Autodeterminazio eskubidearen aldeko Caucusa Europar Parlamentuan

Europako Parlamentuan diputatuen lanak etxeak berak sortzen duen aktibitate instituzionalari erantzun egiten dio nagusiki, baina modu berean, Europa osoko ordezkariak bertan biltzeak aukera paregabeak eskaintzen ditu lan politikorako eta atzeko ateko diplomaziarako. Izan ere, nahiz eta Europar Batasuna estatuen kluba izan, asko dira estaturik gabeko nazioetatik Bruselara iristen diren diputatuak. Legealdi hasieratik erabaki genuen zirkunstantzia horri ahalik eta zuku gehien atera behar zitzaiola, eta Europako herri ezberdinetan burujabetza prozesuak martxan dauden momentu honetan, energia xahuketa handia zela kortsikarrak, flamandarrak, euskaldunak, katalanak, eskoziarrak, galestarrak… nor bere aldetik aritzea elkarren berri izan gabe eta gure arteko sinergiei erreparatu gabe.

Norabide horretan, autodeterminazio eskubidearen aldeko europar diputatuen gune bat hasi ginen osatzen, lehenik eta behin gure prozesuen ezagutza elkarri emateko, eta bigarrenik, Europako Parlamentuan autodeterminazio eskubidearen aldeko diskurtsoa aldizka kokatzen joateko, momentuak eskatzen baitzuen gure ustez oinarri demokratiko horren inguruko pedagogia instituzio europarretan.

Autodeterminazio eskubidearen aldeko europar diputatuen gune bat hasi ginen osatzen, lehenik eta behin gure prozesuen ezagutza elkarri emateko, eta bigarrenik, Europako Parlamentuan autodeterminazio eskubidearen aldeko diskurtsoa aldizka kokatzen joateko

Legealdiaren hasierarekin batera -2019-, eskuin muturraren eta euroeszeptizismoaren hazkundeak batetik, eta bestetik 2008ko zor-krisiari instituzio europarrek emandako erantzun eskasak eragindako Europarekiko urruntze herritarraz jabetuta, Parlamentuak eta Batzordeak Europaren Etorkizunari buruzko Konferentzia martxan jarri zuten, eta hor aurkitu zuen eurodiputatuen Autodeterminazio Caucusak bere lehenengo erronka. Europaren etorkizunaren inguruko eztabaida herritarrak aukera eman behar zuen estaturik gabeko nazio europarren estatu bihurtzeko eskubidea mahaigaineratzeko eta bakerako eta estabilizaziorako tresna bezala aurkezteko. Bide horretan bi diputatu (ERC, EHBildu) konferentziaren osoko batzarrean sartzea lortu genuen, eta bai osokoan zein eratu ziren lan talde tematikoetan Europako estaturik gabeko nazioek duten autodeterminazio eskubidearen aldarria present egotea. Izan ere, estaturik gabeko nazio europarren autodeterminazio eskubidea izan zen bigarren proposamen bozkatuena herritarren paneletan zerrendatu ziren ekimenen artean.

Bestetik, eta Konferentziak aurrera egin bitartean, Self-Determination Caucuseko diputatuok erabakia hartu genuen autodeterminazio eskubidearen zabalpenean lagunduko lukeen beste ekimen bat martxan jartzeko, eta norabide horretan, ikerketa bat eskatu zitzaion Eusko Ikaskuntzak eta Institut d´Estudis Catalans-ek propio eratutako aditu talde bati, ikuspegi juridikotik aztertu zezaten nola autodeterminazio eskubidea aplikatu litekeen europar itunak aldatu gabe. Lan hori pasa den azaroan aurkeztu zitzaien SD Caucuseko kideei, eta diputatuek bere egin ondoren aurkezpen publikoa burutu zen Bruselan Kortsikako, Euskal Erkidego Autonomoko eta Catalunyako lehendakarien babesarekin. Europako Parlamentuan legealdia amaitzear dela, adituen txostena datorren legealdiko (2024-2029) lan-ardatzetako bat izanen da, diputatuek burutu beharko duten kudeaketa politiko-instituzionala.

