Pirinioetako Bidean parte hartzeko izen ematea zabalik

Uztailaren 2an, katalan eta euskal herritarrok 300 gailurretik gora argiztatuko ditugu Pirinio osoan zehar. Farol bereziak eta linternak baliatuz, argi-lerro bat osatuko dugu Higer lurmuturretik Creusera, Atlantikotik Mediterraneora, gure herrien autodeterminazio eskubidea aldarrikatzeko. Erronka kolektibo erraldoia izango da. Euskal herritarrok 115 gailur argiztatuko ditugu, Jaizkibeletik Benasqueraino, eta gaurtik aurrera, gailur hauetan guztietan izen ematea zabalik dago. Gailur ‘berdeak’ eta ‘gorriak’ bereiztu ditugu:

Gailur ‘berde’ guztiak Euskal Herrian daude, eta jende gehienarentzat irisgarriak dira. Herri bakoitzak gailur berde bat(zuk) izango d(it)u izendatuta, honenbestez, izena emateko garaian, jendeak nongoa den adierazten duenean, gailur bat(zuk) proposatuko zai(zki)o, herrikideekin batera joan dadin. Edonola ere, beste edozein gailur aukeratu ahal izango du. Mugikortasun murriztua duten pertsonentzat egokiak diren gailurrak ere aukeratu dira; infografia honetan horiz markatuta ageri dira. Izen ematea www.gureesku.eus webgunearen bidez egingo da.

Gailur ‘gorri’ gehienak Erdialdeko Pirinioan daude, eta mendizale trebatuentzat bakarrik dira egokiak, horregatik, izen emate mugatua dute, kasu honetan, beste bide batetik: pirinioetakobidea@gureeskudago.eus posta elektronikora idatzi behar da. Gailur hauetan izen ematea martxan dago urtarrilaren 29tik, eta asko dira dagoeneko ekimenarekiko interesa erakutsi duten herritarrak; hala, gailur gorrien erdietan espedizio-taldeak osatuta daude.

Mendietara joan gabe ere, era batera ala bestera, erronka kolektibo erraldoi honen parte izango diren herritarrek ere izena eman dezakete www.gureesku.eus-en, euren herria hautatuz. Zenbait herritan ekintza sinboliko bat egingo da uztailaren 2ko ilunabarrean, eta beste batzuetan, aurreko asteetan zehar egongo da nola parte hartu.

Bestalde, hasia da Pirinioetako Bidearen aurkezpen bira. Pirinioetan hasi ginen, martxoaren 4an, Auñamendin, eta datozen asteetan, herriz-herri ibiliko gara. Hasteko, hegoaldeko hiriburuetako aurkezpenen berri eman nahi dizuegu:

  • Bilbo: martxoaren 15ean, 19:00etan La Bolsan
  • Donostia: martxoaren 24an, 19:00etan Kriptan
  • Gasteiz: martxoaren 25ean, 19:00etan Landatxon
  • Iruñea: martxoaren 30ean, 19:00etan Katakraken
Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu, erabiltzaileei ahalik eta zerbitzurik onena eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie-ak onartzeko baimena emango duzu eta cookie-en politika onartuko duzu. Sakatu esteka, informazio gehiagorako ACEPTAR
Aviso de cookies