Amets Txurruka, Peio Goikoetxea, Iñaki Isasi, Aritz Bagues, Eugenio Goikoetxea, Mikel Astarloza, Usoa Ostolaza, Nahia Polo, Idoia Eraso, Naia Amondarain, Lierni Lekuona eta Ainhoa Ostolaza txirrindulariek agerraldia egin dute gaur Errenteria-Oreretan, Euskal Herriko itzuliaren harira, Gure Eskuk Tourrerako egin duen deialdiarekin bat egiteko eta ikurrinik erraldoiena sortzeko Crowdfundinga iragartzeko.
Txirrindulariek adierazi dute aurtengo Frantziako Tourra berezia izango dela, Euskal Herriko txirrindulari eta txirrinduzale guztiontzat lehen hiru etapak eta bosgarrenaren zati bat Euskal Herrian izango direlako. Euskal zalegoaren berotasuna aipatu dute eta Tourrari ongi etorria egiteko deia egin dute. Era berean, Grand Departekin bat eginez, Gure Eskuk egindako deialdiari bultzada eman nahi diotela gehitu dute, Astarlozaren hiztetan: “aukera paregabea da Europako txoko honetan 7 lurraldez osatutako herri bat dagoela esateko; nortasun propioa duena, Europako hizkuntza zaharrenarekin bizi dena, bere burua gobernatu nahi duena, kirolzalea eta hori dena harrotasunez bizi duena”.
Hortaz, zaleei “egun horietan ikurrinekin errepide bazterretara hurbiltzeko deia” egin die Usoa Ostolazak, “errepide bazterretara, beti bezala, euskal zalegoa ezaugarritzen duen errespetuzko jokabidearekin, txirrindulariak animatuz baina haien bidea oztopatu gabe”. Bat egin dute, halaber, ikurrin erraldoiena sortzeko deialdiarekin eta horretarako abian jarri den Crowdfundingaren berri eman dute (https://www.itsulapikoa.eus/eu/proiektuak/euskal-herria-mundura-inoiz-egin-den-ikurrin-handiena-gure-esku). Bilbotik Baionara erabaki nahi duen nazioa dagoela azpimarratu dute: “Zabal dezagun lau haizetara 7 lurraldeko herri honek erabakitzeko eskubidea daukala! Euskal Herriak erabaki – Basques decide!”