Krisien aurrean, burujabetzan sakondu eta erreferendumaren aldeko sinadurak biltzeko deia

Ia zazpi hilabete dira birus batek gure bizitza hankaz gora jarri zuenetik. Osasun krisiak gelditzera eraman gintuen, eta hark azaleratu zituen krisi sozialak eta ekonomikoak zer hausnartu eman digute. Ondorioztatu dugu bizi dugun egoeraren aurrean hamaika arrazoi gehiago pilatu ditugula burujabetzan sakontzeko bidea egiteko. Ezbairik gabe, osasuna, langabezia, zaintza edo hezkuntza dira, gaur gaurkoz, denon ardura eta kezka nagusiak, baina uste dugu horiei guztiei behar bezala erantzun ahal izateko, erabakimen handiagoa behar dugula herritarrok, eta honenbestez, martxoaren hasieran aurkeztu genuenean baino are premiazkoagoa dela orain Hamaika Gara ekimena. Gauzak horrela, egitasmoaren sustatzaile garen eragileok erreferendumaren aldeko sinadura bilketari berrekitea erabaki dugu.

Esan bezala, burujabetzan sakontzeko bidea egiteko hamaika arrazoi gehiago pilatu ditugu. Osasun krisiaren kudeaketak agerian utzi du zein ahula den gure herriaren autogobernua, zein erraz ken diezazkiguketen Madrildik eta Paristik gure eskumen mugatuak. Areago, herritarrok hautatutako lehendakariak ere inhabilita ditzakete, Quim Torra presidentearekin egin duten bezala. Herritarrekiko errespetu falta handia iruditzen zaigu organo administratibo batek legebiltzarrak izendatutako lehendakari bat inhabilitatzea, zeresanik ez, zein arrazoi eman den ikusita. Espainiako Estatuaren defizit demokratikoaren beste adibide bat da.

Osasun krisiaren kudeaketari lotuta, estatuek neurri zentralizatzaileak ezartzeko erabili dute, eta sinestarazi nahi izan digute egoera larrienei erantzuteko egokienak gobernu zentralak direla. Guk uste dugu ez dela horrela; uste dugu bizi dugun krisia globala bada ere, honi erantzuteko hamaika modu daudela, nazioartera begira frogatu dezakegunez, eta guk, gure errealitateari hoberen egokituko zaizkion erantzunak eman behar dizkiogula. Jakina, horretarako baliabideen kudeaketa ere gure esku behar dugu. Esaterako, berreraikuntzarako Europako funtsak zertara bideratu non eta nork erabakiko du? Tokian tokiko erabakiak behar ditugu: hemen erabaki behar dugu.

Era berean, krisiari herri perspektiba batekin erantzuteko ezintasunak erakutsi du zein premiazkoa den gobernantza eredu demokratikoago baterantz urratsak egitea. Iruditzen zaigu, egoeraren larritasuna aintzat hartuz, gure erakunde publikoek akordio politiko zabalagoak bilatu beharko lituzketela eta alor ezberdinetako eragileekin lankidetza estuagoa sustatu beharko luketela. Birusaren kutsatzeak saihesteko, herritarroi erantzukizunez jokatzeko eskatu digute, eta dei horrekin bat bagatoz ere, uste dugu erantzukizunarekin batera erabakimena ere aitortu behar zaigula. Aurrean ditugun erronkei guztion artean erantzun behar diegu: herritarrok ere erabakitzeko ahalmena behar dugu. Ekainean Euskal Herri osoko herrietako plazetan aldarrikatu genuen leloari eusten diogu: hemen erabaki, herritarrok erabaki. Horixe nahi eta behar dugu. Zentzu horretan, herri honetako eragile eta erakundeekin eskuz esku lan egiteko prestutasuna berresten dugu.

Ez da zer gertatuko zain geratzeko unea, eskubideak defendatu eta zabaltzearen alde egiteko unea hauxe da. Eta aukerak badaude. Erabakitzeko eskubidea modu eraginkorrean legeztatzeko legealdia izan behar da datorrena. Argi esango dugu: estatus politiko berriak erabakitzeko eskubidea izan behar du ardatz, eta herritarrok prozesuaren oinarri. Gizartean erabakitzearen alde dagoen adostasun zabala lege bilakatzea dagokie alderdi politikoei. Aukera historiko hau galtzea akats larria litzateke.

