“Non egon nahi dugu Europan hurrengo autodeterminazio erreferendumak egiten direnean?”

Uztailaren 2an, katalan eta euskal herritarrok 300 gailurretik gora argiztatuko ditugu Pirinio osoan zehar. Farol bereziak eta linternak baliatuz, argi-lerro bat osatuko dugu Higer lurmuturretik Creusera, Atlantikotik Mediterraneora. Euskal Herria eta Katalunia batuz, gure herrien autodeterminazio eskubidea aldarrikatuko dugu. Mobilizazio ikusgarria izango da, esperientzia ahaztezina, gure oroimenean luze iraungo duen mugarria.

Josu Etxaburu eta Amalur Alvarez Gure Eskuren bozeramaileek eman dituzte Pirinioetako Bidea mobilizazioaren gako nagusiak, gaur goizean, Donostian egindako prentsa agerraldi batean.

Autodeterminazio eskubidea nazioarteko jokalekuan

Pirinioak argiztatuz, nazioarteko komunitatearen arreta geureganatuko dugu herrion autodeterminazioaren alde. Etxaburu: “Jokaleku konplexua da nazioartekoa; Estatuak eta estaturik gabeko naziook ez gaude pareko baldintzetan, baina ez diogu horregatik partida jokatzeari uko egingo. Indarrak batu eta inteligentzia kolektiboa erabili beharko dugu nazioartean gure ahotsa eta kontakizuna entzun daitezen. Argi adierazi behar dugu erabakitzea ez dela inoiz gatazka iturri, erabakia ukatzea, aldiz, bai. Arazoa ez dago, beraz, Katalunian edo Euskal Herrian; arazoa Estatuena da”.

Ukrainako gerrak indartu baino ez du egiten gatazka politikoak bide demokratikoetatik konpontzeko beharra eta aldarria: “Komenigarria ez ezik, ezinbestekoa ere bada gerrara garamatzan real politik-aren logika haustea”, adierazi du Alvarezek.

Katalunia eta Euskal Herria, elkartasunetik elkarlanera

Pirinioetako Bidea Euskal Herriko eta Kataluniako entitate sozialek elkarlanean antolatutako lehen mobilizazio herritarra da. ANC Assemblea Nacional Catalana, FEEC Federació d’Entitats Excursionistes de Catalunya eta Gure Esku gara antolatzaile, eta Omnium Cultural eta Artistes de la Republica, laguntzaile. Epe luzerako elkarlan baten abiapuntu gisa irudikatu dugu ekintza.

Etxaburuk azaldu du adi begiratzen diotela Europako beste herri batzuetan gertatzen ari denari, eta azken aldian, bereziki, Eskoziari eta Irlandari. 2014an eskoziarrek euren lehen autodeterminazio erreferenduma egin zutenean Zurriolako hondartzan egindako mosaikoa gogora ekarriz, galdera bota dio gizarteari: “Zortzi urte ez dira alferrik igaro, eta gure buruari galdetu beharko genioke non egon nahi dugun Europan hurrengo autodeterminazio erreferenduma(k) egiten direnean: beste mosaiko bat egingo dugu, ‘turista subiranista’ izango gara euren egun handietan, ala guk ere hautesontziak jarriko ditugu? Hurrengo olatua hartu nahi badugu, igerian harrapatu beharko gaitu”.

Erronka kolektibo bat, herri gogoa berpizteko

“Gure etorkizuna erabakitzeko prozesu bat lantzeko, adosteko eta sustatzeko beharra aldarrikatzen dugu” -jarraitu du Alvarezek-, “uztailaren 2an, euskal herritarrok 120 gailur argiztatuko ditugu, baina argi esan behar dugu gure gailurra ez dagoela Pirinioetan, gure gailur edo helburua ‘zortzimilako’ bat da: herri gogoa berpiztu nahi dugu, burujabetzarako prozesu bat abiatzeko”.

