Herriek libre erabakitzeko bermeen araubide europearra

Korrika herriz herri, mendiz mendi, kalez kale ibili da euskaldunok euskaraz bizitzeko dugun eskubidea lau haizetara aldarrikatzen eta gure ikurrak ikusi ditugu ibilbideko txokorik ikusgarrienetan. Gure Eskuko kideen lanari esker, eta hainbat herritar eta eragileen elkarlana eta konplizitatea dela medio, “Euskal Herriak Erabaki” nahi duela harrotasunez erakusten eta zabaltzen ari gara gure ikurren bidez.

Baina nola erabaki dezake herri batek Europako ingurumarian? Euskal Herrian jakin dakigunez, eta Kataluniako burujabetza prozesuan berretsi dugunez, Estatuak ez daude prest erabakitzeko eskubidea gogo onez aitortzeko eta nahiago dute estatua bera krisi larri batean sartzea, herritarrengan jazarpen handia eraginez, ez dezagun bozka bidez gure herriaren etorkizuna erabaki. Eta orduan, zein da bidea demokratikoki herri gisa gure etorkizuna erabakitzeko?

Estatuak ez daude prest erabakitzeko eskubidea gogo onez aitortzeko eta nahiago dute estatua bera krisi larri batean sartzea, herritarrengan jazarpen handia eraginez, ez dezagun bozka bidez gure herriaren etorkizuna erabaki

Hamar urte bete dira Gure Eskuk Europan erabakitzeko eskubidearen alde martxan dabilen trena hartu zuela, eta urte hauetan guztietan ikasi dugu herritarren borondatea biltzen eta herri libre gisa erabaki nahi dugula sendo eta determinazio handiz adierazten eta erakusten, eta baita erabakitzeko ibilbide orriak behar ditugula ere. Baina hori ez da nahikoa izango. Hori ere argi geratu da. Horrekin batera, tren batek martxari ekin eta martxan jarduteko behar dituen tresnen pare, burujabetza-prozesuak beste hainbeste tresna behar ditu, esaterako: lege-tresnak, estrategiak, eztabaidak, diskurtsoak, diplomazia-lanak,…beharko ditugu eta horiek guztiak ondo olioztatu, makinista trebeek trena azken geltokira eraman dezaten . Labur esanda, erabakitzeko gaitasuna lortu beharrean gaude, bai gaitasun materialari dagokionez, hots, burujabetza ahalik eta zabalena izan erabakiak gure herrian hartzeko bai formala, hau da, erabakitzeko prozesu demokratiko bat abian jartzea, dagozkion geltokiak behar bezala zehaztutako ibilbide-orri batekin, eta nazioartean ere erabaki nahian dabiltzan herriekin ahalik eta sinergia sendoenak josita.

Bada, badugu tresna berri bat burujabetzaren makina gelan, orain arte ez genuena. Momentuz, tresna esperimentala da, izan daitekeenaren prototipo bat, baina balio handikoa era berean, eraiki den moduagatik; izan ere, nazioarteko aditu ugarik parte hartu dute bere edukiak zehazteko prozesuan eta Europako Parlamentuko zenbait talde politikoren aginduz egin eta aurkeztu da Europako Parlamentuan bertan Autodeterminazio Caucusaren eskutik (Europako Parlamentuko talde ezberdinek osatzen dute talde arteko bat autodeterminazioaren gaia Elkarrekin jorratzeko)  Zein da tresna hori? Europa mailan burujabetza ariketa egin nahi duten herriek libre eta demokratikoki erabaki dezaten alde guztientzat berme demokratikoak ezarriko lituzkeen Europako arau bat, hain zuzen ere.

Eta zer dio Europako arau proposamen horrek? Europako lege-proposamen horrek burujabetza auziei Europar Batasunaren zuzenbidearen ikuspegitik arreta jarri behar zaiela hartu du abiapuntutzat, teknikoki esaten zaionez, auziak dimentsio europarra duelako. Eta zergatik? Bada, bete betean eragiten dielako Europar Batasunak herritarroi aitortzen dizkigun oinarrizko eskubideei eta askatasunei (adierazpen eta iritzi eskubideak, parte hartzeko eskubidea, auzi politikoak demokratikoki eta jazarpenik gabe bideratzeko konpromiso instituzionalari, …), eta estatu kideek eskubide eta askatasun horiek guztiak behar bezala bermatzeko zailtasunak dituztelako, besteak beste, auziaren parte direlako. Horrenbestez, Europak Batasunaren mailako araudiak izan beharko du gutxieneko berme batzuk ezartzen dituena. Alde batetik, burujabetza prozesua abiatu nahi duten Europako herrietako herritarrei beren eskubideak ez direla urratuak izango bermatzeko, eta beste aldetik, horrelako prozesuetan eskatzen den zilegitasun maila lortzen dela ziurtatzeko. Gauzak honela, burujabetza prozesu eta ariketak burutzeko baldintza demokratiko sorta bat ezartzeak lagunduko dio Europar Batasunari demokrazian sakontzen jarraitzeko.

