Zetak, Olatz Salvador, Dupla eta Itziar Ituñok zuzeneko emanaldiak eskainiko dituzte uztailaren 3ko mobilizazioan

Uztailaren 3an Bilboko Areatzan egingo dugun mobilizazioaren xehetasunak iragartzen hasteko moduan gaude Hamaika Gara ekimenaren sustatzaileok. Hona hemen izen propio batzuk: Zetak, Olatz Salvador, Dupla eta Itziar Ituño. Horiek guztiek zuzeneko musika eskainiko dute Bilboko ibaian ibiliko den itsasontzi batetik. Dupla eta Itziar Ituñoren arteko elkarlanaren emaitza da, hain justu, Hamaika Gara abestia, eta urrian plazaratutako bideokliparen arrakastaren ondoren, estreinakoz abestuko dute jendaurrean.

Arratsaldeko 17:30etan, Bilboko ibaia eszenatoki bilakatuko da, eta jendea ibaiaren inguruan bilduko da: Areatzako pasealekuan, Erripako kaian eta Areatzako eta Udaletxeko zubietan. Burujabetzaren aldeko aldarriak eramateko dei egiten diegu herritarrei: nork eraman dezala bere kartela, eta nahi izanez gero, eskura ditzala www.hamaikagara.eus/uztailak-3/ webguneko atal berezituan jarri ditugunak.

Erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarria lau haizetara zabaltzeko modu asko dago, ordea, eta era original eta alai batean ere egin nahi dugu: Itziar Ituñok eta Duplako Beñat eta Garik Instagramen botatako erronkari eutsiz, Hamaika Gara abestiarekin dantzatuko dugu. Ziurta dezakegu koreografia ez dela zaila, eta edonork dantzatzeko modukoa dela. Gainera, aurrez ikusi eta prestatzeko modua badago webgunean ikusgai jarri dugun bideo tutorialaren bidez.

Mobilizazioan parte hartzeko asmoa duen jendeari ‘konpromiso txartela’ eskuratzea proposatzen diogu. Zenbat izango garen jakinda, osasun neurriak egokitu ahalko ditugu, eta mobilizazioaren gastuei modu kolektiboan aurre egin. 5 euro balio du txartelak eta Hamaika Gararen dendan eskura daiteke.

Krisitik burujabeago irtetea

Erabakitzeko tresnak behar ditugu herritarron eskura; krisia kudeatzeko eta krisi honetatik nola irtengo garen erabakitzeko. Begirada altxatzen hasteko unea da, unean-uneko urjentziek zerikusi handia baitute etorkizuneko erronkekin. Autogobernu esaten dioten horrek ez digu osasun krisiari aurre egiteko beharrezko neurriak hartzeko gaitasunik eman; autogobernua hau bada, onar dezagun zintzotasunez ez dela nahikoa. Pandemia honek gure gizartearen arrakalak are gehiago handitu ez ditzan eta denok etorkizun duinagoa eta bizigarriagoa izan dezagun, gure bizitzen jabe izan behar dugu, erabakimena behar dugu. 

Herritarron gehiengoak erabaki nahi duela ikustarazi, eta gehiengo hori burujabetzarako prozesuan inplikatzea da Hamaika Gara ekimenaren helburua. Indarrak batzen ari gara erreferendum bidez erabakitzea posible egiteko, eta bide honetan aktibo izan nahi duten herritarrei hiru erronka jarri dizkiegu: erreferendumaren aldeko manifestua sinatu eta kanpainaren eskumuturrekoa janztea, inguruan sinadurak biltzea eta uztailak 3an Bilboko mobilizazioan parte hartzea. 

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu, erabiltzaileei ahalik eta zerbitzurik onena eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie-ak onartzeko baimena emango duzu eta cookie-en politika onartuko duzu. Sakatu esteka, informazio gehiagorako ACEPTAR
Aviso de cookies