eta eztabaida prozesu bat antolatzeko. Azken aldian, etorkizuna behelaino artean edo ilun ikusteko joera zabaldu da gure artean. Horregatik uste dugu behar-beharrezkoa dugula etorkizuna argitzen lagunduko digun itsasargi bat. Eta uste dugu, zintzoki, herritarrok garela bidea argituko dugunak, uztailaren 2an Pirinioetan erakutsi genuen gisan”.

Eztabaida ez da hutsetik abiatzen. Gure Eskuren balioak eta ia 10 urteko ibilbidea dira oinarri, eta 2015eko Eskura prozesua aurrekari. Honenbestez, bidean ikasitakoak kontuan hartuta, etorkizunari begira jartzea da helburua: “Aintzat eman izan ditugun ideia eta joerak zalantzan jartzeko prest egoten saiatuko gara, gaur-gaurkoz baliagarri zaigunari eutsi, eta gainerakoa eraldatzeko”.

11 eztabaidagai

Itsasargia_proposamen politikoa da eztabaidaren oinarri, eta honen gainean egingo dira ekarpenak. Gure Esku “eragile subiranista” dela esaten da testuan: “Eztabaida publikoan ahots propioa izango du, eta nortasun eta diskurtso subiranista berri bat eraikitzeko ahalegina egingo du”. Gainera, burujabetza “artikulaziorako eremu estrategikoa” dela ulertuta, Gure Eskuk, orain arte bezala, burujabetzaren aldeko eragileen arteko elkarlana sustatuko duela, eta burujabetzen aldeko borrokekin bat egingo duela azaltzen da. Edonola ere, eragile bakoitzak bere tokia eta ahotsa behar du izan, eta Gure Eskuk ere badu berea: “subiranotasun politikotik egingo dio ekarpena gizarteari”.

Lurraldetasunari dagokionez, Gure Esku “eragile nazionala” dela, eta Euskal Herria duela ardatz berresten da. “Euskal lurralde guztietan baliagarria izango den proposamen politiko bat garatzeko ahalegina” egingo du, eta era berean, “lurralde bakoitzeko berezitasunak aintzat hartuz, proposamen berezituak” eskainiko ditu. Alegia, “erritmo ezberdinetako estrategiei dimentsio orokor bat” emango die.

Akordioen inguruan ere bere posizia finkatzen du Gure Eskuk. Euskal Herrira begira, “herri akordio zabalen alde” agertzen da, alderdi politikoen artean adostutakoei “herri akordio” esatea kritikatuz, eta herritar, gizarte eragile, alderdi politiko eta erakundeak uztartuko dituzten adostasunak aldarrikatuz. Nazioarteari dagokionez, berriz, burujabetzarako bidean dauden eragileekin elkartasunetik elkarlanera pasatzeko apustua berresten du Gure Eskuk, “nazioarteko aitortza” lortzeko bidean: “Autodeterminazio eskubideari buruzko auzia nazioarteko komunitatean ere ebazten da”.

Antolaketa eredua bizpentsatzeko hautua ere egiten du herri dinamikak. Militantzia ereduari buruzko eztabaida ez da berria. Azken urteotan, herri mugimenduak zailtasun handiak izaten ari dira orain arteko ereduari eusteko. Egoera horren aurrean, “agortze bidean dirudien eredu batekin tematu baino, pixkanaka bestelako eredu baterantz jotzeko apustua” egitea planteatzen du, “eredu hori zehazki zein izango den oraindik ez dakiela” aitortuta: “Askotan esan ohi dugun bezala, bidea ibiliz egiten da”. “Orain arte ezagutu izan dugun egituraketatik sare izaera handiagoa izango duen antolaketa eredu baterantz” jotzea da proposamena.

Prozesuaren metodologia

Gure Eskuko kideak izango dira abiapuntua, baina herri dinamikatik harago iristeko bokazioarekin jarri da martxan eztabaida: bidelagun izan nahi duen edonori zabalduko zaio atea. Erabakietan parte hartzeko orduan, hori bai, ezinbestekoa izango da Gure Eskun bazkidetzea: “Gogora dezagun bazkideen ekarpen ekonomikoak direla Gure Esku autofinantzatzeko oinarria, baina ez dugula inolaz ere kuota inor bazkidetzeko oztopo izaterik nahi. Honenbestez, Gure Eskuren komunitate zabalari gonbitea egiten diogu bazkidetu eta prozesuan parte har dezan, eta aukera duenari, norberak hauta dezakeen diru-ekarpena egin dezan”, azaldu du Etxaburuk.

Martxoaren 5era bitarte, bazkide bakoitzak proposamenean eztabaidagai izango den puntu bakoitzarekiko adostasuna edo desadostasuna agertu eta ekarpenak egiteko aukera egongo da Gure Eskuren online Plaza bidez (plaza.gureesku.eus). Era berean, eztabaida saioak antolatuko dira herri eta hirietan. Lehenengoa berezia izango da, Gipuzkoa osoko jendea bilduko baitu. Abenduaren 15ean izango da, Tolosako Kultur Etxean. Prozesuan zehar lau mahai-inguru ere egingo dira, eztabaida publikoa elikatu asmoz. Azkenik, Martxoaren 25eko Bazkideon Ezohiko Batzarrean aurkeztuko da proposamen politiko eguneratua, eta bazkideek bertan zein Gure Eskuren online Plaza bidez bozkatu ahalko dute.

Nazioarteko Konferentzia eta Tourra

Itsasargia prozesuarekin batera, Nazioarteko Konferentzia bat antolatzen ari da Gure Esku. Apirilaren 22an izango da, Ficoban (Irun), duela 10 urte Gure Eskuk sorrerako agerraldia egin zuen toki berean. Munduko esperientzia subiranistak gurera ekartzea da asmoa, Euskal Herrian politikoki eragin asmoz. Gure Eskuren komunitateko kideek urteurrena ospatzen hasteko hitzordua ere izango dute.

Ildo mobilizatzaileari dagokionez, Tourra Euskal Herritik abiatzea baliatuko da gure aldarriak lau haizetara zabaltzeko. Lorpen interesgarria da antolakuntzak irteera hau “Pays Basque”-etik izango dela adierazi izana. Edonola ere, ezinbestekoa da Euskal Herria zazpi lurraldek osatzen dugula ozen esatea, eta herri gisa, gure etorkizuna erabaki nahi dugula aldarrikatzea. Horretarako, ekintza deigarriak egiteko asmoa du Gure Eskuk ibilbidean zehar.

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu, erabiltzaileei ahalik eta zerbitzurik onena eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie-ak onartzeko baimena emango duzu eta cookie-en politika onartuko duzu. Sakatu esteka, informazio gehiagorako ACEPTAR
Aviso de cookies