Tripontzia salgai da. ‘Laguntzea erabakiz, erabakia lagundu’ da aurtengo kanpainaren leloa. Gure Eskuk burujabetza prozesu bati ekiteko txinparta izan nahi duen eztabaida herritar bat sustatuko baitu aurtengo ikasturtean, eta hain justu, bide horretan antolatuko diren ekintzak finantzatzeko ezinbesteko bultzada izango da Tripontzia.
“Burujabetza ekonomikorako tresna garrantzitsu honi esker, aurreko ikasturtean 300 gailur argiztatzea lortu genuen”, -gogorarazi du Josu Etxaburu bozeramaileak,- “aurtengo dinamika bultzatzeko ere funtsezkoa izango da Tripontzia ondo saltzea”. “Erabakitzen baduzue laguntzea, jakin ezazue erabakitzen laguntzen ari zaretela; Horregatik, Tripontzarekin batzuk saridun izango dira, baina ziur izan denok izango garela irabazle”, erantsi du ondarrutarrak.
Tripontzia erosteko bi bide daude: Gure Eskuren online dendan, eta aurrez aurre, herrietako taldekideen eskutik. Boletoekin batera, erosleak ‘Izar eta Estel II, etorkizunerantz’ haurrentzako liburua jasoko du, bertsio digitalean, eta eskarri fisikoan eskuratu nahi izanez gero, herrietako Gure Eskuko kideen bidez egin dezake. Ane Labaka da idazlea, Unai Gaztelumendi ilustratzailea eta Jon Elordi itzultzailea. Azken honek euskaratik katalanera itzulpena egin du, liburu bera alde batetik ala bestetik irekita, euskaraz ala katalanez irakurri baitaiteke Izar eta Estelen istorioa.