“Erabakitzeko eskubidea legeztatzeko legealdia izan behar da datorrena”

Eusko Legebiltzarraren atarian agerraldia egin dugu herritarron mandatua gogorarazteko alderdi politikoei, EAEko hauteskundeen atarian.

Bizi dugun osasun krisiak ez du mundua aldatu, baina bai munduari begiratzeko dugun modua. Argi ikusi dugu krisi honen irtenbidea ez ezik, etorkizun hobe eta justuago bat posible egiteko, aldaketak ezinbestekoak direla eta berreraikuntza hori herritarron eskutik etorri behar dela edo ez dela izango.

Alarma egoeraren kudeaketak agerian utzi du zein ahula den gure herriaren autogobernua. Estatuek krisia neurri zentralizatzaileak ezartzeko erabili dute; eta honela, egoera larrienei erantzuteko egokienak Gobernu zentralak direla sinestarazi nahi izan digute. Krisi globalei erantzuteko, nazioarteko lankidetza sustatzea garrantzitsua da, bai, baina batez ere, tokian tokiko neurriak behar ditugu. Izan ere, erabakiak herritarrongandik gero eta gertuago hartu, eta batez ere, herritarron gero eta parte hartze handiagoa ahalbidetu, gure bizitzetara hobeto egokitzen dira.

Era berean, iruditzen zaigu, egoeraren larritasuna aintzat hartuz, gure erakunde publikoek akordio politikoak eta lankidetza handiagoa sustatu beharko lituzketela alor ezberdinetako eragileekin. Krisiari herri gisa erantzuteko ezintasunak erakutsi du zein premiazkoa den gobernantza eredu demokratikoago baterantz urratsak egitea eta herri perspektiba eta izaera indartzea.

Ezbairik gabe, krisialdi honek oinarrian duen gabezia nagusietako bat da erabakitzeko ahalmen falta; horregatik, erabakiak hemen eta herritarrok hartzeko premia biderkatu du eta baita gure determinazioa hori lortzeko bidean. Zazpi urte ez baitira alferrik igaro. Erabakitzeko eskubidearen gaia gatazkagai izatetik agenda politikoaren erdigunean kokatzea lortu dugu herritarrok, gizarte zatitu bat ehunduz, burujabetzan sakonduz eta ekintza kolektiboan indarra jarriz. Eta hara non, lortu dugu erabakitzeko tresna geureganatu eta erabiltzen hastea, edota 175.000 lagun giza-kate batean mobilizatu eta EAEko estatus berriaren oinarrien inguruko adostasunetan eragitea. Ez dugu kasualitateetan sinisten, ziurgabetasun garaietan ere, aukerak guk geuk sortzea baino ziurtasun handiagorik ez baitago.

Beste etorkizun bat posible dela sinetsi dugu, eta etorkizun hori, herri hori, elkarrekin erabakiz eraiki nahi dugu. Krisialdi honek erakutsi dizkigun atzerapausoen aurrean, guk diogu gure bidean ez dugula pauso bakar bat ere atzera egingo; alderantziz, bide berriak urratzeko prest gaude.

Erabakitzeko eskubidea modu eraginkorrean legeztatzeko legealdia izan behar da datorrena. Askotan errepikatu dugu bide honetan denok dugula gure tokia eta norberak bakarrik bete dezakeela berea: herritar, eragile zein erakundeek. Euskal Autonomia Erkidegoan uztailaren 12an izango diren hauteskundeen atarian, gogora ekarri nahi dugu hamaika mobilizaziotan parte hartu dugun milaka eta milaka herritarron aldarria: estatus politiko berri bat behar dugu, erabakitzeko eskubidea izango duena ardatz, eta herritarrok prozesuaren oinarri. Alegia, erabakitzeko eskubidea gauzatzeko modua jaso behar du Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan gai honen inguruan adostu beharreko proposamenak, eta horren baitan, estatus juridiko-politikoa erreferendum bidez erabakitzeko aukera. Horretarako, herri perspektiba, borondate politikoa eta akordio zabalak ezinbestekoak ditugu. Aukera historiko hau galtzea akats larria litzateke.

Alderdiek ezin diete bizkarra eman herritarren gehiengoaren nahiari, ezta beraien boz-emaileei ere. Herritarren ordezkariek gizarteari entzunda jardun behar dute eta, beraz, erabakitzeko eskubidearen alde dagoen adostasun zabala lege bihurtzea dagokie, betiere herritarron parte hartzea bermatuz prozesuan zehar. Elkarlanerako prest, guk gure eskua luzatu nahi diegu, eta udazkenean alderdi guztiekin bilera erronda bat egiteko prestutasuna adierazi nahi dugu; orain artean erantzunik jaso ez dugun haiei ere berriz ere elkarrizketarako gonbita eginez.

Erreferendumaren tresna behar dugu hemen eta herritarrok erabakitzeko, estatus politikoaz nahiz gai guztien inguruan. Aldarri honen aldeko jarrera nagusia ikustaraztea helburu, atxikimendu eta konpromiso pilaketa masiboa abiatuko du Gure Eskuk udazkenean, sinadura bilketa baten bidez, Hamaika Gara egitasmoaren sustatzaile diren gainerako eragileekin elkarlanean. Gu, herritarrok, bidea egiteko prest gauden moduan, gure artean eskua luzatuz, elkartuz, eta antolatuz, ordezkari politikoei ere eskatzen diegu arduraz jokatu dezaten eta posible egin dezaten erabakitzeko eskubidea legeztatzeko legealdia izatea udazkenean abiatuko dutena. Ildo beretik, agerraldi honen bidez eskatu nahi diegu herritarroi publikoki azaltzea zein asmo eta konpromiso zehatz hartzen dituzten gai honen inguruan datozen hauteskundeei begira.

Gure konpromisoak tinko dirau: aurrera egingo dugu gure etorkizuna erabaki eta burujabe izan arte.

 

 

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu, erabiltzaileei ahalik eta zerbitzurik onena eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie-ak onartzeko baimena emango duzu eta cookie-en politika onartuko duzu. Sakatu esteka, informazio gehiagorako ACEPTAR
Aviso de cookies