Ordezkari politikoez, berriz, kexu agertu da: “Egun batean gauza bat esaten dute, eta hurrengoan, bestea. Hitzetatik harago, ikusten dugu ez dagoela planik. Nahiago genuke adierazpen gutxiago entzun eta ekintza gehiago ikusi. Zain dirudite, beste eszenatoki batzuetan zer gertatuko zain, hauteskunde zikloak noiz pasako zain. Uste dugu gizartea nekatuta dagoela une egokia ez dela entzuteaz. Herri honek hori baino anbizio handiagoa merezi du. Herri honen burujabetza nahia ez da itzali, eta ez dugu uste itzaliko denik. Inork dioguna argi ikusten ez badu, lagun diezaiola 430 kilometroko argilerroak argiago ikusten!”.

300 gailur

300 gailur inguru argiztatuko ditugu Pirinio osoan zehar, eta euskal herritarroi 120 gailur egokitu zaizkigu, Jaizkibeletik Benasqueraino.

Gailur ‘berde’ guztiak Euskal Herrian daude, eta jende gehienarentzat irisgarriak dira. www.gureesku.eus webgunean, herri bakoitzak gailur ‘berde’ bat(zuk) izango d(it)u izendatuta, honenbestez, parte-hartzaileak nongoa den adierazten duenean, gailur bat(zuk) proposatuko zai(zki)o, herrikideekin batera joan dadin. Gailur ‘gorri’ gehienak Erdialdeko Pirinioan daude, eta mendizale trebatuentzat bakarrik dira egokiak, horregatik, izen emate mugatua izango dute, kasu honetan, webgunean gailurren zerrenda begiratu, gailurra aukeratu eta posta elektronikora idatziz: pirinioetakobidea@gureeskudago.eus

Bestalde, mendian gora ibiltzeko asmoa ez duten herritar guztiei dei egiten zaie etor daitezela Jaizkibelera. Igo eta jeisteko autobusak egongo dira, eta Guadalupe inguruan musika eta giro ederra izango dugu arratsaldetik aurrera: lagunartean zein familian joateko plan bikaina izango da.

Izena ematean, orohar, 10€ ordaindu beharko da: 5€ asegurua ordaintzeko eta beste 5€ antolakuntza gastuei aurre egiteko. Federatuta dauden parte hartzaileek dagoeneko badute asegurua, eta beraz, antolakuntzara bideratuko diren 5€-ak baino ez dituzte ordaindu beharko. 21 urtetik beherakoek, berriz, aseguruaren gastua soilik ordaindu beharko dute, baldin eta ez badaude federatuta, kasu horietan, doan eman ahalko dute izena.

Kamisetak eta farolak

Dinamika herritar honek ohikoa duen bezala, finantziazio kolektiboaren bidez egingo die aurre mobilizazioaren gastuei. Herritarrek ekarpena egiteko bi bide izango dituzte: izena ematean 5€-ko ekarpena egingo dute, eta gainera, kamiseta teknikoa eskuratzeko gonbita egin zaie. Talde, eragile, erakunde eta enpresei dagokienez, berriz, gailurrak babesteko aukera izango dute. Gailur bakoitzean farola berezi bat egongo da, 40 km-tara eta 360o-tan ikus daitekeena. Farola horietako bakoitza fnantzatzeko gutxieneko kopurua 200€-koa da.

Azkenik, ordutegiari dagokionez, parte-hartzaileak 21:00etarako gailurretan egongo dira. Eguzkia sartzen denetik ilundu arteko denbora tartean izango da ekintza, gutxi gora-behera, 21:45etik 22:30etara. Katalunia aldean lehenago ilunduko duenez, lehenago hasiko dira argiak pizten.

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu, erabiltzaileei ahalik eta zerbitzurik onena eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie-ak onartzeko baimena emango duzu eta cookie-en politika onartuko duzu. Sakatu esteka, informazio gehiagorako ACEPTAR
Aviso de cookies