Badugu tresna berri bat burujabetzaren makina gelan, orain arte ez genuena […] Zein da tresna hori? Europa mailan burujabetza ariketa egin nahi duten herriek libre eta demokratikoki erabaki dezaten alde guztientzat berme demokratikoak ezarriko lituzkeen Europako arau bat, hain zuzen ere.

Bide luzea izan du ekimenak eta hainbat eragileren eta adituren arteko konplizitatea behar izan da horrelako arau proposamen bat idatzi ahal izateko. Adituen aldetik oso harrera ona izan du eta Europako bermeen arau proposamen horrek (teknikoki erregelamendu europarraren izaera izango lukeena) bi oinarri hartzen ditu abiapuntu gisa:

a) Lehen oinarria: Europako zuzenbideak herritarroi zenbait oinarrizko eskubide aitortzen dizkigu, eta erabakitzeko prozesua eskubide horiek baliatuta egikaritzen bada, orduan, bateragarria izango da Europar Batasuneko zuzenbidearekin (Europar Batasunaren Itunaren 2. Art).

b) Bigarren oinarria: Europak erabakitzeko prozesuak bideratzeko berme sorta bat ezartzea ez da estatu kideen identitate nazionalaren aurkakoa. Baina zer esan nahi du horrek? Europar Batasuneko Itunek agintzen dute Europako zuzenbideak bermatu behar diela estatu kideei beren identitate nazionala(IEB 4.Art). Orain arte, identitate nazional hori horrelako prozesuak onartzeko mugatzat jotzen zen; bada, berme arau proposamenak dio erabakitzeko eskubidearen egikaritzeko baldintzak adostea estatu kideen izaera demokratikoaren ondorioa dela, eta baldintzak ez adostea, berriz, ez datorrela bat estatuaren izaera horrekin. Aintzat hartu behar da Kosovoko aldebakarreko sezesioari buruzko Nazioarte Justiziaren epaiaz geroztik (2010), estatuen lurralde osotasuna ez dela arrazoi zilegi bat estatu kide batek burujabetza aldarrikapenak legez ez bideratzeko, baldin eta prozesua Europako funtsezko balioen arabera gauzatzen bada. Eta hori horrela da, bereziki, estatuak berak, hots bere identitate nazionalak, autonomia politikoa aitortzen dienean erabaki nahi duten lurraldeei, “demos” berezitua aitortzen dielako.

Proposamenaren arabera, Europako printzipio eta balio komunetatik eratorritako ondorio nagusietako bat da estatus politikoa erabakitzeko prozesu horiek prozedura arautua eta adostua izan behar dutela, eta prozedura horretan gauzatu behar direla, hain zuzen ere, funtsezko printzipio eta balio horiek guztiak, kasu zehatz bakoitzari dagokion moduan (estatuz azpiko eta estatu-erkidegoaren artean adostutako argitasun-legean, hain zuzen ere). Beste ondorioa da Batasunak berme-esparru komun bat ezarri behar duela jokoan daude ondasun juridikoak behar bezala zaintzeko. Horrela, Europeko arau proposamenaren xedea da zehaztea erabakitzeko prozesuaren fase guztietan bete beharreko Europako arau-estandarra  eta Europar berme sistema bat osatzea estandar hori betearazteko. Arau-estandar hori benetan betetzen dela ziurtatuta, Europako erakundeek tresna egokia izango lukete burujabetza prozesuaren emaitzaren zilegitasuna aitortzeko eta dagokion moduan bideratzeko.

Europako erregelamendu proposamen hau 2024ko ekainaren 9ko Europako hauteskundeak eta geroko legealdian jorratu beharko dute gure ordezkari politikoek eta ekimen horiek bultzatzeko garrantzi handia izango du erabaki nahi dugun herrietan ere dinamika herritar sendoak azalaraztea. Gure Eskuk Itsasargiaren gogoetan adierazita utzi zuenez, nazioartean ere jokatuko da partidaren parte bat eta lan egin beharko dugu Europari erakusteko nolakoa den erabaki nahi duen Euskal Herria eta zer nolako harreman eta konplizitateak josi ditugun erabaki nahi dugun herrien artean. Egin dezagun posible.

Irudiak: Berria, DAVID ILIFF. License: CC BY-SA 3.0

Zelai Nikolas

Gure Eskuko zuzendaritza taldeko kidea eta arau proposamenaren egileetako bat

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu, erabiltzaileei ahalik eta zerbitzurik onena eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie-ak onartzeko baimena emango duzu eta cookie-en politika onartuko duzu. Sakatu esteka, informazio gehiagorako ACEPTAR
Aviso de cookies