Luze joko luke Eusko Ikaskuntzak eta Institut d´Estudis Catalans-ek elkarrekin landutako proposamena azaltzeak, baina motzean hiru kontzeptu nagusitan laburbildu liteke. Lehenik eta behin, parteen artean negoziatzeko betebeharraren azpimarraketa oinarri demokratiko gisa. Bigarrenik, autodeterminaziorako eskubide unibertsalaren aldarria nazioarteko legedian jasota dagoen bezalaxe. Eta hirugarrenik, nazio batek estatu bilakatzeko erabakia hartu eta gero Europar Batasuneko kide izaten jarraitzeko eskubide naturala edota Europar Batasunaren barne mailako zabaltze naturala deituko litekeena. Lanak erakusten du hau guztia posible dela Lisboako Itunean edota Europar Batasunaren Funtzionamendurako Itunean inongo aldaketarik eman gabe.

SD Caucusaren ibilbidean ideia batzuk azpimarratzen saiatu gara. Batetik autodeterminazio eskubidea gatazken konponbiderako, hots, bakearen balio europarra sendotzeko tresna dela: europar integrazio prozesua hainbatek zalantzan jartzen duenean, estaturik gabeko herriak ez gatoz arazoak sortzera baizik eta konponbideak eskaintzera

“Batasuna aniztasunean” izan da Europar Batasunaren leloa urtetan. Baina estatu-kideek aniztasuna ulertzeko modu mugatu eta partikularrean oinarritu dira, estatuen egitura soilen araberakoa. Estatuek aniztasuna modu errealean onartzeko erronka demokratikoa daukate aurrez aurre, estatua ez delako subjektu politiko nazional bakarra gaur gaurkoz.

SD Caucusaren ibilbidean ideia batzuk azpimarratzen saiatu gara. Batetik autodeterminazio eskubidea gatazken konponbiderako, hots, bakearen balio europarra sendotzeko tresna dela: europar integrazio prozesua hainbatek zalantzan jartzen duenean, estaturik gabeko herriak ez gatoz arazoak sortzera baizik eta konponbideak eskaintzera. Estaturik gabeko nazioen herritarrek Europan sinesten dute, europazaletasuna nabarmena da eta integrazio europar politikoaren aingura sakonak dira.

Bestetik, azpimarratu dugu “Batasuna aniztasunean” leloarekin bat gatozela; baina aniztasuna ez da oraingo estatuetara mugatu behar baizik eta estaturik gabeko herrien errealitatera ere. Gaur egungo Europaren mapa politikoak gertakizun historikoek eragindako aldaketei erantzuten diete; aldaketa etengabeko horiek ez dira amaitu, eta estaturik gabeko herriek jarraituko dute mapa politiko hori aldatzen inongo zalantzarik gabe.

Legealdi europarraren bukaerak SD Caucusaren lanaren etena ekarri du datorren uztailaren erdialdean hasiko den X. legealdia bitartean. Uztailetik aurrera SD Caucusa berrantolatzeari ekinen zaio diputatu berriekin eta dudarik gabe, aurretik egindako lan juridikoaren lanketa politiko-instituzionalari ekinen zaio. Batzordearen Von der Leyen presidentak Ukrainako gerraren inguruko iritziak plazaretzerakoan zabaldu duen diskurtso belizistaren testuinguruan, behar-beharrezkoa izanen da herrien arteko lankidetzari eta Europar Batasunaren oinarrizko kontzeptu den bakeari heltzea eta autodeterminazio eskubidearen ariketa demokratikoari zor zaion errespetua nabarmentzea bakerako eta nazioarteko elkarbizitzarako ezinbesteko trena gisa. Izan ere, garai nahasi hauetan, Euskal Herritik autodeterminazio eskubidea defendatzea bakeari egin dakiokeen aportazio esanguratsuenetako bat da, etxean eta nazioartean.

Irudiak: Berria, Multinatio

Pernando Barrena

Eurodiputatua 2019-2024 legealdian eta EHBilduren zerrendaburua 2024eko europar hauteskundeetan.

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu, erabiltzaileei ahalik eta zerbitzurik onena eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie-ak onartzeko baimena emango duzu eta cookie-en politika onartuko duzu. Sakatu esteka, informazio gehiagorako ACEPTAR
Aviso de cookies