Beste herri batzuk ere erabakitzeko bidea egiten ari dira. Eskozian, Lehen Ministroak erreferendumerako lege egitasmoa hitz eman du 2021. urte hasierarako, eta Brexit-ak eta Londresen osasun krisiaren kudeaketak eragindako desadostasunak tarteko, eskoziarren babes zabala lortzen ari da. Frantziako Estatuan, kanak herriak -Kaledonia Berria- bere etorkizuna erreferendum bidez erabakiko du igande honetan bertan, bigarren aldiz. Espainiako Estatuan, berriz, 78ko eredua agortzen ari denaren zantzu nabarmenak erakusten ari da, eta Estatuko herrion arteko aliantzak indartzen ari dira maila politiko eta sindikalean, baita gizarte eragileon artean ere: elkartasunetik elkarlanera jauzia egiten ari gara.

Euskal Herrian ere, gure etorkizuna libre erabaki nahi dugunok asko eta anitzak gara, eta indarrak batzen ari gara. Alor anitzetako 24 eragile gara Hamaika Gara ekimenaren sustatzaile; tokian-tokiko talde eta herritarrak ere gurekin bat egiten ari dira, eta elkarlanerako atea zabal-zabalik dugu bidea gurekin egin nahi duen ororentzat. Zeregin honetan jarraituko dugu sutsu eta sinestuta, erabakitzeko eskubidearen aldekoak asko eta anitzak garela irudikatu asmoz. Guztiona dena guztiontzat zabalik egon behar da.

Ikusarazi nahi dugu herritarron gehiengoa erreferendumak legeztatzearen aldekoa dela, eta gehiengo hori burujabetzarako prozesuan inplikatu nahi dugu. Badakigu soilik inplikazio hori lortzeko gai bagara izango garela eragiteko eta urrats berriak egiteko gai. Horregatik, erronka bat bota nahi diogu euskal gizarteari: baietz denon artean Euskal Herrian inoiz egin den sinadura bilketa handiena bilakatu erreferendumaren aldeko hau?

Gaur berrekin diogu sinadura bilketaren kanpainari, batez ere, digitalki, hamaikagara.eus webgunearen bidez, eta ekainean amaituko dugu. Sinadura bilketak oinarri duen manifestuan, sinatzaileek burujabetzarako bidean euren “borondatea eta konpromisoa” adieraziko dute. Eta, era berean, “erreferendumak egiteko ahalmena beren gain hartu, arautu eta garatzeko” eskaerak egingo dizkiete Eusko Legebiltzarrari edo Nafarroako Parlamentuari, tokian toki hala erabakita. Argi utzi behar dugu, sinadura bilketa amaitu ostean arduraz jokatuko dugula, herritarron borondateari modu eraginkor batean bide eman diezaieten elkarlanerako eskuak zabalik eta, era berean, gure bidean aurrera egiteko determinazio osoz.

Eta aurrez esan bezala, Hamaika Gara ekimenaren lehen mugarri handia ere iragarriko dugu gaur. Urriaren 31n, ekitaldi politiko eta kultural bat eskainiko dugu arratsaldeko 18:00etan. Bi eratara ikusi ahalko da: hamaikagara.eus webgunearen bidez eta Euskal Herri osoko herri askotan antolatuko ditugun zuzeneko proiekzioetan. Osasun krisia dela-eta, ezin gara jendetza elkartu toki berean, baina emanaldiak herriz-herri antolatuz eta segurtasun neurriak fin hartuta, saioaz herrikideekin batera gozatzeko aukera izango dugu, une berean, Euskal Herri osoan zehar. Ohorea izango da guretzat emanaldia Durangoko Plateruenatik eskaintzea, eta eskerrak eman nahi dizkiegu antzokiko kideei ateak ixtear dauden honetan gure mezua bertatik zabaltzeko aukera eman izanagatik. Altxa! izenpetu dugu ikuskizuna, Hamaika Gara ekimenaren leloari -‘Altxa, sinatu, erabaki’- erreferentzia eginez. Bulkada berri bat eman nahi diogu ekimenari, eta sustatzaile garen eragileokin batera, hainbat kulturgilek parte hartuko dute: Erika Olaizola, Iraia Elias eta Laura Penagos aktoreek, Amets Arzallus bertsolariak, eta Eñaut Elorrieta eta Dupla taldeko musikariek. Amancay Gaztañaga da zuzendaria eta Gotzon Barandiaran gidoilaria.

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu, erabiltzaileei ahalik eta zerbitzurik onena eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie-ak onartzeko baimena emango duzu eta cookie-en politika onartuko duzu. Sakatu esteka, informazio gehiagorako ACEPTAR
Aviso de cookies