Konponbide politikoaren alde, bat eginda

Procès-aren aurkako “epai bidegabeari” erantzunez, manifestu bateratua plazaratu dute Euskal Herriko eragile politiko, sozial eta sindikaletako ordezkariek eta alor anitzetako zenbait pertsona esanguratsuk. “Preso guztien askatasuna” aldarrikatu, konponbide politikoaren premiaz ohartarazi eta larunbaterako Gure Eskuk Donostian deitutako manifestazioari babesa agertu diote.

Gure Esku herri dinamikak sustatuta, ‘Askatasuna. Konponbide politikoaren alde’ manifestua aurkeztu dute gaur eguerdian Donostiako Kursaalen, babes zabalarekin, Euskal Herriko eragile politiko, sozial eta sindikaletako ordezkariek eta alor anitzetako zenbait pertsona esanguratsuk.

EAJ, EH Bildu eta Ahal Dugu alderdiek bat egin dute manifestuarekin, baita ELA, LAB, Steilas, ESK, Hiru eta Etxalde sindikatuek eta Demokrazia Bai plataformak eta Erabakizaleak abokatuen elkarteak ere. Eragile horietako ordezkariez gain, bertan izan dira kultura arloko erreferenteak ere: Antton Telleria, Pilar Kaltzada, Danele Sarriugarte, Xabier Euzkitze eta Garbiñe Ubeda.

Aurkezpenean egon ezin izanagatik, atxikimendua adierazi dutenak gehiago dira: Juan Jose Ibarretxe lehendakaria, Bernardo Atxaga, Asier Illarramendi, Jule Goikoetxea, Paul Rios, Iker Irribarria, Fermin Muguruza, Irantzu Varela, Juantxo Arakama, Miren Amuriza, Alex Sardui, Pello Reparaz eta Zuriñe Hidalgo.

MANIFESTUA

Lehenik eta behin, gure desadostasun osoa adierazi nahi diogu Kataluniako buruzagi sozial eta politiko subiranistak zigortzen dituen epaiari. Zintzotasun osoz, bidegabekeria itzela deritzogu Espainiako Auzitegi Gorenaren epaiari. Eta, gainera, uste osoa dugu epai honek ondorio larriak dakartzala oinarrizko eskubide eta askatasunentzat.

Prozesu judiziala bera ere ez da justua izan; aitzitik, arbitrariotasunez beteta izan da, funtsik gabeko akusazioetan oinarritu da,  eta behin-behineko espetxealdiarekin presoen eskubideak urratu dira, Nazio Batuen Erakundeko Atxiloaldi Arbitrarioei buruzko lan taldeak salatu duenez. Hain zuzen, presoak askatzeko talde honek egindako eskaerari muzin egin zaio.

Bidegabekeria honen aurrean, preso guztien askatasuna aldarrikatzen dugu. Jordi Cuixart, Oriol Junqueras, Jordi Sànchez, Carme Forcadell, Jordi Turull, Raül Romeva, Dolors Bassa, Josep Rull eta Joaquim Forn aske nahi zaituztegu. Epai honen ondorio larriak zuzenean pairatu behar dituztenei eta haien senideei gure elkartasun osoa adierazi nahi diegu.

Zigor epai honetan, kezkaz antzematen ditugu manifestazio eskubidearen, adierazpen askatasunaren, protestarako eskubidearen, bozkatzeko eskubidearen, autodeterminazio eskubidearen eta erabakitzeko eskubidearen kriminalizazio zantzuak. Erabat onartezina da. Demokrazian ezin dira kriminalizatu mobilizazio demokratiko eta baketsuak, ezta disidentzia politikoa ere. Demokrazian, bozkatzea ezin da delitu izan, konponbidearen parte baizik.

Salbuespenezko bide judizial, juridiko edo prozesalak alde batera utzi behar dira. Elkarrizketa eta negoziazio politikoari ekin behar zaio auzi hau bideratzeko. Konponbide demokratikoaren alde egin behar da, Kataluniako herritarrek euren etorkizuna libre eta demokratikoki erabaki ahal izatea aintzat hartuta. Premiazko eginkizuna da.

Gure ustez, elkartasuna, askatasun demokratikoen eta eskubide zibil eta politikoen defentsa, bide errepresiboekiko arbuioa, eta herritarrek demokratikoki adierazitako borondatea oinarri duen konponbide politikoaren aldeko jarrera, gure gizartearen gehiengo zabalak partekatzen dituen oinarriak dira. Uneotan, ahalegin bereziz defendatu eta sendotu beharrekoak.

Egoeraren larritasunak interpelatu egiten gaitu demokrazia, justizia eta askatasunak maite ditugun guztiok, gure aukera ideologikoetatik harago. Horregatik, injustizien aurrean herritarren mobilizazioan sinesten dugu eta, kasu honetan, babesten dugu Gure Eskuk deituriko manifestazioa, Erreferenduma ez da delitu | Askatasuna lelopean, urriaren 19an Donostian egitekoa dena.

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu, erabiltzaileei ahalik eta zerbitzurik onena eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie-ak onartzeko baimena emango duzu eta cookie-en politika onartuko duzu. Sakatu esteka, informazio gehiagorako ACEPTAR
Aviso de cookies