“Gure herrien borondate demokratikoa errespetatzea exijitzen dugu”

430 kilometro daude Jaizkibeletik (Gipuzkoa) Cap de Creusera (Girona). Atlantikoaren gainean dago bata, eta Mediterraneoaren ertzean bestea. Pirinioek batzen dituzte, eta larunbata iluntzean, mendikatea gurutzatu duen argi-lerro erraldoi bat osatu dute milaka eta milaka katalan eta euskal herritarrek, 40 kilometrotara eta 360º’-tan ikus zitezkeen farol bereziak eta linternak erabiliz. Euskal Herriko eta Kataluniako entitate sozialek elkarlanean antolatutako lehen mobilizazio herritarra izan da Pirinioetako Bidea. Gure Esku, ANC Assemblea Nacional Catalana, Omnium Cultural, Artistes per la República eta FEEC Federació d’Entitats Excursionistes de Catalunyak sustatu dute, eta epe luzerako elkarlan baten abiapuntua dela ziurtatu dute.

“Euskal Herriko eta Kataluniako indarrak bilduta, Pirinio osoa argiztatzeko gai izan gara, eta elkarlanean eta indarrak batzen jarraitzen badugu, gure helburuetan aurrera egiteko gai izango gara”, adierazi du Amalur Alvarez Gure Eskuren bozeramaileak Guils-Fontanera eski nordikoko estazioan (Guils de Cerdanya, Herrialde Katalanak) egin duten ekitaldi politikoan. “Euskaldunak eta katalanak jendearen ahalmena erakusten ari gara. Pirinioetako gailurretan dagoen argi bakoitza gure herrien burujabetza eta askatasunaren bidea argiztatzen duen izar bat” izan da, Alvarezen hitzetan. ANCko lehendakari Dolors Feliuk ere hartu du hitza: “Europan inoiz proiektatu den izaera politikoko ekintza artistikorik handiena da. Aktibismoa eta sorkuntza artistikoa elkarri lotuta, oroimenean iraungo duen ekintza, kontakizun poetiko eta politikoa”.

Ekintza ikusgarri honekin, nazioarteko komunitatearen arreta bereganatu nahi izan dute herrien autodeterminazio eskubidearen alde. “Katalunian eta Euskal Herrian burujabetza osoa nahi dugu, gure etorkizuna askatasunez erabaki eta eraiki nahi dugu”, azaldu du Feliuk. Alvarezek, berriz, “herrien borondate demokratikoa errespetatzea” exijitzen dutela esan du, eta Pirinioetako Bideak “mugen ikuspegi demokratikoa” ere aldarrikatzen duela erantsi du: “Mugak demokratikoki erabaki behar dira, botoen bidez, eta ez inposizio, indarkeria edo gerraren bidez”. Feliuk salatu duenez, Espainiako Estatuak “errepresioa eta bide antidemokratikoak erabiltzen ditu herritarren borondate demokratikoa gauzatzea oztopatzeko, eta eskubide zibil, politiko, ekonomiko eta kulturalak urratzen ditu”.

Pirinioetako Bidearen antolatzaileek argi utzi nahi izan dute ekintza “lorpen izugarria” izan bada ere, bidea urratzen jarraitu beharko dutela partekatzen dituzten helburuak erdietsi arte. Amalur Alvarez: “Gure herrientzat etorkizun aske eta burujabe bat lortu arte ez dugu atsedenik hartuko. Gogoko helburuan, aldaparik ez”.

 

🎥 Saio berezia

📸 Argazkiak

Egizu posible, egin zaitez bazkide!

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu, erabiltzaileei ahalik eta zerbitzurik onena eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie-ak onartzeko baimena emango duzu eta cookie-en politika onartuko duzu. Sakatu esteka, informazio gehiagorako ACEPTAR
Aviso de cookies